588 Zenbakia 2011-07-22 / 2011-07-29
Rocka, punka edota popa entzutera nahiko ohituta geundela, Iruñetik folka eginez tipo bizardun batzuk agertu zineten eszenategia gogor zapalduz!
(Barre) Hala dirudi, ezta? Taldeari Bizardunak izena ipintzea gainera, omenaldi modu bat izan zen, bai The Dublinners taldeari, edo Fidel Castroren bizardun lagun taldeari... Horrekin jolastu genuen apur bat, eta gainera, guk ere utzi genuen broma bezala. Baina orain, Bizardunak taldeko norbait bizarrik agertuz gero, publikoak exijitu egiten dio edukitzea! Oro har, publikoak garrantzia gehiago ematen dio guk baino, ezen guretzat anekdota izatera pasatu da.
Bederatzi bizardun. Talde lanean aritzea batzuetan zaila bada, zuentzako?
Oso konplikatua da. Gainera gu astean zehar bestelako lanetan aritzen gara, hau da, ez gara musikari profesionalak, eta oso zaila da dena bateratzea. Horregatik benetan pentsatzen dut taldeak ez duela askorik iraungo!
Egia da kontzertu piloa ematen ditugula, baina ez dago nahikoa dirurik lana utzi dezakegula pentsatzeko ere. Kontzertu asko eskaini arren egoera zail batetan gaudenez, beste horrenbesteri ezetza eman behar izaten diegu. Ez da erraza astelehenetik ostiralera lantokian egon eta astebururo hor zehar ibiltzea kontzertuak ematen.
Eztanda bat moduan ikusten dugu Bizardunak; noiz arte iraungo duen ez dakigu, baina momentu honetan hemen gaude, eta gogotsu! Argazkia: © Bizardunak.
Taldea epe motzeko proiektu gisa hasi zen arren, luzatu egin diozue bizitza. Seriotasun handiagoz jarduten zarete orain?
Seriotasunari buruz hitz egiterakoan bi gauza desberdindu beharko lirateke, hau da, zer hartzen dugun serio eta zer ez. Diskoa egiteko estudiora sartzen garenean adibidez, serio hartzen dugu: ongi jotzen dugu, letrei izugarrizko garrantzia ematen diegu...
Bestalde, zuzenekoetan parrandan pentsatzen dugu gehiago, ikuskizun on bat ematea da gure xedea, eta agian ez diogu horrenbeste kasu egiten ongi jotzeari... Bi gauzak egin daitezkeela iruditzen zaigu! ( barre)
En zugzwang bigarren diskoa kanta propioekin osoturik dago. Hor ere, aldaketa nabaritzen dugu lehenengo lanarekin alderatuta.
Bizardunak diskorako bertsioak egiteko orduan aukeratu genituen abestiak ez ziren oso ezagunak, baina bagenekien paregabeak zirela eta horrek diskoa sortzeko ziurtasun bat ematen zigun. Kanta irlandarrak maite ditugu eta bai ala bai horiekin lan egiteko desiratzen geunden.
Halere, bazuen arrisku bat bertsioekin diskoa sortzeak, hain zuzen, jendearen kritikak errazago jaso genitzakeen, batzuentzako bertsioa ez delako fidelegia originalarekin alderatuz, edo larru sendoa geneukala esan zezaketen besteek —nahiz eta inork ez digun ezer leporatu! (barre).
Egia esateko bidea lantzen ari ginen, taldeko inork ez zekien folk musikarik egiten, eta horretarako balio izan zigun bertsioak egiteak. Guztiz ezberdina izan da disko berrirako kanta guztiak guk geuk egitea, zerotik hastea moduko zerbait. Erronka bat, baina gogoa geneukan hori egiteko.
Eta gustura geratu zarete emaitzarekin?
Gu bai. Bagenekien arrakasta gutxiago izango zuela, folk–irlandarrak harrera hobea izaten duela badakigu eta. Aldiz, disko honetan folkaren beste adar batzuk jorratu ditugu, eta horrek entzule asko despistatu ditu. Jakin badakigu En zugzwang lanarekin desengainatuta sentitu zirela hasieran, eta gutxika gerturatuz joan dira eta diskoa ulertzen dutela ere esan digute hainbatek!
Lehengo diskoaren jarraipen bat espero zutelako agian?
Noski, eta guk guztiz kontrakoa egin dugu, ez genuelako errepikatu nahi. Halere, uste dut ildo bertsua jarraitu dugula. Guri abesti bakoitza modu batetan irten zaigu, ez gara aurrekoei begira ibili ea antzik ote zuten jakiteko. Berdin zitzaigun, eta aurrera begira aritu gara. Bizardunak, 2011ko Azkena Rock Festibalean. Argazkia: CC BY — Alberto Cabello.
Akaso folk estilo ezberdina bai, baina, letrekin antzera aritu zarete; hau da, garrantzia izaten jarraitzen dutela.
Hori esaten dute! (barre) Halere, hemen ere abesti bakoitzaren letrak ezberdin tratatuta daude, batzuetan oso argi ikusten da zer esan nahi dugun, eta bestetan aldiz, ez da horren garbi geratzen... Sarri leporatzen digute kritikoegiak izaten garela letretan!
Hitzek halere, badute komunean zerbait, eta hori, kolektibitateari begiratuta sortzen direla da. Hau da, ez ditugu maitasun kantak abesten, ez zaigu interesatzen eta. Gai sozialak eta politikoak hartzen ditugu ahotan, eta kanta batzuetan oso aldarrikatzaileak gara eta beste batzuetan aldiz, ditugun zalantzak botatzen ditugu.
Ez gara ohiko talde aldarrikatzaile horietarikoa, edo hori espero dut behintzat! Ez ditugu mitinak bota nahi, gure buruarekin oso kritikoak garen moduan, gure entzuleekin ere halaxe jokatzea erabaki dugu, beti zirikatzen eta eragin nahian.
Uste duzu kritika falta dagoela gaurko taldeetan?
Goazen egia esatera. Talde ezkertiarrak 80ko hamarkadan hasi ziren aldarriak egiten eta klixe bat bilakatu da gaur egun, behintzat kanpotik begiratuta: Euskal Herria, Palestina, ekologia eta beste lau gai hartu eta horiei buruz kantatuta, kontzertu batzuk irtengo zaizkizula ematen du.
Eta gu oso ezkertiarrak gara, eta gai horien alde egon arren, uste dut dauzkagun jenio bizia eta autokritika maila oso altuak direla, eta jarrera horrekin agertu nahi genuen publikoaren aurrean. Eta sarri jendea haserretzen zaigun arren, hori ere bilatzen dugu. Horrela, pentsarazi egiten diegu, ez da kontsumitzeko musika hutsa. Eta beti ari gara nola eragin dezakegun pentsatzen.
Kuriositatez, geratzen al da Euskal Herrian jo ez duzuen herririk? Izan ere, mendi puntan ere aritu izan zarete...
Geratuko dira baten batzuk, baina egia da toki askotatik deitu gaituztela, tabernetan, jaietan zein festibaletan jotzeko. Horrek, nire kasuan behintzat, aurrez ezagutzen ez nituen lekuak ezagutzeko aukera eman dit, turismoa egitekoa! Baina aurretik esan bezala, ez dugu nahi besteko denborarik lana eta musika uztartzeko eta ezetzak ere esan behar izan ditugu... Argazkia: © Bizardunak.
Bestalde, aipatu duzun bezala, mendian ere jo dugu, Eskoriatzako Aitzorrotzen, hain zuzen. Bitxia izan zen, eta denbora luzean oroitzekoa. Ez genekien nora gindoazen, eta egun benetan polita izan zen.
Aipatu esan bezala, tabernak, txosnak, festibalak... Giro ezberdinetan jotzeko aukera eduki duzue. Azkena Rock Festibala ireki zenuten 2011n, esaterako.
Egia esan, rockeroak izanda askotan egon gara ARFn, eta aurten ere entzule gisa joatekoak ginen. Pentsa nolako ezustekoa izan zen jotzeko deitu gintuztenean!
Halere, bada gauza bitxi bat, folk zirkuituetatik baino, rockarenetik deitzen digutela. Ez dakit folk zaleak beldurtuko ote ditugun gure musikarekin... (barre) Halere, eta folka egin arren rockero jarrerarekin igotzen gara eszenatokira.
Deituko bagintuzte, gustura joko genuke beste eszena horretan eta ziurrenik arrakasta izango genukeela! Baina talde guztiek dauzkate euren mugak, guk esaterako ez daukagu managerrik, eta ez ditugunez kontzertuak guk bilatzen, ateratzen direnekin oso pozik gaude.
Ez dakit zuen kasua ote den, baina honetaz dakitenek esan ohi dute azken urteetan kontzertuetara joateko ohitura galtzen ari dela...
Posible da horrela izatea, baina iruditzen zaigu Euskal Herria toki pribilegiatua dela kontzertuetarako. Talde asko daude, zaleak ditugu eta jende gaztea oraindik joaten da kontzertuetara...
Badakigu Espainia mailan joera bestelakoa dela, galtzen ari dela guztiz. Izan ere, estatuko talderen bati esaten badiozu zuk uda batetan 60 kontzertu ematen dituzula, harrituta geratzen dira. Horrelako eszena ez dago beste inon, eta zalantzarik gabe, euskaraz kantatzen dugun taldeok izugarrizko zortea daukagu! Nahiz eta pixka bat galdu den 90ko hamarkadarekin alderatuz gero, baina halere, oso ongi dago panorama. Halere, Bizkaia eta Gipuzkoan ematen dira aukera gehienak, Araba edota Nafarroan, esaterako, desberdina da eta. Ea irauten duen egoerak!
Hasieran aipatu duzu ez dakizula noiz arte iraungo duen taldeak... Halere, jarri al diozue zuen buruei helbururen bat?
Egia esateko, ez. Talde moduan hurrengo pausoa lana utzi eta ea zer gertatzen den ikustea izango litzateke, baina hori 20 urte dituzunean egin dezakegu; guretzako berandu da, batzuk familia osatu dugu, lana daukagu...
Beraz, orain arte moduan jarraitzea izango litzateke xedea, dagoeneko egiten dugu ahal duguna baino gehiago, zertarako beste ezertan pentsatu! Hori bai, folk festibaletarako atea irekiko balitzaigu, polita izango litzateke, beste mundu bat ezagutuko genuke eta.
Baina anbizio handirik ere ez dugu, inoiz ez dugu pentsatu aberastuko ginenik honekin, eta taldearen izaerarentzako hobeto, nahi duguna egiten jarraituko dugu horrela! Bizardunak (Nafarroa) Talde nafarra da Bizardunak; 2008an lagun talde batetik sortu zen ?horietariko batzuk musikariak ziren eta besteak ez?, eta euren hasierako asmoa disko bakarra burutzea zen arren, aurrera jarraitzea erabaki zuten edukitako harrera ikusita. Irlandako kantuak hartu eta beraien erara moldatu zituzten, instrumentu akustikoak baliatuz edota hitzen aldetik, 80ko hamarkadan egiten zirenetan oinarrituz, esaterako. Arrakasta eduki zuten Bizardunak diskoarekin eta kantu propioekin osatutako En zugzwang bigarren lana kaleratu zuten 2010ean.