593 Zenbakia 2011-09-23 / 2011-09-30
Espainiako Gobernuak 2010eko abenduan Ekonomia Iraunkorraren (edo Jasangarriaren) Legeari neurri gehigarri bat txertatzea erabaki zuen. Neurri horrek egile eskubideak urratzen dituzten edukien deskargak (musika, filmak, liburuak edota bideojokoak) saihestea du helburu.
Gobernuaren baitan, Kultura Ministerioa izan da bereziki legea sustatu duena. Horregatik bihurtu da ezagun Sinde Legea bezala, Angeles Gonzalez Sinde kultura ministroagatik. Edonola ere, Espainiako Edukien Sortzaileen eta Industrien Taldearen eskariari erantzuten dio legeak. Egile eskubideen kudeaketaz arduratzen den presio talde horrek diskoetxe eta ekoiztetxe handiak defendatzen ditu (EGEDA, Promusicae, SGE, FAP, ADIVAN eta ADICAN). Legearen funtzionamendua
Kultura Ministerioaren azpian dagoen Jabetza Intelektualaren Komisioak erabakiko du zein webgunek urratzen dituen jabetza intelektualaren eskubideak. Webgunearen argudioak entzun ondoren, eduki ilegalak kenduko ez balitu, lau eguneko epean Auzitegi Nazionalak webgunea ixteko edo ez ixteko erabakia hartuko du.
Demagun bere lanak artista edo sortzaile batek webgune batean bere lanak baimenik gabe erabiltzen ari direla ikusten duela. Honek Jabetza Intelektualaren Komisiora jo behar du salaketa jartzera, beraiei baitagokie kasu hauek aztertzea. Komisioak kasua aztertu ondoren, arrazoi nahikorik ikusten ez badu, salaketa atzera botako du. Aldiz, jabetza intelektualaren aurkako erasotzat jotzen badu, Auzitegi Nazionalean webgunearen kontrako prozedura judizialaren hasiera eskatuko du. Prozeduraren helburua webgunea ixtea da, eta horretarako hainbat urrats bete beharko dira. Eztabaida ugari sortu dituen legea
Otsailaren 15ean, Diputatuen Kongresuan onartu izan bazen ere, ez zen izan legea aztertu zen lehen aldia, 2010eko abenduaren 21ean ere Kongresutik pasatu eta atzera bota baitzuten. Gobernua ez zegoen erabaki honekin ados eta, PPk eta CiUk urtarrilean egindako zuzenketa bati esker, lortu zen Senatuak berreskuratzea. Azkenean, Senatuak, aldeko 244 botorekin eta kontrako 12rekin, onartu zuen eta Kongresuari bueltan bidali zion berresteko hilabete inguruko epea emanez. Ondoren, otsailaren 15ean, aldeko 323 botorekin eta kontrako 19rekin, Kongresuan onartua izan zen. Antzerako legeak munduan
Herrialdeak iritzi eta neurri desberdinak hartzen ari dira afera honi dagokionez. Batzuek besteek baino lege zorrotzagoak hartzen dituzte, Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, deskargak legez kanpokoak dira. FBIk artxiboak deskargatzen dituzten herritarrak salatu eta isun zorrotzak ezartzen dizkiete. Duela gutxi, 1,4 milioi dolarreko isuna jarri zioten 24 abesti deskargatu zituen internauta bati.
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek, berriz, ez dute politika bateraturik garatzerik izan, baina AEBekin negoziatutako ACTA akordioaren arabera, EB bere politikak gogortzera konprometitu da. Europar Batasunean Frantziak hartu ditu neurri zorrotzenak, zigortu egiten baititu kanpoko deskargak.
Erresuma Batuak Europako neurri arinenak hartzen ditu, han deskargak ez dira legez kanpokoak, internautek aurten 1.200 milioi abesti jaitsi dituzten arren, diskogintzaren industriak emandako datuen arabera. David Cameron lehen ministroak sei hilabeteko kontsulta edo aholku–epea zabaldu du, Interneteko politika gainbegiratzeko.
Irlandak Frantziak bezalako legea ezarri nahi izan zuen, baina Auzitegi Gorenak UPC Interneteko hornitzaileari arrazoi eman zion. Bezeroek egindakoa bere ardurapean hartzeari uko egin zion hark.