592 Zenbakia 2011-09-16 / 2011-09-23

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Vicente Paredes. (Argazkilaria): Argazkilaritzaren demokratizazioa eman zen digitalerako saltoarekin

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Bilbotartutako alacantearra eta argiekin jolastea gustuko duen argazkilaria. GetxoPhotoko bosgarren edizioan bere lana ikus dezakegu eta aitzakia moduan hartu dugu harekin berba egiteko. Bere ogibideaz hitz egin dugu, teknologiari buruz eta Ortu urbanoa izeneko foto–dokumentalaren gainean aritu gara, besteak beste.

Zerk eraman zintuen argazkilari bilakatzera?

Bitxia dirudien arren, nire jaioterritik hona etortzeko arrazoi nagusia rock erradikalaren jarraitzailea nintzela izan zen. Eta zerbait ikasi behar nuenez gero, kazetaritzan eman nuen izena, EHUn. Han nengoela, foto–kazetaritza tailer batzuen berri eduki eta gustuko nuela ikusi nuen. Nire aitaren kamera batekin aritzen nintzen, zuri–beltzeko argazkiak ateratzen nituen, eta harrapatu egin ninduen guztiz arlo honek.

Hala, Londres aldera joatera animatu nintzen, eta urtebete egon nintzen bertan, hiru modulu eginez. Izan ere, garai hartan ez zegoen estatuan argazkilaritza ikasteko aukera onik, eta horrexegatik joan nintzen bertara. Esperientzia bikaina izan zen. Ortu urbanoak laneko irudi bat. Argazkia: © Vicente Paredes.

Eta handik Bilbora itzuli al zinen zuzenean?

Costa Ricako Prensa Libre egunkarian lan bat aurkitu nuen argazkilari moduan, hain zuzen ere gertakarien sailean. Gauez aritzen nintzen, eta poliziarekin patruila–autoan joaten nintzen, pentsa zer–nolako abenturak!

Gero, Bilbora itzuli eta foto–kazetaritzan jarraitu nuen aldi batez, harik eta aspertu eta publizitatera saltoa eman nuen arte. Azken hamar urteak horretan eman ditut, Bilboko alde zaharrean daukadan estudio batetan.

Beraz, zure kabuz zabiltza orain, freelance moduan.

Halaxe da. Egia da jende asko kexatzen dela freelance moduan lan egin behar izateagatik, baina niretzako ez da eragozpena. Costa Rican bizi izan nuen esperientzia oroituta, gogoan dut astean sei egunez egiten genuela lan, eta urtean 15 egun soilik genituela oporrak; ados, hemen baldintzak apur bat hobeak dira, baina ez dira niretzako.

Ni ez naiz momentuz autonomo moduan lan egiteaz kexatzen, denbora libre gehiago daukat, nire erara antolatzen naiz beharrerako... Gainera, gaur egun langabezia tasa altuak direla eta, lan egin ahal izateko modu bat ere izan liteke!

Ezaugarri identifikagarririk badaukate zure argazkiek?

Nik uste dut argazkilari bakoitzak bere ukitua ematen diola bere lanari. Teknikari dagokionez, esango nuke nire kasuan flasharen erabilera eta hori argi naturalarekin nola uztartzen dudan izango litzatekeela, adibidez.

Publizitate munduan gehien bat, baina bestelako lanak ere egin dituzu, ezta?

Bai, hala da. Esango nuke nire lana bi ildo nagusitan banatzen dudala. Alde batetik, enkargu bidez egiten dudana, eta bestetik, nire denbora librean burututakoa. Aurrenari dagokionez, batez ere publizitatea lantzen dut eta horrek ematen dit jatekoa.

Lanean ez nagoenean, foto–dokumental eremuan murgiltzen naiz, nire pasioa da argazkilaritzaren baitan. Ez dut inongo presiorik, nire xedea ez baita dirua irabaztea, maite dudan zerbait egitea baizik; gainera, nahi dudana egiteko askatasun osoa daukat. Eta emaitza interesgarria irteten bada, jendeak ikus dezan nahi izaten dut, bestela, tiraderan gordeta geratzen dira argazkiak, hautsa hartzen.

Horrek motibatzen nau erakusketak egitera, edota lehiaketatara aurkeztera. Egia da asko mugitu behar izaten naizela proiektuak aurrera eraman ahal izateko, baina zure lana ezagutarazteko funtsezkoa da. Ortu urbanoak laneko irudi bat. Argazkia: © Vicente Paredes.

Eta gainera, egiten duzuna aintzatesten badizute sariren batekin, aurrera egitera animatzen zaitu, nola ez! Ateak ere irekitzen zaizkizu, bide batez.

Eta badaukazu lanerako toki kuttunik?

Egia esan, gertu daukadanak estimulatzen nau, eta berdin zait esaterako, hiria edo nekazal gunea izan. Normalean ateratzen ditudan argazkiak landutakoak dira, hau da, ez dira espontaneoak. Baina beti eramaten dut nirekin argazki kamera txiki bat, eta zerbaitek interesa pizten baldin badit, kliskagailuari sakatzen diot.

Hasieran aipatu duzun moduan, foto–dokumentala lantzea gustuko duzu, eta adibide bat, martxan dagoen GetxoPhoton aurkitzen dugu.

Nire jaialdi gogokoena da GetxoPhoto, erakusketa bera nola planteatzen den originala iruditzen baitzait, kalera ateraz, galeria edota museoak ez diren tokietan erakutsiz... Gainera, gaur eguneko profesional on eta garrantzitsuenak ekartzen dituzte urtero, eta haiekin batera nire lana erakustea gozamena da, benetan.

Ortu urbanoa izeneko lana da GetxoPhoton daukadana. Hain zuzen ere, Bilbora iritsi nintzenean atentzioa eman zidaten hiri inguruko mendixketan ikus zitezkeen bidoi urdinek, eta ikertzen hasi nintzen. Hala, ohartu nintzen jendeak lur okupatuetan eraikitako ortuak zirela.

Gehiago sakondu, eta jakin nuen 60ko hamarkadan Espainiako landa eremuko herrietatik iritsitako langileak zeudela horien atzean. Hain zuzen, urte luzez lurra lantzen ibili ostean, odolean zeramaten zerbait zen eta Bilbo hiri industrializatuan ere euren tokia bilatzeari ekin zioten. Batzuek pentsa ezineko lekuetan — dorre elektriko baten azpian, trenbide alboan... — euren txokoa eraiki zuten. Derrigor behar dute nekazaritzarekin erlazionatuta jarraitzea, zerbait genetikoa balitz bezala da, eta gainera, desagertuko egingo dena, inork ez baitie erreleboa hartu.

Hasieran gauza estetiko batek erakarri ninduen ikertzera, baina ondoren, horren atzean dagoen giza osagaia ezagutzea izan zen helburua.

Zuk zeuk Bilbora iritsi zinenean bestelako hiriburua aurkitu zenuen, askoz industrialagoa...

Kutsu marjinalagoa zeukan hiriak orduan. Gainera, denbora honetan kutsadura aldetik–eta, bilakaera ikaragarria eduki duela ez dago zalantzarik. Garai hartako Bilboko itsasadarra ikusiz gero, kolore anitzak topatzen genituen, gorria zetorren batzuetan, berde edo grisa bestetan... Eskerrak egoera aldatu den, benetan!

Duela 20 urte Bilbora etortzea deprimitzeko modukoa bazen, gaur egun toki bitxi eta ederrak ditugu, eta hiriaz disfrutatzea ez da kostatzen. Lan handia egin da, zorionez. Bidoi urdinek erakarri zuten Vicente Ortu urbanoak izeneko lana burutzera. Argazkia: © Vicente Paredes

Bilbok bezala, urte gutxian izugarrizko iraultza bizi izan du argazkilaritzak; argazki–filmak errebelatzetik modu digitalera igaro gara, esaterako.

Prentsan nengoen garaian zuri–beltzeko argazkiak ateratzen genituen, eta gainera, egunkarian geneukan gela batetan errebelatzen genituen lanak! Eta bat–batean, diozun bezala, aldaketa erradikal bat bizi izan zuen argazkilaritzak eta nolabait esatearren, diziplina honen demokratizazioa eman zela gaineratuko nuke.

Hau da, digitalerako salto honek, jende asko animatu du argazkiak ateratzera; argazki kamera hartu eta arlo teknikoari horrenbeste kasu egin gabe, gainera. Eta bikain iruditzen zait, izan ere, asko ziren azken emaitza ez zela ona izango pentsatu eta, argazkiak egiteko beldur zirenak. Orain izuak alde batera utzi dituzte, eta merkatuan geroz eta kalitate gehiagoko lanak aurki ditzakegu.

Lehia handituz!

Jende asko kexatzen da horretaz, intrusismoa ematen dela eta abar. Baina niri berdin zait hori, zuk zure lana ongi egiten duzun bitartean, ez du ardura.

Bada jendeak kritikatzen duen beste gauza bat, argazkiak tratatzeko programen gehiegizko erabilera, hain zuzen.

Modak dira, eta batzuk pasatu egiten dira eta besteak mantendu. Gaur egiten diren zenbait gauza hemendik 10 urtetara baldarra irudituko zaigu.

Halere, Photoshop moduko programek gure lana osatzeko izan beharko lukete. Aldiz, baliabide hauekin argazki originalarekin zerikusia ez daukan zerbait sortzeak ez duela inora eramaten iruditzen zait. Vicente Paredes (Orihuela, 1972) Alacanteko Orihuela herrian jaio eta hazi zen Vicente Paredes Gil, baina duela 20 urte etorri zen Bilbora eta egun bizi da. Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritza ikasketak burutu zituen, eta bertan deskubritu zuen argazkilaritzarekiko zaletasuna. Hala, Londres aldera joan zen eta Westminster Collegen argazkilaritza ikasi zuen. Costa Rican egin zuen lan aurrena, Prensa Libre egunkarian. Foto–kazetaritza utzita, bere kabuz dihardu lanean hiriko alde zaharrean daukan estudiotik. Enkargu bidezko lanak burutzen ditu batez ere; baina hainbat erakusketatan ere hartu du parte. Hainbat sari ere eskuratu ditu eginiko lanei esker, besteen artean, Nazio mailako Publizitate Katalogo Onenaren saria, 2009n.