586 Zenbakia 2011-07-08 / 2011-07-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Einfach Berlin (Sinpleki, Berlin)

MONTERO, Estitxu



Europar hiri bati buruz hitz egin ezkero, eta hari buruz bibotedun gizontxo oihulari baten gobernupean mundu mailako gerratea eragin eta jasan ondoren ia guztiz berreraiki behar izan zutela, hiru hamarkadaz zatituta egon zela, eta azken hogei urteotan askatasun, modernotasun eta gaztetasunaren abangoardia dela badiogu?... BERLIN! Kunsthaus Tacheles eraikin kanpoaldea. Argazkia: CC BY — Heather Cowper

Alemaniaren barruan, Berlin ez da beste hiriak bezalakoa: izaera germanikoaren klixeak ezaugarri dituen zuzentasun eta zehaztasunak Berlinen parentesi handi bat topatzen du... Agian iragandako komunismoaren aztarnak gehiegi nabari dira, jendea lasaiago bizi da, dagoen %20 inguruko langabeziak eta azpiegitura industrial faltak, bizitza beste modu batean ere bizi daitekeela agerian uzten du...

Leku guztietan bezala, derrigorrezko bisitak egin behar dira: Brandenburger Tor (garai bateko Berlinerako atea, orain hiriko ikurra); Deutscher Bundestag–a (parlamentua, Norman Fosterren kupula famatuarekin, azkenaldian igotzea debekatuta badago ere); Check Point Charlie (Berlingo harresiaren garaian Estatu Batuek okupatutako Berlin eta gobernu komunistaren zatiaren arteko muga) eta bere inguru guztia (merkea ez bada ere, Trabi bat (Alemania ekialdean produzitzen zen autoa) alokatu daiteke eta orain dela 30 urteko familien moduan bueltatxo bat eman); Museoen irla (Pergamo–a bertan dago, Nefertitiren bustoa barruan duela); Alexander Platz eta ingurua (Fernseheturm–a, telebistaren antena erraldoia, ikusgarria da, eta baita ere, komunismo garaiko eraikin karratu guztiak, garai hartako Berlinaren ideia bat egiteko), Kunsthaus Tacheles (artistaz betetako eraikin okupatua), Potsdamer Platz (Berlin modernoa) etab, etab...

Baina guzti honi buruz, edozein turismo gida erosita zehaztasun gehiago lortu daiteke, eta nire azalpenekin baino hobe ikusiko duzue dena.

Negua gogorra da Berlinen, –20°C–ko tenperaturak ez dira salbuespen, eta horren ondoren, udaberriaren etorrera eta uda gozatzeko aukera aprobetxatzen dute (dugu) “berlindarrek”... Lehen eguzki izpiek baimentzen duten bezain laster, jendea kaleetara ateratzen da.

Bizikletan ibiltzeko azpiegitura ona dago, kotxerik gabe bizi ahal dela erakusten duen hiri honetan, garraio praktikoena hauxe dugu, eta hiria bi gurpilen gainean zeharkatzea benetan atsegina da. Denbora gutxirako bada, nonahi aurki daitezkeen bizikleten alokairuak erabil daitezke, edo egun jakin batzuetan, hiri guztian zehar dauden bigarren eskuko merkatuetan zerbait ziur aurki dezakegula...

Adibidez, igandeetan Mauer Park–en: geroz eta famatuagoa egiten ari bada ere, eta astero turistez beteta izan arren, bere “Flohmarkt”–ean ia denetik aurki daiteke, eta prestatzen duten karaokearekin barre algara ugari egin daitezke; baita norbaitek irten eta alemanez edo ingelesez abesteko ausardia badu, aurrera...

Berlineko “auzo” bakoitzak parke propioa du, hiria momentuz baztertu eta berdegune batean sar gaitezke arratsalde pasa, sinpleki belarrean eseri eta eguzkia gozatzeko, edo nahi izanez gero grill portatil batekin barbakoa bat prestatzeko. Parkerik famatuena Tiergarten da, erdi-erdian, baina badaude ere Treptower Park, Volkspark, Tempelhof... Tiergarten parkea. Argazkia:CC BY — Marco Cairo

Bazkalorduan, egia esan, Berlingo jatetxe tipiko bat aurkitzea ez da erraza: jatekoa ez da alemanek hoberen egiten duten gauza, baina bertan mundu guztiko jatetxe ezberdinak aurki daitezke, eta gosea kentzeko zerbait merkea nahi bada, “currywurst”-a edo kebab–ak dauzkagu edonon. Bistro–ak ere aukera ona dira, prezio oso onean, janari dezentea aurkitu baitaiteke (etxean bezala, hala ere, inon ez. Sentitzen dut).

Kreuzberg aldean, artista gazteak biltzen dira. Lehen auzo turkoa zegoen lekuan, orain arte–aretoak, erakusketak, kontzertuak... daude ia egunero. Spree kanalaren inguruan pasiatu eta ondoren kaleetan barneratzeak, Gorlitzer Park eta inguruan aire “bohemioak” arnastuz, ezinbesteko kontsideratu daiteke ere... Ez ahaztu gaualdean, Oranienstra?e aldeko tabernaren batean edo Friedrichschain–en zerbait hartzea, daukaten dekorazioa ikustekoa izaten bait da.

Hiriaren ikuspuntu guztiz desberdina, Berliner Unterwelten tour–ek ematen dute: Bigarren Mundu Gerratearen aztarnak, edo Gerra Hotzaren ondoren geratzen diren pasadizo, bunker eta lurrazpiko azpiegiturak ikusteko aukera bakarra eskaintzen digute: Beraien web orria erraz aurkitu daiteke, informazio guztia barnean duela.

Techno–a gustoko dutenek, Berlinen ezin hobea aurkituko dute: Club der Visionäre, Week End, Berghain, Tresor, Watergate... Berlin, mundu mailako technoaren hiriburua baita.

Guzti honen ondoren, geratzen da, hala ere, zerbait, adierazteko zaila dena: ez dut lortuko zuei helaraztea, ukitu daitekeen zerbait, benetako egintza bat baino gehiago, zirrara bat baita... Ikusi/sentitu egin behar da. Berlineko gauzarik politena, nire ustez, hiru miloi eta erdi biztanleko hiri batean, kaleetan libre ibiltzea posible dela da... Bakoitza den modukoa izateko eskubidea eta aukera dago hemen, era guztietako eta toki guztietako pertsonek, pentsaerek eta portaerek (beti errespetuaz aurretik, noski), tokia baitute Berlinen. Nola azaldu artikulu batean?