Euskonews Gaztea
Gaiak: Astopista, lanak eta haserreak
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Egunero hartzen dut autobidea lanera joateko. Egunero, Donostia ingururainoko joan–etorrian ordu eta erdi inguru pasatzen dut eta horrek, nola ez, pentsatzeko denbora asko ematen dit. Argazkia: CC BY — Jack W Reid
Gauza asko etortzen zaizkit burura, batzuk bizitza pribatuari buruzkoak, edota lanekoak, eta azken aldian, autobidea bera kudeatzen duen jendearen gaineko gogoeta egitera bultzatu naute egiten ditudan joan etorriek.
Egia da guztiok atsegin dugula bideak egoera onean aurkitzea eta horretarako, ezinbestean gaizki dauden eta arriskutsuak izatera irits daitezkeen tarteak konpontzea normala da. Lan horiek baina, bi mailatan banatuko nituzke.
Alde batetik, igarri ere egiten ez diren lanak aurkituko ditugu, hau da, adibidez lauzpabost egunez tunel edo errepide zati bat itxita edukitzen dute eta zabaltzerakoan ez dakizu zer demontre egin duten. Horrelakoak gehiegitan pasatzen direla iruditzen zait eta noski, niretzako, amorru gehien ematen duten lan motak dira.
Gero bigarren kategorian sartuko nituzke begi bistakoak izaten diren lanak, hau da, egun pare batez izorratu arren emaitza garbiak ikusten direneko horiek.
Bost urte dira kostalderaino joaten naizela eta bene–benetan diot, ez dakit sekula egokitu zaidan obra gabeko bidaiaren bat egitea! Pentsatu eta pentsatu, uste dut ezetz; beti dago zerbait, beti kilometroren batzuk ustezko lanek hartuta.
Eta orduen ordainlekura ailegatzen zara eta berdin ordaindu beharko duzu (kontuan hartuta, ez dela bat ere merkea) eta kexatuz gero, kasu egin beharrean, etorkizun batetan erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko lanak direla esango dizute. Baina zein etorkizuni buruz ari gara berba egiten, egun batean eta hurrengoan eta hurrengoan aurkitzen baditugu lanak?
Gutxienez, merkexeago kobratuz gero, poztasun apur bat gehiagorekin hartuko genuke ASTOPISTA.