592 Zenbakia 2011-09-16 / 2011-09-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zinemaldia: 59 urte izar artean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Pantailan pelikula bat ematen ari dira. Denboran atzera egin eta XX. mendeko bigarren hamarkadaren erdiraino eramaten gaituen filma da. Data: 1953. Lekua: Donostia. Ekintza: aurreneko aldiz ari dira ospatzen Nazioarteko Zinema Astea. Euri asko egin du ordutik eta horren erakusgarria da 2011ko irailaren 16tik 24ra bitartean Zinemaldiaren 59. edizioa egingo dela.

Hala, denboraren poderioz berritasunez joan da zipriztintzen nazioartean ezagun bihurtu den jaialdia. Esate baterako, izenak berak bilakaera jasan du urte guzi hauetan zehar, Nazioarteko Zinema Astea izenez sortu zena, Nazioarteko Zinemaldia (1954) eta Donostia Zinemaldia (2007) izatera igaro baita.

Donostiako Merkataritza Elkartearen ekimenez jaiotako jaialdi honek hartu duen proiekzio eta sona izango zuen gutxik espero zuten hastapenean. Apala zen hasieran, baina edizioz edizio handitzen joan da eta modu horretan, asko izan dira festibalera gerturatu diren etxeko zein kanpoko zinema munduko profesionalak. Batzuk besteak baino ezagunagoak, esperientzia handiagoarekin bizkar–gainean; besteak aldiz, euren opera prima estreinatzera gerturatu dira. Denen presentziak aberastu du, ezbairik gabe, Zinemaldiaren historia. Glenn Close, Donostia Saria 2011 Argazkia: Zinemaldia

Urtero eta 1986tik aitzina, Donostia Saria banatzen da, eta golardoak izar handi baten ibilbidea omentzeko xedea dauka; neurri batean honek are entzutetsuago bilakatu du jaialdia. Aurrenekoz Gregory Peckek jaso zuenetik ugari izan dira Gipuzkoako hiriburura bertaratu eta alfonbra gorritik paseatu direnak. Izen batzuk aipatzearren, Bette Davis (1989), Lauren Bacall (1992), Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Jon Malkovich eta Anthony Hopkins (1998), Richard Gere (2007), Antonio Banderas eta Maryl Streep (2008), Ian McKellen (2009) edota Julia Roberts (2010). 59ak dakarrena

Izen propio bat nabarmendu da azken aldian hitzordu honetaz mintzatzerakoan, eta bera, Glenn Close estatubatuarra da; 2011ko Donostia Saria jasoko du dirdira bereziko aktoresak irailaren 18an Kursaal auditoriumean.

Halere, eta Zinemaldiaren 59. edizioari errepasoa emanez, azpimarragarria da jaialdiaren zuzendaritzan eman den erreleboa; 2001tik karguan zegoen Mikel Olazireguiren lekua hartu du gogotsu Jose Luis Rebordino errenteriarrak.

Jaialdiari berari dagokionez, ohi duen bezala, sail ezberdinak jasotzen ditu bere baitan —Ofiziala, Zabaltegi, Zinemira, Horizontes latinos, Culinary Zinema...— eta guzira, 245 pelikula eskainiko dituzte jaialdiak irauten duen zortzi egunetan —iaz baino 52 gehiago; batzuek lehiaketan hartuko dute parte, eta besteek haietatik kanpo euren lana ezagutzera emango dute.

Gehienak atzerriko produkzioak diren arren, euskaldunak ere aurkitzen ditugu, nola ez. Gutxi batzuk aipatzearren, Sail ofizialean baina lehiaketaz kanpo aurkitzen den Bertsolari filma aurkeztuko du Asier Altuna zinemagile bergararrak. Berekin maiz lan egin duen Telmo Esnal zarauztarrak aldiz, Zabaltegi–Zuzendari berriak sailean umore beltz ukituko Urte berri on, Amona! estreinatuko du. Telmo Esnalen Urte berri on, amona! filmeko une bat. Argazkia: Zinemaldia

Eta euskal lanez ari garela, ezin aipatu gabe utzi Zinemira saila, hots, Euskal Herrian ekoiztutako zinearentzako txokoa. Hala, urte honetan bertan estreinatutako lau film proiektatuko dituzte: Arriya–La piedra (Alberto Gorritiberea), Un mundo casi perfecto (Esteban eta Jose Miguel Ibarretxe), Naufragio (Pedro Aguilera) eta Next music station: Lebanon (Fermin Muguruza). Horietaz gainera, hiru pelikula ere estreinatuko dituzte: Imanol Rayoren Bi anai, David Aguileraren Nao Yik eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren El último paso.

Aukera anitzak dira zine zaletuentzako Zinemaldia den hitzordu bikain honetan; askok aprobetxatzen dute bestela ikusiko ez luketen lanez gozatzeko eta horren erakusgarria da urtero iraileko bigarren hamabostaldia hasteaz bat Donostiara hurreratzen diren milaka lagunak.

Patxadaz eseri, itzali zure mugikorra, eta disfrutatu Zinemaldiaz.