586 Zenbakia 2011-07-08 / 2011-07-15
Askok uste dute etxean animalia bat izateak ez duela beraien bizitza aldatuko, noizean behin kasu eginda nahikoa dela behar duten atentzioa emateko. Barkatu, baina guztiz oker zabiltzate.
Animalien maitale direnek, benetakoek, etxeko abere horiei merezitako tratua ematen dietenean, jakin badakite zer nolako erantzukizun maila altua exijitzen duen egiteko horrek. Eta ez da gutxiagorako, errespetua merezi duten izaki biziak dira. Baldintzarik gabe beraien maitasuna emango dizute eta beraz, zergatik ez zuk berdin tratatu?
Aitortzen dut gaizki pasatzen dudala udako oporraldia iristen denean. Zoritxarrez, sarritan agertzen dira albistegietan animalien babesaren alde apustu egiten duten pertsonak, lagun onenak izan zitezkeen horiek abandonatu egiten direla denuntziatuz. Ados, agian ez dira lehen besteko kasuak ematen eta hori, kontzientzia handiagoa dagoenaren seinale izan daiteke; baina ez dugu guztiz zuzen jokatzen eta abandonatzen diren txakur edota katuak, esaterako, ugari dira oraindik ere gaur egun.
Bide bazterrean utzitako abereei zein etorkizunek itxaroten die? Kasurik onenean, bihotz oneko norbaitek hartu eta bere etxera edota animalien babeserako elkarteren batera eramatea gerta liteke. Txarrenetan aldiz, beltzez jantzitako dama bere bila etorri eta bizitza hau utziko du, automobil batek harrapatzearen ondorioz, esaterako.
Oporretara joateko karga iruditzen bazaizu animalia bat, ez ezazu etxean hartu. Lurrak nekazaria lotzen duen moduan, abereak lotu beharko luke jabea, eta horren jakitun izan behar dugu. Programatu oporrak bera kontuan hartuz; ordaindu iezaiozu berarentzako hotel bat edota zenbait elkartek ere eskaintzen dute zerbitzua, galdetu gertu duzun horretan! Itzuleran, pozarren izango duzu zain!