591 Zenbakia 2011-09-09 / 2011-09-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXXII): Markina-Xemein

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Bizkaia aldean, kostatik gertu baina mendiz inguratuta topatzen dugu gaurko helmuga. Goiko Portala plaza. Argazkia: CC BY — FreeCat

Ez da Lea–Artibai ingurura gerturatzen garen lehenengo aldia, baina oraingoan Markina–Xemeingo udalerrira hurreratu eta Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko Euskonews Gaztean abiatutako ibilbide sortari jarraipena emango diogu.

Hala, 1355ean Bizkaiko Jaun eta Alfonso XI.aren seme Telloren aginduz Villaviciosa de Markina izeneko udalerria bisitatuko dugu. Bizkaiko lurraldean kokatuta, baina Gipuzkoatik horren gertu egonik, azken horretatik burutu zitzaketen erasoen jakitun, ez da harritzekoa hasiera–hasieratik defentsa egitekoa bere gain edukitzea udalerriak.

Baina gainera, XIV. mende hartatik, eskumenak gorabehera, hainbat iskanbila eduki zituen Markinak inguruko elizateekin; eta denbora luzean hika–mikatan aritu zirela erakusten dute dokumentuek, hain zuzen XVII. mendera bitartean. Denboran aurrera egin eta XX. mendeari begiratu bat emanez, ikusiko dugu 1952an Markina herriari Xemein elizatea gehitu zitzaionean hartu zuen egungo izen eta izana. Ikusteko hamaika leku Osteratxoak emateko toki apropos ugari daude Markinan. Argazkia: CC BY — Gari

Antzinatik pasatzen dira erromesak Markinatik Santiagora bidean eta kostaldeko Donejakue bidea egiten duten gizon eta emakumeak hartzeko aterpetxea eta guzti dauka herriak, interesa edukiz gero. Txikia da, eta Karmengo komentuan dago kokatuta, hain zuzen, XVII. mendekoa eraikinean.

Hala eta guztiz ere, Markina–Xemeinek kutsu erlijioso zein zibileko eraikin multzo anitza dauka. Aipatzekoa da, Euskadiko Monumentu Nazional izendapena jasotzen dutela horietariko batzuek; esate baterako, XVI. mendeko Andra Mari Jasokundearen elizak edota XIX. mendeko kanposantu neoklasikoak. Baina horretaz aparte, badaukagu zer ikusi mendiz inguratutako herrian: Gurutzetako Amaren edo Eliza Txiki ermita (XVI) Mesedeetako komentu eta eliza (XVIII), Solartekua jauregia (XVII), Murga Jauregia edo Bidarte dorretxea (XVII), edota Antxia dorrea (XVII), askoren artean.

Geratzen zaigu baina, zer begiztatu Markinan eta herriaren historiako une ezberdinetara eramango gaituzten beste eraikin, iturri zein armarriak gure begiekin deskubrituak izateko zain ditugu. Beraz, emandako zertzelada hauek irakurri ostean, onena, Markina–Xemein ingurura joan eta tokia bertatik bertara ezagutzea dugu. Gonbidatuta zaude!

‹‹Orain arteko ibilaldiak››