585 Zenbakia 2011-07-01 / 2011-07-08

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jone Goirigolzarri. (Soziologoa eta Antropologoa): Militantzia falta handia somatzen dot euskeraren alorrean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Hizkuntza balioak eta hizkuntza politika proposamenak Hego Euskal Herriko alderdi politikoetan; holan dauko izenburua Jone egiten dabilen tesiak. Gaztea, bizkaitarra, Deustuko irakaslea... Gaian gaineko interesa piztu jaku eta berakin hitz egiteko gogoz kontaktatu dogu, eta tesia, euskera bera, berbeta desbardinak eta bestelakoak ahotan hartu eta Euskonews Gazteara ekarteko gogoz.

Euskeraz harreman berezia bizi dauen algortarra zara. Nolako egoera bizi dau geure hizkuntzak zeure jaioterrian?

Orain dala urte gitxira arte, Algorta kanpotik bizi izan dodanaren sentsazioa dot; ikusle moduan eta ez horrenbeste herrikide lez. Azken urteotan herrian murgiltzeko beharrizana sentidu izan dot, herriaren parte izatekoa. Algorta sano herri bizia da, bai elkarte mailan bai kultura mailan be. Euskaltzalea be bada, nahiz eta euskeraren presentzia ez dan askok gura izango geunkean bestekoa. Herrian euskeraz bizitzea da nire grinetako bat. Nahi hori izan da herrian murgiltzera eroan nauana, besteak beste, Berbalagun zein Sarea Josten proiektuetan parte hartuz eta euskeraz egiten diran ekimenak babestuz. Horrela, pittinka pittinka herriko jendea ezagutzen joan naz eta aitortu beharra dot Algortakoa izan eta Algortan bizitzeaz inoiz eta pozen nagoela orain.

Soziologia eta Gizarte eta Kultura Antropologia ikasi zenduan Deustun.

Zientzia eta letrak biak izan dodaz gustuko beti. Gazte–gaztetatik unibertsitatean letretako karrera bat egingo nebala erabakita neban arren, nire etorkizuna zientzia munduan baino arlo sozialean imajinatzen nebalako gehiago; ikastetxean zientzien adarrean ibili nintzan 18 urtera arte, gaion ikasketa ahalik eta gehien luzatzearren. Ondo gogoratzen dot soziologiako lehenengo urtean nenbilela biologiako irakasleagaz aurkitu eta orduantxe esan neutsala: Joe Iñaki, biologia asko botatzen dot faltan!

Eta soziologia eta antropologia zergaitik? Batxilergoko lehenengo urtean argi neban antropologia zala ikasi gura neban karrera. Deustun baina antropologia bigarren zikloko karrera zan eta, horregaitik, lehenengo soziologia ikasi eta gero antropologia egitea erabaki neban.

Antropologiak asko erakartzen ninduen, kultura desbardinak ezagutu eta ulertzeko bide moduan antzematen nebalako. Bai antropologiak eta bai soziologiak gure inguruan dogun errealitate soziala hobeto ulertzen laguntzen deusku eta horrek itzelezko balioa dau maila akademikoan ezeze maila pertsonalean be.

Soziologia errealitate sozialaren azterketa sistematiko moduan definitu daiteke. Nik soziologiari beti ikusi izan deutsat halako hoztasun, distantzia puntu bat bere azterketetan — bere zientzia izaerak eta horren defentsak eraginda, agian. Antropologiak, ostera, poetikotasun puntu bat dau bere adierazpidean eta ikertzailearen ikuspuntua modu naturalean barneratzen dau bere zientzia egiteko moduan. Zentzu honetan, ni, gaur egun, soziologoa naz lanbidez baina antropologoa bihotzez.

Tesia egiten be bazabitz, euskera eta gizarte eleanitzak ardatz hartuta.

Euskeraren egoera soziolinguistikoak txiki txikitatik arduratu izan nau eta betidanik euskeraren bizi–indarra handitzeko lanean jardun izan dot, eskola garaian zein beranduago be. Atzera begira harritu egiten naz horren gaztetan nire ardura zein handia zan ikusteaz. Hamar urtegaz ikastetxeko zuzendariari batzarra egiteko eskatu eta eskolaurrean umeen euskeraren erabileragaz arduratuta nengoela adierazita, eskolako atsedenaldi orduetan eskolaurrera joateko baimena eskatu neutson txikitxoek euskeraz jolasteko ohitura hartu egien. Halan ibili ginan bi urtez klaseko 12 bat neska, DBHa hasi eta ordutegiak aldatu euskuezenera arte. Sano esperientzia polita izan zan ha!

Ikasketak amaitu eta doktorego tesia egiteko aukera suertatu jatanean, argi eta garbi neban tesia soziolinguistikaren alorrean egingo nebala eta, bide horretatik, joan nintzan, gitxiken gitxiken, tesiaren gaia zehazten. Tesiaren izenburua hauxe da: Hizkuntza balioak eta hizkuntza politika proposamenak Hego Euskal Herriko alderdi politikoetan. Bertan, helburu nagusia alderdi politikoek hizkuntzen aurrean adierazten dabezan balioak zeintzuk diran ikertzea da eta, era berean, hizkuntzei atxikitutako balio horreek alderdiek proposatutako hizkuntza politikekaz zein korrelazio daben ikustea. Izan ere, alderdiek hizkuntza politika desbardinak dabez proposagai eta, pentsatzekoa da, proposamen horreek alderdiek hizkuntzenganako daben atxikimendu maila eta motagaz harremana izango dabela. Horixe da, hain zuzen be, doktorego tesian aztertu gura dodana.

Doktorego tesia ez dot euskerari zuzendutako balio eta politiketara mugatu gura. Hizkuntzak modu zabalean aztertu gura dodaz. Hizkuntza batenganako jarrera eta balioak ondo ulertzeko, testuinguruko gainontzeko hizkuntzenganako jarrera eta balioak ulertzea be funtsezkoa dala deritzot. Hori dala eta, nire doktorego tesian hiru hizkuntza izango dodaz aztergai: euskera, gaztelera eta ingelesa.

Pentsatzen dot danetik topatu dozula...

Hizkuntzenganako loturak izaera pertsonala daben arren, badira gizarte mailan nagusitzen diran zenbait lotura tipo. Adibidez, batzuentzat hizkuntza euren izatearen parte garrantzitsua da, euren identitatearen oinarrizko ezaugarria; beste batzuk, barriz, hizkuntzak komunikaziorako tresna soil moduan ulertzen dabez. Guzti horrek batzuen eta besteen hizkuntza erabileran, hizkuntzenganako jarreretan, eta abarrek dabe eragina.

Alderdi politikoetan ere gauza bera gertatzen da. Alderdi politikoak talde diran arren, diskurtso homogeneo xamarra garatu dabe, hizkuntzen alorrean behinik–behin. Horrek ez dau esan gura diskurtsoa xaloa izango danik. Alderantziz, diskurtsoak datu objetiboz, iritziz, sinismen ezkutuz, eta abarrez. beteta dago eta guzti hori aztertzea eta ulertzea benetan interesgarria dala deritzot.

Gainera zuzenean euskaldunoi eragiten deusku eta iruditzen jat batzutan kezkagarria be badala jendarteak euskerarenganako dauan jarrera.

Gaur egun euskal gizartean euskerarenganako jarrera baikorra nahiko orokortua dagoela esango neuke. Euskeraren kontra agertzen diranak gitxiengoa dira. Dana dala, jarrera baikor hori nahiko lasaia, erosoa da, euskeraren alde esfortzu handirik egitea ez dakarrena. Gehiago egin behar da. Halanda be, neurri batean baikorrak izateko arrazoiak be badoguz. Kalean gero eta euskera gehiago entzuten da, jende dezentek euskeraz bizitzea erabaki dau eta horren alde borrokan dihardue. Nik uste dot euskeraren egoera hobetzeko giltzarri garrantzitsu bat hortxe dagoela: euskeraz bizi gura dabenek euren egunerokoan euskera erabiltzea eta gitxika gitxika ingurukoak geuganatzen joatea.

Geure gurasoen garaian “militantzia” gehiago zauela, eta sarritan entzuten dogu hori dala egun falta jakuna...

Guztiz ados nago zuk esandakoagaz. Herrian, orokorrean, militantzia falta handia somatzen dot, euskeraren alorrean ezeze gizarteko beste alor gehienetan be bai.

Nik gurasoen garaiko militantzia ez dot bizi izan, eurak esaten deustienetik dakit. Iritzia daukat, azken hamarkadetan lortu doguzanak eta garai haretako parte hartzea batuko bagenduz, euskerak asko irabaziko leukela.

Militantziak esfortzua eskatzen dau, baina era berean poztasuna emoten dau. Azken batean, sinisten dozun horren alde lan egiteak dakarren satisfakzinoa itzela da. Gu, herri txikia izanik, etorkizunean be herri izaten jarraitzeko behar–beharrezkoa dogu herrigintza, herritarren inplikazioa; izan be, guk egiten ez badogu ez dau beste inork egingo gugaitik.

Euskalkiz beteta dau Euskera. Zeu zabizen Berbalagun taldean be lantzen dozuela entzun dot, ezta?

Gure Berbalagun taldea berezia da. Bizkaieraz egiten dogu berba bertan. Kontua da orain dala hiru urte Algortan bizkaiera ikasteko ikastaro bat antolatu ebela. Behin ikastaroa amaituta eta ikasleek bertan ikasitakoa mantendu egien, bizkaierazko berbalagun taldea sortu eta bertan dinamizatzaile lana egiteko proposamena egin eustien, bizkaiera dalako nire euskalkia. Lau lagun hasi ginan orduan. Gaur, hamalau gara. Sano esperientzia polita da eta aurrerantzean bizkaierazko berbalagun talde gehiago sortzeko egitasmoa dogu.

Euskalkiak dira euskeraren aberastasuna. Eurak mantentzea funtsezkoa da. Gaur egun eskolarik gehienetan batuaz ikasten da, guztiz estandarizatutako batua batean. Niri horrek itzelezko pena emoten deusta. Euskera batu bat izatea ondo dago, garrantzitsua da, baina, halanda be, euskera batu hori lekuan lekuko euskalkietara egokitzea funtsezkoa dala deritzot.

Ondion tesiaz zabitz, noiz ikusiko dogu emaitza?

2013 da nire buruari ezarri deutsadan topea tesia amaitzeko. Eta gero zer? Oraingoz unibertsitatean sano pozik nabil. Irakaskuntza oso gustoko dot eta etorkizunean be klaseak emoten jarraitzea gustatuko litzakit. Unibertsitatetik kanpora lan interesgarri bat egiteko aukera sortzen bajat be pozik egingo dot. Etorkizunak esango dau!! Jone Goirigolzarri (Algorta) Jone Goirigolzarri Garaizar bizkaitar gazteak Leioan ikasi euen aurrena, Askartza Clareten, eta ostean barriz, Deustuko Unibertsitatean (Bilbon). Jaioterriko Berbalagun zein Sarea Josten proiektuetan parte hartu dau. Lanari dagoikionez, 2008tik Deustuko Unibertsitatean jardun dau irakasle eta ikerketa lanetan Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean. Gizarte laneko eta gizarte hezkuntzako graduan eskolak eman eta ikerlari moduan European Values Studies (EVS) Ikerketa Taldean dabil. Tesia egiten be badabil hizkuntza ideologia eta hizkuntza politiken alorrean.