593 Zenbakia 2011-09-23 / 2011-09-30
FIACHRAS da Haritz Artolak eta Aitor Aldanondok (BRIGADA CRIMINALeko taldekide ohiak), eta Ion Zangituk eta Joseba Garcia de Andoinek (TXINASKIko taldekide ohiak) sortu duten musika taldearen izena. Beti musika mota berdintsua egiteaz aspertuta, itsu–itsuan jauzi hau ematera ausartu dira, inolako konplexurik gabe eta oso ondo zaindutako gustuarekin. Talde berri honi buruz gehiago jakiteko asmotan elkarrizketa bat egin diogu Aitor Aldanondori. Bertan, euren bilakaera azaldu digu eta baita Sinde Legearen gaineko bere iritzia jakinarazi ere.
Zergatik Fiachras izena? Irlandan lagun bat dugu Fiachra izena duena. Hortik irten zen izena. Laguna Artolak ezagutu zuen bertan lanean egon zenean, eta hainbat bidaia egin ditugu Irlandara ordutik. Fiachras taldekoak, Bergarako Gaztetxean. Argazkia: Koldo Eizmendi
Nola elkartu zineten taldekoak? Artolak eta nik aspalditik ezagutzen genuen elkar, Brigada Criminalen jotzen genuelako. Joseba, bateria, Artolak lanetik ezagutzen zuen, eta beste denak herriko betiko lagunak dira.
Hobbya da edo lana? Musikatik bizi zarete? (Barre) Bertatik bizi? Nahikoa dirurik galtzen ez badugu! Gastu asko daude, kontzertutan diru gutxi ateratzen dugu, zazpi pertsona gara taldean, inbertitutakoa ez da gehiegi, baina musikatik bizitzeko, diru askoz gehiago mugitu behar da, eta guk ez dugu egiten. Euskal Herrian oso jende gutxi bizi da musikatik.
Kontzertutako esperientzia, zer moduz? Kontatzeko berezitasunen bat? Ondo pasatzen dugu, kontzertu bakoitza ezberdina izaten da. Sentsazio ezberdinak, baina orokorrean ondo dago: arratsaldean joan, frogak egin, jendea ezagutu, jo...
Zer iruditu zitzaizun Bergarako Gaztetxeko kontzertua? Nahiko ondo egon zen, jende asko, gustura egon ginen..., baina lehenengoa zen eta ez genuen nahi bezain ondo jo, errodaje falta pixka bat igarri genuen; baina, bestela, oso ondo.
Diskoen salmenta, zelan doa? Ba, nahiko ondo doa, laster berreskuratuko dugu jarritako dirua! Hamar eurotan saldu dugu, eta esango nuke ez dela ez garestia eta ezta merkea ere, nahiko justua pentsatzen zaigu bere prezioa. Diskoa esku artean eduki arte egindako guztia kontuan hartu behar da. Diskoak tabernetan, kontzertuetan eta internet bidez saltzen ditugu Bonberenea web–gunean (diskoa Bonbereneakin atera dugu).
Zein iritzi duzu Sinde Legeari buruz? Boterea daukatenen alde egindako lege bat dela, betikoak beti bezain aberats jarraitzeko. Betiko kontua da, musika munduan dirua mugitzen duen jendearentzako egindako lege bat, euren interes ekonomikoak mantentzeko.
Zuen abestiak deskargatzen dituztenei, zer esango zenieke? Ba, disfrutatzeko... Guri ez zaigu ardura jendeak internetez musika deskargatzea; gainera, gu bezalako talde batentzat oso onuragarria da, jende gehiagorengana heldu gaitezke horrela. Diskoak saltzetik bizi bagina, ez dakit berdin pentsatuko genukeen, baina hala ere, ez dakit diskoen salmenten jaitsiera musika internetez deskargatzen delako ote den.
Zuk noizbait deskargatu al duzu musika edo pelikularik? Bai... Nik oso gutxitan deskargatu izan dut. Baina egin izan banu, ez nintzen damutuko; bankuak lapurtzen ibiliko banintz ere, ez nintzateke damutuko. (barre)