587 Zenbakia 2011-07-15 / 2011-07-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Guardiako Aintzira-gunea, babestutako biotopoa

ADEVE



Carralogroño, Carravalseca, Prao de La Paul aintzirek eta Musko aintzira inguru aparta osatzen dute Euskal Autonomi Elkartean, beren jatorri endorreikoagatik. Biasteriko herri inguruan daude, Arabako Errioxan; Gasteiztik Logroñorako errepide nazionaletik gertu daude, eta bertatik Pradoko urmaela eta Carralogroñoko aintzira ikus daitezke. Mahastiek inguratuta, urmaela.

Arabar Errioxako aro tertziarioko sakonune gesaltsuaren gainazalean daude kokatuta. Udaldietan, inguruko klima mediterraneoaren kontinentaltasun gordinaren eraginez lehortu egiten dira, arroetako buztin iragazgaitzen gainean gatzezko geruza lodixko bat sortuz.

Carralogroño eta Carravalsecako aintzirak oso hauskorrak dira berez, Prao de la Paulkoa baino gehiago, eta ez dute erabilera publikorako aukera askorik ematen. Beraz, gorde egin beharko lirateke. Guardiako inguruetan dauden leku hezeen multzo txiki batek osatzen du enklabe hau; leku hezeak txikiak dira eta denen artean hartzen duten azalera 40 hektareakoa da. Leku hezeen multzo hori Biotopo Babestua deklaratu dute, eta EAEn Babestutako Naturaguneen Sarean sartuta dago.

Musco aintzira txikia berriz, antzina lehortu zuten laborantzarako, Carravalseca aintzirarantz ura husten duen drainatzeko lubaki bat eraikiz. Espazioa nekazal paisaia batean murgilduta dago, ibar, terraza eta buztin muinorekin. Bertan, mahatsondo laboreak dira nagusi eta eskualde hau ospetsu bihurtu duten ardoak egiteko garrantzizko lehengaia ematen baitute.

Ziur aski, Prao de la Paul, hasieran, putzuz modu errazean betetzen zen gunea zen, Carralogroño eta Carravalseca aintziren modura. Dena den, orain dela mende batzuk drainatu eta larra heze bihurtu zuten eta horrela jarraitu du, 1990. urtean, drainaduraren ubide zentralean dike txiki bat egin zuten arte, ureztapenerako putzu bat sortzeko. Gaur egun, olgeta eta aisialdirako erabiltzen da espazioa; erabilera horren alde, aintzira inguratzen duen bide bat dago eta Guardia oso gertu dauka. Fauna aberatsa

Azken urteetan area egokitzeko lan batzuk egin dira, leku hezeak fauna hobeto har dezan eta erabilera publikoa antolatzeko, ibilbide auto–gidatu baten bidez eta ornitologi behategi batekin. Horri dagokionez, hegazti–kopuru handiak erabiltzen du zonaldea, umatzeko, migraziorako eta negu–pasarako.

Besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira; hegazti harrapari batzuk (zingira–mirotza, mirotz zuria, miru gorri eta beltza), amiamokoak, paseriformeak (zingira–berdantza, lezkari karratxina, ihi–txoria...) eta hegazti urtarrak (ahateak, murgilariak, murgilak, kopeta zuriak, uroilo arruntak, kuliska txikiak...).

EAEn horrelako gune gutxi daude eta hau horietako bat da, gainera garrantzitsuena,kopuru eta espezieei dagokienez. Interes arkeologikoko guneak

Eskualde honek baditu, bestalde, EAEko gainontzeko lurraldeetatik bereizten duten zenbait ezaugarri soziokultural. Adibidez, mahasti eta ardo lurra da ia erabat eta izugarri aberatsa da arkeologi aztarnategietan: La Hoyako herrixka, La Hechicera eta beste trikuharri asko eta oraintsu San Juan Ante Portam Latinam neo–neolitikoko hilobi ezohikoa, non 400 hezurdura oso aurkitu ziren, denak silexeko puntadun armekin erailak.

Hego Euskal Herriko trikuharriak (Arabako Zelai, Koartango, Errioxa eta Nafarroako erdialdekoak), gure menditakoak baino askoz ere handiagoak dira. Trikuharria hilobi bat da. Landu gabeko harriz egina. Harri hauek, lurrean zutik jarrita eta hauen gainean beste bat edo bi estalpetzat.

Trikuharriaren luzera sortaldetik sartalderantz joaten da, sarrera sortaldera begira egonik. Hilotza, luzera etzanik, burua sartaldean eta oinak sortaldean zituela ipintzen zuten. Ondoren lur edo harri pila batez estaltzen zuten.

Guardian San Martin dolmena aurkitzen dugu.