590 Zenbakia 2011-09-02 / 2011-09-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXI): Donostia

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bertako zein kanpoko turistak erakartzen dituen hiria da Donostia. Ez zaie arrazoirik falta lagun horiei bertaratzeko: arkitektura ederra, gastronomia edota hondartzara joateko toki ezagunak dira zergati horietariko batzuk. Zurriola hondartza eta urrutian, Kursaala eta Urgull Mendia. Argazkia: © Juan Mari Zurutuza (3digitala)

Historiari errepaso txiki bat emanez gero, zenbait datu azpimarra genitzake; esate baterako, XII. mendean Nafarroako Antso Jakitunak hiribildu izateko eskubidea eman zion Donostiari. Aro modernoagoetara etorriz, berriz, eta XIX. mendean kokatuz, hainbat gertakari eman ziren: mende hasieran, 1813an, gertaera latza jazo zen, hain zuzen, gerra napoleonikoen porrotaren ondorioz, armada frantsesaren azken babeslekua zen Donostiako herritarrek arpilatze, bortxaketa, tortura eta beste pairatu zituzten. Horri, ezaguna den gertakaria gehitu zitzaion; hiriburuan urtero gogoratzen dute Abuztuaren 31 beltz hura, Trinitate kalea izan ezik, hiria suntsitu zuen erreketa.

Errautsetatik, Donostia poliki–poliki joan zen eraberritzen Urgull mendi magalean. Gipuzkoako hiriburua dugu egun, baina ez da beti hala izan; hain zuzen ere, 1844tik hamar urtez, Tolosa izan zen lurraldeko hiri nagusia, harik eta 1854an Donostiak lekukoa hartu zion arte. Plan anitzak

Donostiak aisialdi aukera bikainak ematen dizkigu bertaratuz gero. Hasieran aipatu bezalaxe, hondartzara joan gintezke, eta horretarako, Ondarreta, Kontxa edota Zurriolara ditugu aukeran. Konstituzio plazako arkuak, apainduta Argazkia: © Juan Mari Zurutuza (3digitala)

Baina agian, bestelako bisitaldietarako aprobetxatu nahiko genuke eguna, zergatik ez. Alde zaharrean barneratuta, San Telmo museo eraberritura gerturatu gaitezke, esaterako. Edota Aquariumera abiatu eta urpeko bizimodua gertutik ezagutzeko parada eduki eta arrain, marrazo eta bestelakoen begiradapean egingo dugu bisitaldia.

Arkitekturari dagokionez berriz, altxor ugari aurkituko baititugu Kantauri itsasora begira dagoen hirian. Artzain Onaren katedrala, esaterako; estilo neo–gotikoa dauka eta Manuel Etxaberen diseinuarekin 1888an hasi ziren eraikitzen. Bestalde, garai bertsukoa da (1893) Miramar Jauregia, eta bertako lorategitik Donostiaren ikuspegi ederra aurkituko dugu. Urrutira, Alderdi Ederreko lorategiaren eta Kontxako hondartzaren ondoan udaletxea begiztatuko dugu; bitxikeria moduan, 1897an altxatu zenetik eta 1924ra bitartean, kasino izaniko eraikin dotorea da eta 1947tik udal gobernua kokatzen da bertan.

Bisitarien arreta deitzen duen beste eraikuntza bat Moneo arkitektoak diseinatutako Kursaal jauregia dugu, 1999an inauguratua; bertaratzeko asmoa baduzu, Zurriola hondartza aldamenean aurkituko duzu.

Logikoki, Donostiak beste makina bat harribitxi ditu bere baitan: Victoria Eugenia Antzokia, Haizearen orrazia, Santa Klara uhartea... Eta nola ez, horren ezagun bilakatu diren pintxo aukera zabalak dituzten tabernetako barrak! On egin!