586 Zenbakia 2011-07-08 / 2011-07-15

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jone Alaitz Uriarte. (Kultura kudeatzailea): Ez gaude erakusketatara joan eta artista berriak ezagutzera ohituta

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Testua eta argazkiak

Lanean harrapatu dugu Jone Madrileko MUICO museoan, kultura kudeatzaile gisa baitihardu bertan. Asko bidaiatzeak eman omen zion arrasatear honi filosofiatik artera salto egiteko behar zuen bultzadatxoa, eta ez da damutzen hartutako erabakiaz. Hala, hizketaldi animatu batetan, museo zaratatsuen aldeko gazte honen esperientzia ezagutzeko abagunea suertatu zaigu.

Arte munduan lanean diharduen filosofoa zara. Nola eman zuen zure bizitzak bira hori?

Egia esan behar badut, Filosofia oso teorikoa iruditzen zitzaidan eta niri ekintza gustatzen zaidanez gero, norabidez aldatzea pentsatu nuen. Hala, ikasketak amaituta Londresera abiatu nintzen eta han hiruzpalau hilabetez egon nintzen bizitzen, ingelesa praktikatzen... Eta bertan eduki nuen lehenengo benetako kontaktua artearekin, galeria asko baitaude eta baita erakusketa gehiago! Eskaintza kultural ikaragarria dago, akaso Euskal Herrian ez daukaguna, edo nik ezagutzen ez nuena, behintzat.

Ondoren, 2009ko irailean Kultura Kudeatzaile master bat egiteko asmoarekin etorri nintzen Madrilera, eta horretan ari nintzela, zortea eduki nuen Cervantes Institutuko Arte Plastikoen departamentuan praktikak egiteko. Nire egitekoa izan zen erakusketen koordinaketa eta kudeaketa, beste museo batzuekin elkarlana egitea... Hala eduki nuen aurreneko erlazio profesionala mundu honekin, eta egia esan ate asko ireki zitzaizkidan.

ICO fundaziokoak, esaterako.

Hori da! Fundazio honek badauka Museo de Colecciones ICO ?MUICO? deitzen den museo txiki bat, eta bertan dihardut.

Hiru pertsona gaude lanean eta denetarik egiten dugu: erakusketen gainean egotea egokitzen zaigu, museoan egiten diren ekintza guztiak guk kudeatzen ditugu eta administrazio lanak burutzen ditugu, arte biltegiak daude, eta zaharberritze eta zainketen ardura gure gain daude... Oro har, museo batek dituen behar guztiak geuk kudeatzen ditugula esan daiteke.

Zortedun sentitzen naiz nire lana izugarri gustatzen baitzait. Hala, behin eta berriz esaten dudan bezala, sasoi hartan nire bizitzaren noranzkoa aldatuko zuen erabakia hartzea guztiz positiboa izan zen, eta ez naiz damutzen!

Nahiz eta esan duzun bezala, artearekin Londresen eduki zenuen benetako lehen kontaktua, bazeneukan aurretik afiziorik?

Nahiko berandu etorri zitzaidan zaletasuna dela esan dezaket. Filosofia eta Letrak ikasten niharduen Italian eta Artearen Historia edota Zinearen Estetika moduko ikasgaiak nituen eta hortxe sartu zitzaidan esparru horrekiko jakin?mina. Eta nahiz eta aspalditik ere irakurri izan ditudan artearen inguruko gauzak, Londresera joan arte ez nuen erlazio esturik eduki.

Honetan jarduteko, ideiez irekia izatea funtsezkoa izango da, ezta?

Bai, noski! Bestalde, pisu handiko museoa da MUICO, izan ere daukan arte garaikide bilduma oso garrantzitsua da eta egiten ditugun erakusketak bilduma horren berrikusketak izaten dira. Eta ohartu naiz oso mentalitate zabala eduki behar dela artearen irakurketa egiteko; ni artea filosofiako kontzeptuekin erlazionatzen saiatzen naiz eta oro har, esango nuke beste irakurketa bat ematen saiatzen naizela ditugun obrei.

Filosofia eta artea uztartzen jakin duzu, beraz!

Bost urtez filosofia ikasten aritu nintzen eta zerbaitetarako balio izan dit! (barre) Gainera, harro nago karrera hura hautatu izanaz, gauzei beste ikuspuntu bat emateko joera baitaukat orain, zalantzan ipintzen ditut gauzak, eta beraz, kritikoagoa naizela esango nuke! Eta artearekin hori derrigorrezkoa da, bestela edozer saltzen dizute! (barre)

Zein estilotako artea gustatzen zaizu zuri?

Gehien bat garaikidea. Esaterako pinturak bere momentua eduki zuela iruditzen zait, eta XVII?XVIII. mendeetan adibidez, asko baloratzen zen arte estilo hori errealitatea irudikatzen zuelako. Baina behin argazki kamerak?eta agertu zirenetik, argazkiak baliatu ditzakegu egiteko horretan. Paisaia?pintura sarritan, nahiko idilikoa iruditzen zait; noski, emaitza ikaragarriak lortu daitezke, baina gaur egun argazkiek ere eskaintzen digute hori.

Baina, ez nabil garrantzirik kentzen pinturari, oso artista onak daude eta! Teknologiaren eraginez oso azkar mugitzen da artearen mundua, eta badirudi sarri paso egiten dugula pinturaz, eta ez dago zertan, hor ere maisulanak eta oso gauza onak aurkitzen baititugu.

Baina esango nuke artea beste eremu batzuetan sartu dela, eta niri ere hori gustatzen zait, artistak esperimentatzen hasten direnean atentzioa ematen baitit. Gaur egun adibidez, bideoak baliatzea, edo arte kontzeptuala egitea, zoragarria iruditzen zait. Beste erantzun batzuk topatzea artearekin, hain zuzen.

Baina arte garaikidea ez da ulertzeko konplikatuagoa?

Jende askok esaten du arte mota hau oso hutsala dela, baina ez nago ados. Aldiz, iruditzen zait irakurketa egiteko eta lana ulertzeko pentsatzen duguna baino konplikatuagoa dela, eta ezin dezakegula polita edo zatarra den, edo gustuko dugun edo ez esan, urrutiago joan behar baita. Eta artistaren biografia ezagutzeak laguntzen du horretan; nondik datorren, zein testuingurutan hazi den... Horrek artistaren obra ezagutzeko aztarnak ematen dizkigu.

Bestalde, ez dut pentsatzen artelan batez gozatzeko derrigor ulertu behar denik arteaz. Ezen, artea esperientzia estetiko bat ere bada eta ulermena norberaren esperientziak ematen du, eta hala, bakoitzak bere loturak egiten ditu izan dituen esperientziekin, bizi izandakoarekin...

Artistaren mezua hobeto uler dezakezu agian arteaz gehiago baldin badakizu, baina gero, irakurketa pertsonala egiten duzu beti.

Horren adibidea, gertatu izan den bezala, broma moduan ume baten marrazkia museo batean ipini eta jendearen miresmena jaso izana da.

Bai, egia da! (barre) Guri pasatutakoa kontatuko dizut. Museo batzuek haurrentzako edo helduentzako programak edukitzen dituzte, baina egia da 13?17 urte bitarteko neska?mutilentzako ez dela aukera askorik egoten. Hala, guk ekimen bat burutu genuen iazko Gabonetan, Egin museoa zure zerbait lelopean eta hitzaldiak antolatu, eta tailer batzuk burutu ziren 20 gazterekin. Amaitutakoan, museoa eraldatzeko aukera eduki zuten eta euren toki idealean bilakatzea eskatu zitzaien. Zintak hartu zituzten, errotuladoreak... Neska batek aretoan dagoen ispilu handi batetan esaldi bat idatzi zuen eta bere ekarpena justifikatzen zuen idatzi bat aurkeztu zigunez utzi egin genuen. Jendea ea zein artistaren lana zen galdezka etortzen zitzaigun eta, 14 urteko neskatila batena zen!

MUICO ez da ohiko museo bat, diozunaren arabera.

Museoaren lehenengo asmoa publikoarekin gertutasun bat mantentzea da. Izan ere, horrelako tokiak gauza estatiko eta serio moduan ikusi izan dira, eta ez gaude ados!

Museo batek zaratatsua izan behar du, jende asko egon behar da, eta bizirik egon behar du. Horretarako, tailerrak, umeak eta gazteak bertan egotea funtsezkoa da, eta gainera horiek izango dira 30 urtetara museoaren publiko objektiboa.

Ingalaterra edo Alemaniako museotara joanez gero, hemen ohiturik gaudenekin ez daukate zerikusirik. Hasteko, ateak parez pare egoten dira irekita eta sarrera doan da askotan; umeak eta arte ederretako ikasleak eskulturak margotzen lurrean botata aurkitzea ez da bitxia suertatzen... Toki benetan biziak dira, eta horrelakoxeak izan beharko lirateke osorik gozatu ahal izateko, eta ez derrigor isiltasunean.

Artean hazi eta heztea oso garrantzitsua da izan ere, balore garrantzitsuak ematen baititu. Hori askotan ahaztu egiten da hezkuntza arloan, esate baterako. ?

Artea, bizitzeko filosofia bat dela esango zenuke?

Ez dakit, baina osagarri on bat dela zalantzarik ez daukat. Apur bat entretenitzeko eta errealitatetik alde egiteko aukera ematen du, nahiz eta pare bat minututarako izan.

Zure saltsan ikusten zaizu kultura kudeatzaile moduan.

Hala da, nahiz eta badaukan bere alde txarra, ez pentsa! Esaterako, ez dela lanbide egonkor bat, proiektuka doazen kontratuak egiten dizkizute, eta zure kabuz asko mugitu behar zara aurrera egiteko, kontratu finko bat edukitzea ia ezinezkoa baita. Freelance moduan aritzea funtsezkoa da beraz!

Aldiz, gauza onen artean, oso lanbide aktiboa dela esango nuke. Lau begi behar dituzu egiteko honetan, edozein tokitatik atera daitezke ideiak eta tentuz aritu behar zara aukerei pasatzen ez uzteko. Eta artistekin kontaktuan egoteko posibilitate hori ere aberasgarria da, egun batetan zure eskuetan izugarrizko obra garrantzitsua eduki dezakezu eta zirraragarria da. Adibidez, munduko arte komisario onenetariko batekin aritu naiz lanean, eta horrek, nire buruagan konfiantza hartzeko bultzada eman dit.

Bestalde, Madrilen bizitzeak ere gauza positibo ugari ekarri dizkit. Nire zaletasun antzerakoak dituen jende asko ezagutu dut eta arte erakusketatara joaten gara, kontzertutara... Kultura eskaintza zabala dago eta beraiekin ahalik eta gehien aprobetxatu ditut aukerak.

Oraina utzi eta etorkizunari begiratuz, zertan ikusten duzu zure burua?

Gertuko etorkizun batean ez dut nire buruan Madrilen ikusten, etxerantz joateko gogoa badaukat eta.

Eta zertan? Garai batean ibili nintzen behin erakusketaren bat komisariatzeko aukera begiratzen, baina egia da denbora nahikotxo behar dela eta ez naiz serio ipini. Aurrena, artista gehiago ezagutu behar ditut, kontzeptu gehiago eduki... Eta ondoren gustatuko litzaidake zerbait martxan ipintzea, eta gainera Euskal Herrian bertan, izan ere, aukera batzuk badaudela iruditzen zait eta.

Euskal Herria aipatu duzunez, nola ikusten duzu artearen egoera?

Euskal Herrian laguntza aldetik badaude aukera asko, eta artista izanez gero, nondik jo badaukazula iruditzen zait: egonaldiak, bekak... Eta gainera, azken aldian Alhondiga inauguratu da, Donostian San Telmo museoari izugarrizko bultzada eman zaio, Balentziaga Museoa zabaldu dute... Nahiko zirkuitu instituzionalak diren arren, eskaintza badago, falta direnak publikoak dira.

Halere, oraindik ez gaude erakusketatara joan eta artista berriak ezagutzera ohituta eta horixe bultzatu beharko litzateke. Horren arrazoietariko bat oso herri tradizionala izan garela da eta gure kultura gehiago egon da folkloreari lotuta. Baina badabiltza gauzak aldatzen, eta lozorro horretatik irteten hasi gara. Ikusten dudan gabezia, akaso, arte garaikidearen esparruari loturik dago, gehiago jardun beharko genuke alor horretan eta dauden artistak ere gutxi ezagutzen ditugu, kanpora begiratzeko joera izaten dugulako. Jone Alaitz Uriarte (Arrasate) Filosofia ikasten hasi zen Donostian Jone Alaitz Uriarte Iriarte gazte arrasatearra, eta handik, Italiara jo zuen Erasmus bekarekin eta urtebete egin ondoren, beste urte baterako Granadara abiatu eta hiru ikasgai falta zitzaizkiola bueltatu zen Gipuzkoako hiriburura karrera amaitzera. Londresen deskubritu zuen artea eta horrekiko erlazioa josten hasi zen. Handik 2009ko irailean, Madrilera abiatu eta Kultura Kudeatzaile Masterra burutu zuen eta ordutik bertan dago; Cervantes Institutuan praktikak egin zituen eta gaur egun ICOko (Instituto de Cr?dito Oficial) museoan ari da beharrean.