589 Zenbakia 2011-07-29 / 2011-09-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Pastorala, Xiberoko arima

BARTHEZ, Naia ESTEBEN, Mailis

Kanboko Xalbador Kolegioko ikasleak



Agorrilaren 8an eta 11an, denak Larrañera Monzon pastoralaren ikusteko, Jean Bordaxarrek idatzitako pastorala!

Abentura bakar eta hunkigarria denez, pastorala aipatzea hautatu dugu berataz mintza gaitezen merezi baitu. Ziur gara ez garela ez lehenak ez eta azkenak hartaz interesatzen garen pertsonak Bereterretx pastorala, 2005ean. Xiberoa eta pastoralaren historia, ezaugarriak

Pastorala noiztik heldu den eta zer den zehaztu aitzin, pentsatu dugu garrantzitsua zela Xiberoa amini bat aipatzea. Euskal Herriko probintzia ttikiena da, eta erraiten da estonatzen duen bezainbat liluratzen duela. Toki berdea da, mendiz eta muinoz betea. Xiberoa 15000 inguruko biztanlez osatua da. Probintzia basa dela erraiten da ere, tradizionalak diren gauzak atxikiak baitira han, adibidez pastorala edo maskarada.

Pastorala XVI. mendean agertutako antzerki musikatua da eta Xiberoako kulturan funtsezko lekua du.

Urtero, xiberutar herrixka batek bere gain hartzen du pastorala antolatzea. Konkurrentzia handia bada bi emanaldi tradizionalek herrixka biziarazten baitute. Urtero, Euskal Herri osoa biltzen da horren ikusteko. Bereziki ikus–entzule usatuak etortzen dira, pastoralaren mekanismoak gogoz ezagutzen dituen jendea beraz, bainan baita ere turistak, kuriosak baitira edo kontseilatua izan zaielako etortzea.

Emanaldi honen ezaugarri nagusia borroka da. Gizartea bi partetan zatitua da eta bakoitzak eszenaren toki bat okupatzen du (eskuina eta ezkerra aktoreen begietatik ikusten da eta ez publikoaren lekutik.)

Eskuineko ate urdinetik kristauak sartuko dira, “onak” bezala kontsideratuak direnak. Haien aurka, gorriak, ezkerreko ate gorritik ateratzen dira eta “txarra” erakusten dute. Pastoralean parte hartzen duten pertsona guziak ez dira euskaradunak bainan kantatuko dutenaren testua ulertzeko indar handiak egiten dituzte. Emanaldia bera

Emanaldia aktore guzien sartzearekin abiatzen da musikaren erritmoan. Ibilaldi hori bi lerrotan iraganen da: gorriak eta urdinak ondoan ibiltzen dira, lerro bakoitzaren buru bandera atxikitzen duen pertsona bat izanki. Denak eszena gainean direlarik, ongi kokatuak, pertsona bat aitzinatzen da banderak atxikitzen dituzten bi pertsonekin “lehen perediküa”ren kantatzeko. Lehen kanta honek publikoa agurtzea eta emanaldian aipatutakoa aurkeztea du funtzio bezala.

Ondotik, gutti gora behera hogoi ekitaldi badira dantzek eta kantuek tartekatuko dituztenak. Haien artean ekitaldi batzuk pastorala guztietan atzemaiten dira hala nola “artzainek” ardiak eszena tokira igoarazten dituztelarik edo errepikatuko den bataila gorri eta urdinen artean.

Bukaeran, berriz ere aktore guziak eszena gainera igotzen dira, azken kantorearen kantatzeko. Horren ondotik, “lehen perediküa”ren manera berean, “azken perediküa” da.

Koadroari dagokionez, emanaldia kanpoan iraganen da, pentze handi batean, eszena, 4000 pertsonendako jarlekuak, ostatua aterpetuko duen karpa, jateko lekua eta aparkaleku bat emaiteko lekua izan behar baita. Kulizen goian, publikoaren parean aurkitzen da musikarien lekua; emanaldiaren ezaugarri beharrezkoa da. Taldea euskal musika tresna tradizionalez osatua da : txülüla, ttunttuna, tabala... Belagileen trajeria pastoralaren une bat.

Errejenta pastoralaren gizon gako bat da, eszenografoa da gutti gora behera. Trebatzeak gidatzen ditu eta aktoreei kadentzia erakusten die. Gehienetan Jean Pierre Recalt izanen da.

Pastorala baten muntatzeko, gaitzeko proiektua bada ere, herritarren artean harremanak asko azkartzen dira. Denak sustengatzen dira eta bereziki elgar ezagutzen ikasten, astero otsailetik uztailera ikusten baitira. Elkartasun handia sortzen da: pastoralak herrixka batzen duela erraiten ahal da. Belagileen trajeria

Hori dena egia dela badakit, 2009an, Belagileen Trajeria pastoralean parte hartu baitut. Aloze–Ziboze–Onizek antolatu zuen. Herrixka hori 320 biztanlekoa da eta hiru auzoz osatua, 1859an batu zirenak.

Pastorala hori Ttiittika Recalt–ek idatzi zuen; 1609an gertatutako, Lapurdiko sorginen istorioa kondatzen duena. Errana izan zen gure pastorala desberdina zela hiru arrazoiengatik bereziki:

– Lehena, apeza gorrien aldean, zen “gaixtoekin” beraz, alta normalki beti urdinen aldean da. Horrekin erakutsi nahi zuen nere ustez populua saldu “zuela” garai hartan.

– Bigarrena da, beste pastorala guzietan haur gazteek aingeruak egiten dituztela eta urte hartan ez zen izan. Haurrok populuko emazteen seme alabak irudikatzen genituen.

– Azkena, ez zen süjeta berezirik, erran nahi baitu ez zela errola nagusirik, beste pastoraletan bezala (gehienetan pertsona baten historia kontatua da) eta hor, garai bat erakutsi nahi zuen Ttittikak ez eta protagonista baten bizia. Pastoralaren berpiztea azken urteetan

Azken urte hauetan pastorala lehen baino gehiago bultzatu da, horren froga da 2016 arte pastoralak erreserbatuak direla jada. Horrek erran nahi du herri batek deliberatzen badu pastorala baten antolatzea, bost urte goitatu behar dituela egiteko. Azken urteetako pastoralak

Data Lekua Titulua Idazlea 2000 Eskiula Madeleina de Jauregiberri Pierre Paul Berzaitze 2001 Xohüta Xiberoko makia Jean Louis Davant 2002 Altzürükü Urruti jauregiko Peixot Niko Etxart 2003 Idauze Ramuntxo Pierre Paul Berzaitze 2004 Maule Antxo haundia Jean Louis Davant 2005 Ligi Bereterretxeko trajeria Junes Cazenave 2006 Santazi Santa Engrazi Junes Cazenave 2007 Gamere Zihiga Enaut Elizagarai Junes Cazenave 2008 Espeize Xiberoko Jauna Jean Louis Davant 2009 Aloze–Ziboze–Omize Belagileen Trajeria Ttittika Rekalt 2010 Barkoxe Xahakoa Patrick Queheille 2011 Larrane Telesforo Monzon Jean Bordaxar

Dominique Recalt–i galdezketa bat egin diogu azken egun hauetan informazio gehiago ukaiteko bere ikusmoldeari buruz :

Beraz hasteko, zertarako hautatu duzu gai hori pastoralarendako ? («sorginen» historioa) Nik hori hautatu dut bi arrazoiendako: lehena da nire neska laguna feminista baita eta ohartu naizelako berarekin hitz eginez gaur egun ez zela hori guztia desagertu. Pusatu nauena idaztera da ez nuela nahi beste pastoralak bezala egin, erran nahi baitu pertsona nagusi bat eta historian ezaguna dena hartu. Eta nik nahi nuen pastorala erabili antzerki batendako eta antzerkia erabilia da gauzak salatzeko eta nere ustez gauzak ez dira hainbeste aldatu 500urtez. Historia hori Euskal Herriarenaren berdina da : aldatzen badira protagonisten izenak gaurko politiko protagonistekin, ber jarrera aurkitzen da.

Bai, eta zergatik nahi izan duzu pastorala hau idatzi ? Ez dakit sobera, batzutan gauza batzu egin nahi ditugu ; gehiago plazer hartzeko nere ustez.

Ados. Beste pastorala batzu idatzi ote dituzu ? Bai idatzi dut Oiherkoren trajeria 2006an Ahüzkin egina izan zena. Pastorala kontenporanoa zen, ez zen tradizione tarkoen artean kondatua izan.

Zure ustez, geroz eta garrantzia handiago hartzen du pastoralak? Errana da 2016.urtea arte izenak badirela, ongi da erran nahi baituelako asko galdegina dela bainan baita ere jendeak ez duela nahi bi pastorala izaitea urtean.

Zure ustez zergatik hainbeste galdetua da? Hainbeste galdetua da jendeak izigarri ongi bizitzen baitu : bixkotxak egiten dituzte, kantatzen dute, mementu onak pasatzen dituzte... Aberastasun bat da !

Ados, milesker. Eta azken galdera, beste pastorala baten idaztea pentsatzen duzu? Ez dakit batere, mementuko ez, ikusiko beharbada berantago.