Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak eta Euskara: Erabileraren GPSa
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Azken urteotan euskal herritar ugarik euskararekin duten erlazioan sarritan gure hizkuntza galtzaile irteten dela ezagun da, eta egoera kezkagarria izatera irits daitekeela dirudi maiz. Izan ere, XXI. mendean ere euskara hutsean bizitzeko aukerak ez dira beti ematen.
Ez da berria Soziolinguistika Klusterrak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Urtxintxa Eskolak mantentzen duten harremana; esparru anitzetan aritu dira batera, eta horietariko bat gazteen euskararen erabilera aztertzen jardun dutela dugu. Eta horren emaitza moduan, 2011ko ekainean Erabileraren GPSa aurkeztu dute. Berau, aurretiko lan teoriko baten uzta da, eta asmoa, gazteei eurei eta baita beraiekin harremanetan daudenei nolabaiteko gida bat eskaini nahi zaie.
Izan ere, egungo egoeraren aurrean, “eskolak gazteak euskalduntzen bazituen, belaunaldi berriek gizartea modu naturalean euskaldunduko zutela pentsatuz lan egin izan da batzuetan. Eta ondoren, esperotakoa esperotako epeetan gertatu ez denean kezka nagusitu da,” adierazi dute. Hortik abiatuta eta konponbideak bilatzeko lagungarri izango delakoan aurkeztu dute Erabileraren GPSa. GPSaren nondik norakoak
Liburuxkaren hasieran esaten den moduan, “gazteen euskararen erabileran eragiten duten faktoreak ezagutzea eta aztertzea GPS moduan ulertu daitezke”. Zergatik? Abiapuntu batetik hasten delako bidaia eta noraino iritsi nahi den ere zehaztu daitekeelako, bai eta xedeak lortzeko beharrezko denbora aurreikusi, helmugara iristeko nondik–nora jo behar den begiratu...
Hala, errealitatetik abiatuta —hots, aurreiritzietan erori gabe— gaia lantzeko erreminta izan nahi du Erabileraren GPSak. Eta oinarrian, 2007–2008an gaiari buruzko erreferentzia bilatu guran aurrera eramandako Gazteen erabileran eragiten duten faktoreen azterketa dago. “Bertan, 11 faktore bereizi ziren, eta bakoitza bere azpi–faktoreekin eta hiru mailatan antolatu ziren”, adierazi du Soziolinguistika Klusterrak.
Aurreko azterketa hartan ondorio ugari atera zituzten. Batzuk aipatzearren, gazteena gizarte fenomeno konplexua dela eta bakoitzak testuinguru ezberdin bat bizi duela ikusi zuten; eta gainera, hizkuntza erabilerarako hiru harreman sare dituztela gazteek oro har, familia, ikasketa edo lan–gunea eta lagunartea.
Ateratako ondorio haietatik abiatuz tresna bat sortu eta interesatu guzien eskura ipini dute, bertsio ezberdinetan gainera, digitalean zein paperezkoan. Etorkizunean gazteek euskararekin daukaten harremana hobetzeko xedea errealitate bilakatzeko modua bilatzen laguntzeko tresna, GPSa.
Informazio gehiago: http://www.soziolinguistika.org/gazteak