592 Zenbakia 2011-09-16 / 2011-09-23
Jai eguna geneukan larunbata. Uda honetan bi urte bete dira Aitornillo, Aitor Lopez de Sabando, lagun eta musikaria hil zenetik eta, ordutik, bazkari eta kontzertuekin omenaldi bat egiten diogu urtero. Omenaldiaren eguna zen, ongi pasatu eta lagun artean pasatzeko eguna. Argazkia: CC BY — Daquella manera
Goizean, errautsak bota genituen Opakua mendira bisitatxoa, sasi bazkari herrikoia eta gauean... kontzertuak. Garagardoen artean, lagunen artean. Dena ongi zihoan, gaua eskuetatik eskapatzen zitzaigun. Goizeko laurak aldera, Gasteizko gazteen etxean ia gau osoan pasa ostean.
Bertan geratu ziren lagun eta ezagunak agurtu ostean beste taberna batera joatea erabaki genuen. Gaztetxetik alde egin genuen eta... eskerrak. Guri gaua eskuetatik eskapatzen zitzaigun baina beste batzuei ostera, beste gauza bat zen eskuetatik eskapatzen zitzaiena.
Apenas hamar minutu pasaz zirenean Ertzaintzako agente deskontrolatu batzuek —udaltzaingoen laguntzarekin— Gaztetxera sartu eta parte hartze herrikoi eta eredugarri honen aurka egin zuten. Bertsio ofizialak pertsona batek iraindu zituela dio. Baina aitzakia al da hori 15 zauritu eragiteko? Korrikaldiak, identifikazioak eta atxiloketa bat izan ziren ekintza honen emaitza.
Gauza asko daude orain argitzeko. Zergatik oldartu ziren horrela, momentu konkretu honetan, gaztetxearen aurka? Beraien kabuz eginiko ekintza izan al zen? Zer esan nahi zuten “nosotros no estamos en tregua” bezalako esaldiekin? Zertara dator hau guztia? Non daude Ertzaintzaren azalpenak?
Haien aitzakia egia balitz ere, pertsona bakar bat atxilotzeko ez dituzu zertan 15 zauritu behar, ezta iraindu edo mehatxatu behar ere.
Eta hauei zeinek jarriko dizkie mugak?