591 Zenbakia 2011-09-09 / 2011-09-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hizkuntza hautua

GALDOS, Aintzane



Ingalaterran jaio izan banintz, ingelesez hitz egingo nuke; Brasil izan balitz nire jaioterria, portugesez mintzatuko nintzateke. Euskal Herria daukat, baina, nire etxetzat, eta euskaraz bizitzea hautatu dut; bertako hizkuntza izanik, logikotzat hartu beharko litzatekeen jarrera, baina askok ordea, lengoaia arrotzean murgiltzea nahiago izaten dute. Argazkia: CC BY — Caitlinator

Norberak egiten du hizkuntzaren hautua. Egia da hezkuntzak eragina izan dezakeela horretan; hau da, etxean gaztelaniaz bizi den batek akaso joera izango du berbeta horretan aritzeko, esate baterako. Baina gerta liteke alderantzizkoa, euskal giroan hazi eta hezitakoak erdal hizkuntzetako batetan komunikatu nahi izatea, eta kontrakoa.

Eta tristea da euskara horren aberatsa izanik ere, arrazoiak arrazoi, errefusatzen duten asko egotea. Bizkar gainean oraindik 40 urte luzetako diktaduraren zama daramagula esan genezake. Eta ezin dugu ahaztu tarte horretan lan “bikaina” egin zutela geurea den hizkuntza ederra gutxiesten eta zapaltzen. Eta neutralizatze lan horretatik ateratzeko garaiko euskaltzaleek burutu zuten lana ere ez zen nolanahikoa izan, militantziaren ideia hedatuz eta poliki–poliki bertokoa denak merezitako tokia izan zezan lan eginez.

Iritsi zen ikastetxeetan euskaraz ikas zitekeen eguna, gure hizkuntzan diharduten komunikabideak ere sortu ziren... Eta nolabait egoera normalizatzen, egonkortzen joan zen heinean, jendarteak militantziaz bizitzeari utzi zion, eta esango nuke, hor hasi zela nolabaiteko gainbehera. Lorpen ugari egin zirela zalantzarik ez dago, baina momenturen batean egoera gelditu eta zenbaitetan atzerapausoak ere eman direla esan dezakegu; adibidez, lanpostu publiko batzuetarako ez dela zertan euskaraz jakin behar.

Ez dakiten batzuek ikasi nahi ez, edota jakin arren erabiltzen ez dutenak; zaharrak zein gazteak, emakume eta gizonezkoak. Ez–erabiltzaileen perfila anitza da eta erabiltzaile egitera animatu beharko genituzke. Formula egokiaren bila laborategian sartuta daude adituak, eta egunen batetan berriz aurreraka joango garela espero dut. Benetan, edozein saltoki zein kale bazterretan, euskaraz hitz egiteko abagunea izan dezagun.