587 Zenbakia 2011-07-15 / 2011-07-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zozoak beleari

BEREZIARTUA, Loren



Ipurbeltz esaten omen dio zozoak beleari; eta txikitan literalki halaxe zela uste nuenean, hark zer erantzungo ote zion jakin–minez egoten nintzen. Beleak Argazkia: CC BY — Sultry

Mokoka ibiltzeko joera handia izaten dute batzuek. Akaso inkonformistak direlako eta ez dutelako lehenengoan onartu nahi besteek diotena. Eta hori formak galdu gabe egingo balute sikiera... Baina ez, askok errespetuz jokatzen ikasi ez dutela dirudi, edota euren lanbidean sartzerakoan kontratuan bertan jasota geratuko da agian begirune arrastorik ez dutela mantendu behar.

Eta kasurik nabarmenena politikaz hitz egiten dugunean ematen da. Hau lotsa telebista piztu eta ustez herriaren etorkizunaren alde lan egiten duten horiek taberna zuloan baleude bezala hizketan ikustea, nork astakeria handiagoa esan zain egongo balira bezala! Eta guziok ordaintzen ditugun soldatekin ez dute inongo begirunerik, ez beraien lankideekiko baina are gutxiago gizartearekiko.

Eta denboraz, konturatzen zara ez zarela gai alderdi ezberdinak bereizteko, hau da, euretatik nor den zozoa eta nor den belea. Itxuraldatu egiten dira guztiz, sudurra beharrean mokoa ikusten diezu, begi txiki beltzak eta ilajearen ordez, lumajez estalitako animalia bilakatzen dira politikoak. Harrapakina noiz despistatu zain daude beren tokietan, erasotzeko prest.

Aurpegiak aldatzen dira, eta zoritxarrez diskurtso bera mantentzen jarraitzen dute, apenas ezer eraldatu gabe. Eta garai berriak iristen diren arren, batzuek iraganeko hitz jario bera mantentzen dute, momentu bakoitzera egokitu beharrean. Aire freskoak ufa egiten digunean, aingura altxatu eta abenturatzeko unea izan beharko luke, oparotasunaren eta bizikidetzaren aldeko apustu sendoa eginez. Baina, badirudi, batzuek ere ez dutela hori nahi. Beleek zozoak txarrak direla dioten moduan, hitzaldi bera errepikatuko da bestaldetik behin eta berriz, benetako borondatea egon arte.