Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Zea Mays. (Musika taldea): Sentimendu ezberdinak sorraraztea eta jendeak kanpora ateratzea dira gure kantuen helburuak
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Has gaitezen azken diskotik. ERAk argia ikusi zuenetik hilabete batzuk pasatu dira, eta dagoeneko perspektibaz begiratzea daukazue.
Egia esan behar badugu, oso ona izan da publikoaren erantzuna. Diskoak harrera ikaragarria izan du eta kontzertuetan asko igartzen da hori. Pozik geratu gara beraz, emaitzarekin!
Zer da ERA bere anai–arrebetatik daukan bereizten duen hori? Egia da disko guztiak desberdinak izan arren, badituztela genetikari erreparatuta komunean gauzak. Halere, disko bakoitza bakarra da, baita ERA ere. Dantzagarriagoa da, zuzenagoa eta positiboagoa, oro har. Argazkia
Gainera, Negua joan da ta kantaren bideoklipak —keinu hizkuntzan interpretatua— ez du inor axolagabe utzi!
Abesti oso polita eta entzungarria da, ikasteko erreza eta horreri Ainhoaren espresibitateri lotuta bagenekien jendeari gustatuko zitzaiola, baina ez genuen erantzun hain handia espero!
Hamalau urte taula gainean; maketa bat eta zazpi disko kaleratu dituzue orain arte.
Urte guzti horietan nabaritu dugu, bai, gure baitan bilakaera bat. Esan genezake aldaketa asko jasan ditugula musikalki, eta abestiak egiterakoan adibidez, azkarrago lortzen dugu egin nahi duguna.
Halere, musikatik bizi ez diren musikariak zarete.
Egia da pentsatu izan dugula dena utzi eta %100ean musikara dedikatzea, eta egin ez dugun arren, ez zaigu burutik kendu ideia hori. Halere, planteatu arren, ez dugu uste momentu honetan egin daitekeenik. Halere, saiatuko gara musika gure denboraren ehunekorik handiena izatea.
Beste lan batzuk ditugunez lanerako moldatu behar izaten gara. Hasieran guztiok batera sortzen genituen kantak. Baina orain ideiaren bat ekarrita, lokalean dena grabatzeko prest izanda, estrofa estribilloak grabatu eta balio duena aurrera eramaten dugu, balio ez duena baztertuz.
Eta lan egiterako unean, hau da, sortze–prozesuan buru–belarri zaudetenean, pentsatzen al duzue publikoak izan dezakeen erantzunean?
Gu geuk egindakoan sinesten ez badugu nork sinestuko du? Ez gara publikoak atsegin izango ote duen begira hasten, lehenengo gu geu gustura gelditu behar gara, bestela diskoak ez lirateke guretzat atsegingarri suertatuko.
Hori horrela, auto–zentsurarik gabe aritzen gara eta Zea Maysen kantuei begiratuta ikusten da, denetarik aurkitzen baitugu gaiei dagokienez, zorionez! Argazki Oina
Eta letra horiekin nolabaiteko “boterea” duzue, jendeagan eragiteko aukera daukazue, apur bat bada ere.
Oso polita da jakitea guk idatzitako zerbait pertsona bakoitzak bere bizitzara eraman al duela eta berea egin al duela.
Kantuekin, hau da, dela letra edota melodiekin, sentimendu ezberdinak sortaraztea eta jendeak kanpora ateratzea da gure kantuen helburua, batzutan poztasuna bestetan negarra... Lortuz gero, xedea bete dugula esan genezake!
Eta terapia modu ederra da eguneroko bat edo kanta bat idaztea... barruak usteko balio du, ezta?
Ba bai, terapia ederra da barruan daukazun hori kontzertu oro botatzea!
Euskal Herrian eta kanpoan eman dituzue kontzertuak, publiko ezberdinak aurkitu dituzue?
Bai, noski. Baina ez dugu ahaztu behar Euskal Herrian ere publiko ezberdinak daudela. Halere, euskaraz kantatzen duen taldea izanda ere, kanpoan aritzeak erakusten du musika bera dela hizkuntza internazionala da eta ez daukala mugarik.
Musika kontsumitzeko moduak aldatzen joan dira urteekin: biniloak, kaseteak, CDak, berriro biniloak! Nostalgikoak gara eta berriro iritsiko dira kaseteak?
Dauden sistema berriak ikusita ez dugu uste kaseteak itzuliko direnik! Baina argi dago musikariak oso erromantikoak garela eta formatu guzti horiek baztertzea oso zaila dela guretzat.
Argia da gaztetxeekiko daukazuen konpromisoa eta azken aldian Bilboko Kukutzak bizi duen egoera ikusita, hitzik esan nahi?
Gaztetxeak oso garrantzitsuak izan dira Euskal Herrian musika taldeentzako, estatu mailan ez dago jotzeko hainbeste posibilitaterik, eta hori, gaztetxeek egindako lanari ezker izan da. Kukutza guretzat oso garrantzitsua da kulturalki egiten duten lana izugarria baita eta oso garrantzitsua da zaintzea, bultzatzea eta defendatzea. Zea Mays (Bilbo) Aiora Renteria abeslariak, Asier Basabe bateriak, Ruben Gonzalez baxuak eta Iñaki Imaz gitarrak osatzen dute Zea Mays taldea. Bilbon eratu zen 1997an eta Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazi zutelako eman ziren ezagutzera. Ordutik, zenbait disko kaleratu dituzte: Zea Mays (1998), Elektrizitatea (2000), Harrobian (2002), Sortuz, grabitatearen aurka (2005), Morphina (2007) eta Era (2011).