588 Zenbakia 2011-07-22 / 2011-07-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zenbat gera, lau, bat...

GARAI, Maitane



Zenbat gera, lau bat, hiru, bost, zazpi! Halaxe dio Benito Lertxundiren kanta batek. Halere, bada kantuan aipatzen ez den beste zenbaki bat, zortzia hain zuzen. Argazkia: CC BY — Christopher Woo

Iruditzen zait zortziak baduela —edo izan beharko luke— nolabaiteko esanahi bat euskaldunontzat. Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek sortutako lurraldea da, halaxe identifikatzen baitute horietariko batzuek euren izana, eta zergatik ez guk gauza bera egin?

Pasatzen da, maiz ahaztu egiten zaizkigula kanpoko lagun horiek. Argentinarrak, estatubatuarrak, ingelesak, alemanak, katalanak, australiarrak... Nonahi daude euskal asaben sustraiak landatuta, eta zenbait kasutan urteekin ureztatu eta substratuz elikatu ondoren, zuhaitz sendo bihurtu dira; harro egoteko modukoa da haiek denboran bizirik mantendu duten sentimendua.

Eta ez da sentipen hutsa. Askok, ohiturei ere eutsi diete belaunaldiz belaunaldi, hizkuntza dela, dantzak direla, musika dela, herri–kirolak direla... Sarri leporatu izan zaie, baina, zortzigarren probintzian bizi direnei errealitatearekin bat ez egitea, antzinako Euskal Herriaren ideia idealizatua izatea eta abar.

Ados. Batzuek halaxe jokatu izan dute, baina azken belaunaldietako seme–alabak horren jakitun ere izan dira askotan, eta urrats bat haratago joatera animatu dira. Internetek asko ahalbidetu du gaur eguneko Euskal Herria eta egoera sozio–politikoa ezagutzea. Rock talde berriekin dantzan ipini dira, esaterako; edota beraietariko askok bisitatu dute euren aitona–amonen sorterria eta maiz, etxean entzundakoak eta beraiek ikusitakoak bat etorri ez arren, euren identitatea sendotzen lagundu izan die begiak irekitzeak.

Harrotasunez daramate euskaldun izatea, eta guk ere, gehiagotan eduki beharko genituzke gogoan munduan barrena sakabanatutako lagunak. Goraintziak guztioi!