579 Zenbakia 2011-05-20 / 2011-05-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zuberoan barrena: Altzürükü eta Urdiñarbe

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Zein ederra den Euskal Herria, eta zenbat txoko eskaintzen dizkigun gure gozamenerako! Guztietatik bat hautatzea zaila denez, poliki–poliki bazter ezberdinak ezagutzen goaz, eta gaurko honetan, Zuberoa hautatu dugu bisitalditxoa egiteko. Urdiñarbeko San Migel Eliza eta Arangorena ibaia. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)

Mauletik zazpi kilometro ingurura hasiko dugu oraingoan txangoa, Urdiñarben, hain zuzen. Donejakue bidean dagoenez, erromesak hartzeko toki bezala ezaguna izan da mendeetan zehar, eta Orreagaren agindupean egon zen XII. mendetik aurrera. Hala, Santiagorantz zihoan jende ugarirentzako pasabide izan dugu Urdiñarbe.

Antzinako gotorleku baten aztarna zaharrak ere badaude Urdiñarben. Fortearen zantzuak ez ditugu herrian bertan aurkituko, Ullumendi edo Gaztelüzarren deituriko muino batean baitaude; finean, eraikinaren xedea udalerria bera babestea baitzen. Hala, bertara joan gura badugu Urdiñarbetik ordu eta laurden inguruko osteratxoa edukiko dugu, eta ez da aukera txarra, bertatik dauden ikuspegiekin gozatzeko aukera polita izango baitugu horrela.

Baina, ezin gara joan udalerrian bertan ikus ditzakegun beste toki batzuk bisitatu gabe: besteen artean, Erdi Aroko hainbat etxebizitza, estilo erromanikoko San Migel eliza edota Ahetzia gaztelua ditugu zain. Urrutia gaztelua, Altzürükün. Altzürüküra bidean

Atzean utziko dugu Jean Mixel Bedaxagar musikariaren herria eta sei kilometrotara dagoen gure bigarren jomugara abiatuko gara.

Altzürüküz hitz egiterakoan, polita da pentsatzea noiztik ezagutzen duen ingurune hori gizakiak: goi–paleolitikoko pintura batzuen aurkikuntza eman zen 1950. urtean Xaxixiloaga kobazuloan! Bisonte biren labar–pinturak daude irudikatuta orduko artisten abileziarekin, eta egun, monumentu izendapena daukate pintura horiek.

Bestalde, San Martin elizaraino urreratu gaitezke; muinotxo batean altxaturik, eta hilerria inguruan duela, toki bitxi eta polita bilakatzen da bisitariarentzako. Baina gainera, Altzürükük XVI. mendeko gaztelu bat ere badauka, hain zuzen Urrutia deiturikoa; egun, udaletxe funtzioak betetzen ditu.

Gaurko bisitaldia amaitu aurretik, gogoan hartu edozein bazter harribitxi bilaka dezakegula, begiratzea eta balioestea besterik ez dugu egin behar. Animatu deskubritzera!

Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com