Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak nazioartean: Edinburgo, goitik eta behetik
Edinburgo Eskoziako ekialdean kokaturik dago, 450.000 biztanle ingururekin, eta herrialde honen hiriburu politikoa da. Mundu osoan ezaguna da bere gazteluagatik eta udan zehar, abuztuan, dituen jaialdi kulturalengandik. Edinburgoko gaztelua. Argazkia: CC BY — Jordan S Hatcher
Edinburgoko kondaira oso aberatsa da. Harri arotik gaur egun arte jendea bizi izan da hemen, eta horren aztarnak, bereiziki Erdi Aro eta Berri arokoak, hiriaren eraikin askotan ikusten dira. Iparraldeari “Atenas” deritzo, ederra da benetan, baina zeru urdin gutxiagorekin!
Urte asko hemen bizitzen izan eta gero eguraldiaren “garrantziaz” ikasten da, horregatik honen aipamena hasiera honetan. Edinburgo oso haizetsua da, eta eguraldia guztiz aldakorra: egunean zehar urtaro guztiak eman ahal direla esaten da, eta egia da. Prest egon horretarako.
Hiriaren tamaina egokiak asko laguntzen du Edinburgo oinez bisitatzen, bereiziki bere auzo ospetsuenak, “The Old Town”, edo alde zaharra, eta “The New Town”, aro berriko auzoa. Hauen bien artean “Princess Street” dago. Hemendik alde zaharraren bista ederrenetariko bat duzu, gazteluarena bereiziki, behetik ikusita.
Princess Street zentroko kale nagusietako bat da, dendaz beterikoa, eta hiri–busen gunea. Kale honetatik Edinburgoko edozein lekura joateko autobusa topatuko duzu. Kontuan izan hiri–bus txartelak erosterakoan bueltarik ez dela itzultzen, “exact fare” eskatuko dizute, hau da, tarifa zehatza (£1.30 txartela bakarra edo £3.20 egun osorako). Kale honen alboan hiriaren tren–geltoki nagusia, “Waverley Station”, topatzen da, eta hemen ere, Turismo bulego nagusia eta Edinburgoko bisita turistikoa egiteko autobus bereziak daude, ezin galtzekoa. Princess Street. Argazkia: CC BY — Romain MOREL
The Old Townen ardatza “The Royal Mile” da, sumendi zahar baten gainean bilduta. Goi aldean gaztelua dago eta behean Holyroodhouse Palace eta Eskoziako parlamentu berria. Kalearen izena bere neurritik dator, milia bat, eta bertan eliza, museo, denda, jantoki, eta txoko zoragarri asko topatuko dituzu. Bisitari pila ikusiko dituzu ere, zu bezala, argazkiak eta erosketak egiten, baina sartu eta “galdu” zaitez hemen dauden “close”etan, kale nagusitik ateratzen diren kale txikietatik, eta lasaitasun gehiagorekin denboran atzeraka erraz bidaiatuko duzu hareharriz egindako hiri honetan.
Edinburgoko berezitasun eder bat bere zentroa eta kale turistikoetan jendea bizi dela da, sarritan atzerriko hirietan gertatzen den alderantzizkoa. Aspaldi bildutako solairu etxeak, “tenements”, edonondik daude, Eskoziako beste hirietan bezala.Gora begiratu etxe hauen arbelezko teilatuetan dauden tximini ugariak ikusteko, ezaugarri bitxia da.
The Old Town bisitatu eta gero, palazio eta parlamentuaren alboan “Arthur?s Seat” muinoa topatuko duzu, sumendi zahar bat, hau ere. Goraka doan espaloia hartu eta bira ematen dion bidea jarraituz, edo bestela pista txikiak hartu eta hiri erdian izanez Eskoziako mendi eta zelaiez zerbait dastatuko duzu. Gora iristerakoan Edinburgo osoa ikusiko duzu gainetik, eta urrunago ikuspegia izango duzu. Merezi du.
Arthur Seat igotzea gehiegi iruditzen bazaizu, eta Edinburgoko gazteluan sartu ez bazara — hemendik bistak oso onak dira baita ere —, Princess Streeteko bazter batean hurbil dagoen “Calton Hill” mendixkara igotzeko aukera duzu bista zoragarrietarako ere.
Calton Hillen alboan “The New Town” duzu, XVIII. mendetik aurrera bildutako auzo burgesa. Alde zaharrarekin konparatuz oso ezberdina da, simetriaz eta “townhouse” delakoekin — familia aberatseko etxe bakar handiak — beterik. The Royal Mile kalea. Argazkia: CC BY — Martin Pettit
The New Town monumentu gutxiago ditu, baina bere kaleetatik ibiltzeak merezi du, adibidez Royal Botanic Garden edo lorategi botanikora joatea. Lorategi hau Erresuma Batuko bigarren lorategi botaniko hoberena dela diote, Londreseko Kew lorategiaren atzetik. Sarrera doakoa da negutegia (“The Glasshouse Experience”) bisita ezik.
Eta nire azken proposamena, Edinburgo behetik ikustekoa, eta bisitari/turista gutxi dituena, “Water of Leith Walkway”, Edinburgo zeharkatzen duen errekaren alboan bildutako bidetik paseatzea da. Bideak 18 kilometro ditu, baina hurrengo zatia egiten ahal duzu bakarrik: “Modern Art” eta “Dean Gallery” museoen lorategian dauden eskaileratatik jaitsi eta hor bertan topatuko duzu bidea. Bertan iraganean erabilitako irin errota batzuk gelditzen dira oraindik, eta “Dean Village”, Dean herritxoa, erroten inguru bildutako komunitatea topatuko duzu, toki benetan pintoreskoa. Gora begiratu eta hiriko zubi handiak eta aldapatan bildutako etxeak ikusiko dituzu behetik. Bidea jarraitu Stockbridge auzoraino eta han jatetxe eta dendekin aurkituko zara berriz, “zibilizazioan”. Hortik lorategi botanikorantz joan, aurretik egon ez bazara, edo Princess Street aldera igo, ibilaldia bukatzeko.
Edinburgo asteburu batean nahiko ondo ikusten ahal den hiria da. Aste oso bat betetzeko bisitak eta ibilaldiak daude baita ere, eta hasieran esaten nuen bezala Eskozia osora hemendik joateko oso ondo kokaturik dago. Glasgow adibidez trenez, hiri zentrotik 50 minutura dago. Gauetan gazte bizi ugari dago Edinburgon, tabernak eta musika tradizionala edo modernoa entzuteko eta dantzatzeko lekuetan. Edinburgoko hiru unibertsitateekin eta lan egitera edo ingelera ikastera datozen ikasleekin betetzen da. Zuei uzten dizuet hau esploratzea!