581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: D-Tox, punk-rock patatero doinuak Arabatik

EUSKONEWS GAZTEA

Argazkiak: D-Tox



Araba aldera egin eta D–Tox izeneko taldea ezagutu dugu. Lau taldekidez osatua, punk-rock doinuak sortzen dituzte, eta Euskonews Gaztearen leihotxo honetara ekartzen dugu taldea, gertuagotik ezagutu asmoz.

D–Tox da zuen izena. Eta zein da baina, zuen izana? Hasteko, esan behar dugu izenaren jatorriak ez duela inongo berezitasunik, entseguak egiten hasi eta bi hilabetera taldeari izena jarri behar geniola kontsideratu genuen, horretarako “brain storming” bat egin eta zerrenda luze batetik D–TOX izena aukeratu genuen . Handik Distorsi?n T?xica atera zen, esanahi bat ematearren. Badakigu D–TOX Silvester Staloneren film bat dela eta ingelesez desintoxikazio esan nahi duela, baina ez genituen arrazoi horiek kontuan izan!

Taldea lau lagunek osatzen dugu: Iñigo baxua, Yowi gitarra, Mago bateria eta Gindi ahotsa eta gitarra. Iñigo eta Gindi nerabeak zirenetik dabiltza punk–rock talde berean jotzen, pare bat proiektu burutu ostean Mago (txikitatik lagun zutena) eta Yowirekin(Gindiren lehengusua) bildu eta egitasmo berri honekin hastea erabaki genuen, izan ere, guztiok ditugu gogoko talde berdintsuak.

Zuen buruak aurkeztuta, esan, zuen musika entzunez gero, zer nolako gaiekin egingo dugu topo? Gure abestietan hainbat gai garatzen ditugu, betiere kritika soziala eginez, nahiz eta badiren abesti bero eta umoretsuak. Letrak egiteko momentuan, gorrotoa sorrarazten dizkiguten gizarte gaiak lantzen ditugu, hala nola telebista, eliza, dispertsioa eta ilegalizazioak, sistema politiko ustela, lan baldintza traketsak, zentzurik gabeko gudak, musikaren egoera tamalgarria...

Aipatzekoa da, “Sacamantecas” izeneko Arabako hiltzaile historiko bati eskainitako abestia , izan ere, lau taldekideok Arabako lautadakoak gaituzue eta gure herritarren memoria defendatzen dugu! (barre). Eta nola ez ahotan hartu gure euskarazko lehen abestia: TX.E.M.A.(txortan egiteko moduko ama), izenak azaltzen du gaia.

Taldea 2009an sortu zenuten. Urte bi hauetan zehar, zer nolako bilakaera nabaritu duzue? Taldeko gehienak gasteiztarrak bagara ere (Yowi Araiako bizilaguna baita), talde bezala Araiako Gaztetxean eta Asparrenako (Arabar lautadako ekialdeko udalerria) herrietan hazi ginen talde moduan. Bertako biztanleak izan dira aukera gehien eman dizkigutenak eta haiei zor diegu orain arte egindako gehiena.

Lehen maketa 2010eko maiatzean grabatu ondoren, estatu mailan aipagarri diren Reincidentes eta El Ultimo Ke Zierre bezalako taldeekin kontzertu pare bat egin ditugu, baina batez ere lautadako herrietan jotzen igaro ditugu urte hauek.

Normalean musika taldeek beste batzuk jarraitu eta txikia bada ere, haien eragina nabaritu ohi dute? Txikitatik entzun ditugu Euskal Herriko punk eta rock taldeak eta hauek dira gugan eragin gehien izan dutenak. Arabako taldeak dira batez ere gure gustukoak, esate baterako, Segismundo Toxicomano, Cicatriz, Kaos Etiliko, La Polla Records edo Salvate Si Puedes. Hala ere, talde kanpotarrak ere izan ditugu erreferentzia gisa, adibidez Nofx eta Rancid.

?Punk is dead? esan ohi zuten garai batean, baina Euskal Herrian estilo honekiko kultura handia dela ezin dugu ukatu. Punka ez da inoiz hilko! Ez behintzat gizarte honek orain daraman bidetik jarraitzen badu. Gure barruan dugun amorrua ateratzeko bidea da; punka egiten dugunok ez gara 70 eta 80ko hamarkadetan bizi, gaur egunean bizi gara, eta egun dauden arazoak dira gorroto hau pizten digutenak.

Euskal Herrian gainera punk–rockaren kultura oso handia da, ez da berdina Arabako punka, Bizkaiko punka edota Gipuzkoa eta Nafarroako punka. Eta noski, ezin dira parekatu herrietako eta hirietako punka. Beraz, nahiz eta eboluzio ezberdinak izan, punk kultura beti egongo da gure artean.

Oro har, nola ikusten duzue euskal musikaren eszena? Gogoan dugu lagun jakintsu batek esandako hitzak “Gaztea eta euskalduna izatea, Euskadi Gaztea entzutea bada... nahiago dut Gibraltarko zaharra izan”. (barre)

Azken urteotan batez ere “patxangeo” eta “reggaetona” dira gazteek gogokoen dituzten estiloak, taberna guztietan eta irratietan ez da beste gauzarik entzuten, baita herriko jaietan ere. Gure ustez egoera hau tamalgarria da, letra merkeak, mezu zentzugabeak eta erritmo itsaskorrak dira gazteon burmuinen minbizia.

Taula gainera igotzerakoan, zer da talde batentzako garrantzitsuena? Gogoz aritzea!! Hori,eta sentimendua eta gorrotoa adieraztea. Letrak sinetsi behar dira eta erritmoak sentitu. Publikoaren onarpena jasotzeko norberak ahal duen guztia eman behar du.

Ezin dugu aipatu barik utzi musika kontsumitzeko moduak. Zeuek esaterako, maketa sarean zintzilikatu duzue. Gure maketa sarera igo genuen CD formatuan ateratako 200 kopiak berehala bukatu zirelako! (barre)

Hala ere, guztiok dakigu internet geroa dela; CDak ateratzea nahiko sinbolikoa bihurtu da, eta aldiz, abestiak interneten edonork jaitsi ahal izateko eskegitzeak jende askoren belarrietara heldu ahal izatea baimentzen du.

Baditu hala ere bere gaitzak, izan ere sarean musika guztia baldin badago konpainia telefonikoak aberastuko ditugu, eta nahikoa diru dute horiek jada!

Bide batez, hau da gure maketa deskargatzeko link–a: http://www.megaupload.com/?d=PRBW4PR8

Musikari eta erabiltzaileoi eragiten diguten beste bi kontu: SGAE eta Sinde legea. Ulertzen dugu musikaz edo filmak egiteaz bizi nahi duten artistek beraien eskubideak aldarrikatzea, baina Sinde legea ez da bidea, honek bakarrik industria eta “artista” indartsuenak babesten baititu.

Sinde legea irten baino lehen, ikus–entzunezko industriak egindako salaketa guztiak (web orrialdeetan deskarga link–ak jartzeagatik, adibidez) ezerezean gelditzen ziren botere judizialak deuseztatzen baitzituen. Beraz, zein zen gobernuarentzat irtenbide errazena? Botere judiziala aparte utzi eta salaketa prozesuak gobernuak erabakitako komisio baten eskuetan uztea. Komisio hauek gainera industria eta enpresarien (SGAE, ikus–entzunezko enpresa kanpotarrak...) presiopean daude.

Ondorioz, denok gure buruari egin beharreko galdera hauxe da: gure adierazpen askatasuna mugatu, botere judiziala deuseztatu eta industriari mesede egiten dion gobernu batez fidatu beharko ginateke?

Bola magikoa aterata, nola ikusten duzue D–Toxen etorkizuna? Gure helmuga, printzipioz ahal dugun arte kaña ematen egotea da eta gero gerokoak. Epe laburrera dugun proiektu nagusia, gure lehenengo diskoa grabatzea da, espero dugu uda honetan garatu, eta udazkenerako kalean egotea.

Amaitzeko, zeuen herrietako jaiak animatu nahi badituzue ez pentsatu birritan eta gaitzazue! Berbenetan baino hobe pasako duzue eta ! Aupa punk patateroa! Eta jarrai gaitzazue Facebook,Tuenti edo Myspacen:

http://www.myspace.com/ dtoxdistorsiontoxica