582 Zenbakia 2011-06-10 / 2011-06-17

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ainhoa Garai. (Aktorea): Sexualitateak tabua izaten jarraitzen du

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Testua eta argazkiak

Zarautzen egin dugu hitzordua, bertan bizi baita Ainhoa 17 urte dituenetik. Itsaso paretik aurrera egiten dugu, eguzkipean uda–giroko egun batetan, terrazatxo batetan zerbait hartzeko gogoz. Bi helburu ditugu, beroari aurre egin eta lasai asko hizketaldia eduki; aurrenekoa kenduta, bigarrenari heldu diogu, gustura eta presarik gabe, antzezten hasi zenetik gaur arteko esperientziari buruz mintzatuz. Hori eta sexualitatea moduko tabuen gaineko erreferentzia topatuko duzu segidan, gurekin bidaiatzera animatzen bazara.

Hamazazpi urte zenituen aktore moduan aurreneko lana egiteko aukera iritsi zitzaizunean.

Gaztetxoa nintzen! Nire bizitzako aurreneko proba orduan egin nuen, Hasiberriak telesailerako. Fase ezberdinak zituen eta denak pasatu behar ziren; aurrena elkarrizketatxo bat egiten zizuten, ondoren argazki batzuk atera eta segidan benetako castinga zetorren. Oroitzen dut ez nintzela azken probara iritsi, baina halere mundu honekin aurreneko kontaktua edukitzeko baliagarria suertatu zitzaidan, eta noski, urduritasun handiz bizi izan nuen!

Halere, Goenkalekoak ekoizle berdinak ziren eta nire erreferentzia bazutenez, deitu egin ninduten, eta orduan bai, orduan nire aurreneko castinga egin nuen. Oso gaizki pasatu nuen, baina nire ezusterako paper bat eman zidaten!

Eta hobeto eramaten dituzu orain castingak?

Ez pentsa gaur egun lasaiago joaten naizenik. Niretzako castingak izugarriak izaten dira, epaitua sentitzen naiz eta sentsazio arraroa edukitzen dut; horregatik iruditzen zait ez naizela sekula ohituko! (barre)

Halere, egia da geroz eta proba gehiago egin, eskarmentua ere handitzen doala eta esan dezaket jarrera zehatz bat mantentzen dudala eta akaso lasaixeago joaten naizela, baina beti ere deserosotasun puntu batekin!

Goenkalen hasi aurretik, zer egiten zuen Ainhoa gazteak?

Arrasaten ez nuen antzerkia ikasteko aukerarik eduki. Musika ikasten nuen, hain zuzen, piano, trikitixa, pandero eta danbor eskolak hartu ditut. Gainera Arrasateko trikitixa eskolakoekin herriko jaietan irteten nintzen... Nahiko saltseroa izan naiz beti!

Aktorea bai, baina zuri entzuna dizut, oso garrantzitsua dela ikasketak edukitzea.

Zalantza barik! Gurea moduko lanbide batetan gainera, gorabehera handiak egoten dira lan aukerei dagokienez, eta argi daukat bestalde, ezin izango naizela beti honetan jardun eta beraz, dagoen bitartean aprobetxatu behar dut.

Aktoreona ez da lanbide egonkorra, dakizuen bezala. Urte batetan izugarrizko arrakasta eduki dezakezu eta ondorengo bietan inork ez deitzea gerta liteke. Hori jakinda, beti izan dut argi —eta etxean ere hori barneratu didate— bestelako ikasketak ere funtsezkoak direla, lanbide honetan aurrera egin ezin badut, beste nonbaitetik bizi ahal izateko.

Neure kasuan esaterako, urte eta erdiz abokatu bulego batetan egin nuen lan auto–istripu auziak eramaten; bestalde, oposaketak egin nahi zituzten pertsonei arlo juridikoko gaiak prestatzen laguntzen nien akademia batetan; eta orain Zarautzeko surf elkartean administrazio lanak egiten ditut.

Ez zait geldirik egotea gustatzen, eta ahal dudan heinean beti edukitzen dut zer egin! Gainera, ongi dago gustuko duzuna egitea, baina sostengu bezala beste zerbaitetan jardutea garrantzitsua da.

Eta aktore izateko ere trebatu egin al zara?

Beti esaten dut niretzako eskolarik onena Goenkale izan zela; egunean kapitulu bat grabatzen denez, sekulako erritmo azkarra eramaten da eta ondorioz, inoiz antzezle moduan ezer egin gabe iristen denak pilo bat ikasten du.

Eta telesail hartan nenbilela, Donostiako Zurriola ikastolako Antzerki Eskolan hasi nintzen Joxerra Fatxado irakasle nuela. Ondoren, Arte Eszenikoen Tailerrean (AET) eman nuen izena, nolabait Euskal Herrian daukagun eskolarik serioena dela esango nuke, eta hiru urtetan zehar arratsaldero joaten nintzen bertara. Bestelako ikastaroak ere egin ditut, izan ere, garrantzitsua da ahal duzun eta gehiena ikastea hobetzen joateko.

Telebista eta antzerkia ondo ezagutzen dituzu, desberdintasunik topatuko zenizkien, ezta?

Telebistak ospea ematen dizu, jende askorengana iristea ahalbidetzen duen medioa baita. Bestalde, lan egiteko moduari dagokionez, ?errazagoa? dela esango nuke, hau da, zerbait gaizki irteten bada, moztu eta berriro grabatzen hasteko aukera daukazu,behin eta berriz.

Antzerkian jarduteak ez dauka zerikusirik. Telebistan ez bezala, emaitza momentuan ikusten duzu, publikoarekin hartu–eman ikaragarria dago, oker bat eginez gero irteten jakin behar duzu...

Baginaren Bakarrizketak obrarekin zabiltza orain eta XXI. mendean bizi arren, batzuentzako tabua dela ematen duen gaiarekin, arrakasta daukazue!

Ezagutzen nuen obra aurretik, eta paper bat eskaintzeko deitu nindutenean, alde batetik pentsatu nuen ez zela antzezteko gai erraz bat, eta gainera ez nekien jendeak nola erantzungo zuen. Baina azkenean lan bat da, eta oso pozik eta gustura iritsi zitzaidan aukera honekin.

Egia da gainera, oraindik gai hau tratatzera ere ez gaudela oso ohituta euskaldunok. Uste dugu baietz, baina errealitatean ez da horrela! Ez dugu sexualitateari buruz apenas hitz egiten, tabua izaten jarraitzen du oraindik zenbait tokitan. Eta gainera, emakumearen sexualitateaz are gutxiago egiten da berba. Nik uste dut garaia ere badela pausu bat haratago joateko.

Gainera, obra bera, 1996an idatzi zuen Eve Ensler. Bada ordua lotsak alboratzeko!

Hori da! Eve Ensler feminista da, eta lagunarteko solasaldi batetan dauka obrak jatorria. Berak galderak egin eta lagun bakoitzak bere baginarekin izandako esperientziak kontatu zizkion; pixkanaka elkarrizketak zabaltzen joan eta berrehundik gora emakumerekin mintzatu zen Ensler, eta esperientzia horietan oinarritutako bakarrizketak jasotzen dira obra honetan. Oso lan interesgarria da niretzako, batez ere, errealitatean oinarrituta dagoelako.

Eta ordua da, diozun moduan, naturaltasunez hitz egiten hasteko. Gauza batzuetarako oso modernoak gara, baina sexualitateaz hitz egiteko oraindik ez ditugu lotsak edo aurreiritziak galdu. Eta publikoan nabari da hori; gu zuzen hitz egiten hasten gara, baginak gora eta baginak behera, eta urduritasun barre batzuk entzuten dira hasieran; baina antzezlanak aurrera egin ahala beste modu batean hartzen dute mezua.

Orduan, publiko artean emakumezkoak nagusi, imajinatzen dut.

Bai neska! Ez dakit zergatik, badirudi ?bagina? hitzak zuzenean emakumeentzako obra esan nahi duela. Ez al dute gizonezkoek disfrutatzen? Ez al dira nonbaitetik jaio? Gainera, zer ikusi eta zer ikasi badute gai inguruan. Eta nahiz eta emakumeak izan nagusi, aretoetan gizonezkoak ere ikusten ditugu, eta pozgarria da!

Paperak naturaltasunez interpretatzen dituzu, baina lotsabakoa al zara?

Oso lotsatia naiz! (barre) Jendeak beti esaten dit, aktorea izanda ezin dudala lotsatia izan. Baina gauza bat da pertsonaia bat interpretatzea, eta beste bat ni neu izatea; eta eguneroko bizitzan, oso lotsatia naiz!

Halere, eszenatoki batetara igotzerakoan, beste pertsona baten barruan sartzea bezala da, eta ez naiz ni. Ez dauka zerikusirik kaleko Ainhoak edota taula gainekoak!

Eta zer da zailagoa zuretzako, barre ala negar eragitea?

Bi gauzak dira zailak, baina gaur egun zailagoa da barre eragitea negar eginaraztea baino. Asko eragiten du norberaren egoerak, testuinguruak... Eta denok dakigu nola dagoen gizartea bera...

Krisian! Horren harira, suposatzen dut zuek ere nabarituko zenutela.

Izugarri. Kulturak segituan nabaritzen du normalean krisia, eta antzerkian ere, berdin. Ez da ia obrarik produzitzen, eta euskaraz zer esanik ez; oso gutxi dago, eta jendea bertaratzen dela ikusteak animatzen gaitu aktoreok. Egia da Baginaren Bakarrizketak lanarekin nahikoa zorte ona eduki dugula; jendeak bikain erantzun du eta emanaldi ugari atera zaizkigu.

Bestalde, krisia dela eta kulturan murrizketak egin barik, uste dut bultzada eman beharko litzaiokeela. Eta horrez gainera, euskarazko produktu gehiago ere ekoitzi beharko lirateke, dela antzerkian, zinean... Gure kulturaren mesederako izango litzateke, eta bultzada eman barik murrizketak badaude, gure kulturaren osasun txarra adieraziko luke.

Etorkizunari begiratuta, zertan ikusten duzu zure burua?

Azarora bitartean topera ibiliko gara Baginaren Bakarrizketak lanarekin, eta gero, ikusiko dut. Surf elkartean ere banabil, baita Irakasle ikasketekin zentratuta ere eta asteburutan antzerki saio bat badugu, primeran!

Bestalde, momentu honetan antzerkia da gehien asetzen nauen arloa. Egia da ez dudala zinema probatu; beno Sabino Aranari buruzko tv–movie batetan papertxo bat eskuratu dut, baina hori da guzia. Beste aukera bat edukiko banu, animatuko nintzateke probatzera. Zergatik ez, datorren lan guztia ongietorria baita!

Eta amesten jarrita, zein rol interpretatuko zenuke pozik?

Inoiz ez dut maltzur papera betetzeko zorterik eduki, eta egia esan, oso gustura egingo nuke! Cruella Deville edo halakoren bat... Eta zein telesailetan aritu nahiko nukeen ere badakit, Sexo en Nueva Yorkeko protagonistetako bat, pozarren interpretatuko nuke! Ainhoa Garai (Arrasate, 1983) Arrasaten jaio eta bizi izan zen Ainhoa Garai Pujana 17 urte zituenera arte eta ordutik Zarautzen dauka bizitokia. Goi mailako ikasketei dagokienez, Zuzenbidean lizentziatu zen, eta ostean, Irakasle ikasketei heldu zien. Lanean ere goiz hasi zen, 18 urtetatik uztartzen baititu ikasketak eta lana: abokatu–langela batetan aritu zen urte eta erdiz; akademia batetan ondoren; eta gaur egun Surf elkartean dihardu. Aktore moduan, 17 urterekin Goenkalen hasi eta bost urtez aritu zen bertan. Bestelako lanak ere egin ditu telebistan, Martin edota Mi querido Klikowsky telesailetan zenbait kapitulutan agertu da. Antzerkigintzari dagokionez, Lapurzuloak, Ilunpean eta Baginaren Bakarrizketak obrekin igo da taula gainera.