Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazte gara gazte?
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea
– Gazteria: iz. Gazteek osatzen duten giza taldea; gazte–multzoa – Gazte: iz. eta izond. Haurtzaroaren eta adin nagusiaren artean dagoena.
Zer da gazteria, zer da gazte izatea? Erantzun ohikoenak denborari lotuta etorriko zaizkigu; adin tarte bat, bizitzako etapa bat, bizitako garai jakin bat. Baina zehazki zein adin tarte da, zein etapa, zein garai? Nazio Batuen Erakundeari eta Osasunerako Mundu Erakundeari galdetuz gero, 10 eta 24 urte ditugun artean gara gazte. Europar Batasunaren Gazteriaren Liburu Txuriari Galdetuz gero, ordea, 15 eta 25 urte ditugun artean. Gugandik gertuago, Gazteen Euskal Legearen aurreproiektuari galdetuta 12 eta 30 urte ditugun artean gara gazte, eta Gazte Txartelari galdetuz gero 14 eta 29 urte ditugun artean. Horrenbeste zifraren artean gure burua topatzerako, zahartuko gara!
Zer da gazteria, zer da gazte izatea? Beste erantzun batek ilusio, ekimen eta sormenari buruz hitz egingo digu. Izaera ekintzailea, kritikoa, inkonformista, sortzailea edukitzea da gazte izatea. Edozein adin edukita ere? Edozein adin edukita ere. “Izpiritu gaztea” delakoa edukitzeak bermatzen du gaztetasuna kasu honetan, denborak markatutako amaierarik gabeko ezaugarria izan daitekeelarik.
Zer da gazteria, zer da gazte izatea? Iragarki publizitarioen ematen diguten erantzunaren arabera, itxura fisiko jakin bat edukitzea da gazte izatea; ile urdinik gabekoa, zimurrik gabekoa, azal leunekoa, sasoitsua. Gaztetasuna berreskuratu daitekeen ezaugarria da gainera (hainbat eta hainbat produktuk dute kontsumitzailea gaztetzeko gaitasun miragarria).
Ondo dago begi bazterretan zimurrik ez badut eta mundua aldatzeko ilusioa mantentzen badut museotan deskontuak edukiko ditudala jakitea. Edo burusoil, gizen eta zimurrez beteta, auzoko elkarte gastronomikoan arratsalde osoak musean jokatzen eta irratiko tertulia amaigabeak entzuten igarota ere, 29 urte izanda, nere gaztetasunaz era basatian gozatzen ari naizela jakiteak.
Gazteria politiketaz aritzen gara, gazteria sail eta zerbitzuetaz, gazte elkarteetaz, gazteen arazoetaz, gazteen egoeraz, gazteen kezkez, gazteen ekimenetaz, gazteentzako ekimenetaz, gazteez orokorrean. Eta aldi berean, badirudi ez dakigula gazte izatea zehazki zer den. Panorama ederra.
Ez dakit gazte garen gazte, baina argi daukat ez gaudela konforme.