585 Zenbakia 2011-07-01 / 2011-07-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: San Ferminak, beste modu batez

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Beste behin ere, badatoz mundu zabalean ezagun diren festak. San Ferminak ate joka ditugu, eta iruindarrek dagoeneko prest dute beharrezko guzia; fraka eta kamiseta zuriak, gerriko eta zapi gorriak armairutik atera dituzte jada.

Beste urte batez, hiriburuko kaleak jende uholdeak hartuko ditu, tsunamia balitz bezala. Ernest Hemingway idazlearen “erruz” munduan barrena afizio honetaz kutsatutako atzerritarrek are eta hiri kosmopolitagoa bilakatzen dute Iruñea; ingelesez nonahi entzuten da, baita alemanez, frantsesez, eta atentzioa ipiniz gero, nork daki, korearrez ere adituko dugu norbait hizketan.

Egitarau zabalarekin dator zortzi egun irauten duen hitzordua. Egun eta gauez burutzekoak, zer egin erabaki eta giroan buruz murgiltzea soilik geratzen zaigu; ez gara aspertuko. Baina egitarauan ere, askotariko eskaintzak aurkituko ditugu; ofizialak alde batetik —hots, udalak antolatutakoa—, edota esate baterako, Gora Iruñea plataformak zein Uztailaren 15eko Mugimenduak bultzatutakoak. Joaldunak Iruñeko kaleetan ibiliko dira. Argazkia: CC BY — Ibon Gora Iruñea! Plataforma

Gora Iruñea herriko festen alde egiten duen taldea da. Hain zuzen ere, jai euskaldun, parte hartzaile eta herrikoiak lortzeko lanean dihardute kideek urte osoan zehar, eta nola ez, San Ferminetan ere hortxe egoten dira, eskaintza desberdin eta euskaldunagoa helarazteko asmoz hiriburura gerturatzen diren guziei. 2011ko ekainaren 30ean emandako prentsaurrekoan esan bezala, “gure hizkuntza delako, gure kulturaren ardatz nagusia delako eta instituzio ofizialetatik bere erabilera baztertzen saiatzen direlako,” jai euskaldunen aldeko apustua egiten dute.

Baina ez da plataformako kideek hedatu nahi duten balore bakarra, berdintasunak ere garrantzia baitauka euren filosofian. Hala, “gizonak zein emakumeak maila berean gozatzeko eskubidea dugu. Inolako presiorik gabe gozatzeko eskubidea. Esparru askeak, non gizonek eta emakumeok elkarrengandik ikasten dugun, elkarrekin gozatzen dugun. Aukera sexualak anitzak direlako eta guzti guztiak errespetatu behar direlako,” adierazi dute.

Eta bestelako mezua ere luzatzen dute: edozein eraso sexista salatua izan dadila; laguntzeko asmoz 24 orduz telefono bat ipiniko dute jendartearen eskura: 699 687 687

Baina esan bezala, Gora Iruñea!k jai herrikoien aldeko apustua egiten du, garrantzia ematen baitio herritarrari berari, protagonista nagusi izan beharko litzatekeela pentsatzen baitu plataformak. “Poliki–poliki sanferminak kanpotarrei zuzendutako jaietan bilakatzen ari dira, ” kritikatzen dute, eta “Iruñeko bizilagunak gara protagonista nagusiak”, horrexegatik osotu dute hauei zuzenduriko jaiak.

Horren harira, eta berezitasun gisa, azken urteetan bezalaxe aurten ere Euskal Herriko Jai Eguna antolatu dute, uztailaren 9an. Hala, hiriburu ezberdinetako jai herrikoien parte hartzaileak bertaratuko dira, besteen artean, Bilboko Konpartsak, Gasteizko Blusak, Donostiako Piratak, joaldunak, dantzariak eta abar Iruñeko kaleetan ikusi ahalko ditugularik. Uztailak 15eko mugimendua

San Fermin jaiak uztailaren 6an txupinazoarekin hasi eta uztailaren 14an Gaixoa Ni edo Pobre de mí kantuarekin amaitzen direla ezagun da. Festetako bestelako egitarauekin jarraiki baina, Gaixoa Niren segidan, Uztailak 15eko Mugimenduko lagunek prozesio laikoa burutzen dute hezur eta haragizko patroia alboan dutela alde zaharreko kaleetan barrena, goizko 7.45 ingurura arte. Sanferminek ohiko irudiak uzten dituzte... Argazkia: CC BY — ibon

Eta nahiz eta ofizialki jaiak amaituta egon, uztailaren 15ean oraindik ere entzierro bitxia egiten da Iruñeko kaleetan. Goizeko 8etan, protokolozko kantu eta dantzen ostean, zezena barik bere Espada bizikleta gainean agertzen da 1997an sortutako El Jotas pertsonaia.

Halere, nondik dator entzierro bitxi hau? Aspaldiko kontuak dira, 1985ean aurreneko aldiz lagun talde bat goizeko 8etako Villavesaren aurrean korrika egiten hasi eta Villavesaren Entzierroa izenez bataiatu zuten ekimen hura. Txantxa moduan hasitakoa indarra hartzen joan zen, geroz eta lagun gehiagok egiten zuten bat klandestinitatean burutzen zen korrikaldiarekin —hain zuzen, botere ofiziala ez zuten aldeko— eta azkenik, 1997an Jotas jaio zen. Peñak ere protagonista

Sanferminetan izugarrizko garrantzia daukate peñek, eta nola ez, haiek antolatzen dituzten ekimen ezberdinek ere jaietan murgiltzera gonbidatzen gaituzte.

Iruindarrok Gazte Peña dugu horietariko bat. 2006an sortu zen eta dioten bezala,nahiz eta peña nahiko gaztea izan dauden beste 16ekin konparatuta, gazteei zuzendutako egitaraua antolatzen dute urtero.

Hainbat berritasunekin datoz gainera Iruindarrak Gazte Peñako lagunak 2011n. Esaterako, dantza Herrikoi Parte Hartzaileak antolatu dituzte, uztailaren 10 eta 12n eta asmoetariko bat, zezenketei alternatiba bat ematea litzateke, hain zuzen ere, ordu berean izango baitira biak, 19.30etan.

Bestalde, lehengo urtez prestatuko dituzte kaldereteak, uztailaren 13an. Batzuk egiteko horretan dabiltzan bitartean, Argaren jaitsieraren 6.edizioarako txalupak prestatuko dituzte besteek, gero uretan erasoei aurre egin ahal izateko!

Nobedadeen artean, 3–IN–DA–KAR Gaupaseroentzako Entzierroa antolatu dute, eta dioten bezala “gaupasan bazabiltza ez zaitez entzierrora hurbildu, oso arriskutsua izango baita.” Ez da aholku txarra!

Zuri eta gorriz tindatuko dira Iruñeko kaleak beste behin, eta bistan da aspertzeko betarik ez dugula izango, zertan esku hartu izango baita buruko min handiena, eduki dezakegun ajeaz gainera.

Errespetuan oinarrituta, sanferminetako unea iritsi da. Eta gogoratu, jaietan ere, euskaraz kantatzeak ez duela minik egiten!

Entzun arren San Fermin Zu zaitugu patroi Zuzendu gure oinak Entzierro honetan otoi!

:: Gora Iruñea! Plataforma, egitaraua hemen

:: Uztailaren 15eko Mugimendua, webgunea

:: Iruindarrok Gazte Peña , egitaraua hemen