594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Goiatz Labandibar. (Igartza Sariaren irabazlea): Pozgarria da buruan sortzen dituzun istorioak jendearengana iristen direla ikustea

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Hitzak bata bestearekin jostea atsegin du Goiatzek txikitatik, eta ez da afizio hutsera mugatzen. Hain zuzen ere, kazetaria da ogibidez, eta izkiriatzeko egitekotan bere saltsan mugitzen dela aitortzen digu. Gainera, aurreneko liburua idazten dihardu oiartzuar gazteak, hain zuzen ere, Igartza Saria irabazita, urtebeteko epea baitauka zeregin horretarako. Trenak, estazioak eta Europako hamar toki jasoko ditu bertan.

Prentsako kazetaria, hainbat literatur sariketen irabazlea... Betidanik gustatu al zaizu idaztea?

Esan dezaket, txikitatik ditudala bai idazteko eta baita irakurtzeko zaletasunak. Halere, gazteagoa nintzenean askoz denbora gehiago eskaintzen nion idazteari. Atzera begiratuta, unibertsitatean hasi eta gutxira prentsan lan egiteari ekin nionean, uneoro idazten aritu behar nintzenez gero, hainbat urtez alboratuta eduki dut zaletasun hau.

Prentsa idatzian sentitzen naiz erosoen, eta ezbairik gabe, txikitatik idazteak lagundu izan dit horretan. Gaur egun ez nabil prentsan lanean, Oiartzungo udalean komunikazio ardurak ditut, baina zorionez, Oarsoaldeko Hitzan ere kolaboratzen jarraitzen dut, eta gainera, udaletxeak ateratzen duen aldizkari digital batetan herritarrei elkarrizketak egiten dizkiet... Horrela, kazetari izaten jarraitzen dudala sentitzen dut! (barre)

Hori bai, ez diot inoiz irakurtzeari utzi, eta idatzi baino askoz gehiago irakurtzen dut. Batzuek esaten dute ongi idazteko burutu behar den zerbait dela, eta agian modu inkontziente batetan egingo dut nik ere! (barre)

Igartza Saria irabazi berri duzu, baina ez da etxera eraman duzun aurreneko lehiaketa, ezta?

Gaztetxo mailan, Urruzono lehiaketa irabazi nuen, esate baterako; horrez gainera, Bergara eta Villabonako maitasun gutunen lehiaketak 2005 eta 2007an, hurrenez hurren; Debako Tene Mujika literatur lehiaketa... Argazkia: Eneritz Arbelaitz

Oso pozgarria da zure buruan sortzen dituzun istorioak jendearengana iristen direla ikustea, eta egindako lana aintzatestea denoi gustatzen zaigun zerbait dela esango nuke, ezta? Eta Igartza Sariarekin gainera, aukera daukat liburu bat idazteko!

Lanean buru belarri hasteko garaia duzu, beraz!

Hala da. Azken finean, Igartza lehiaketara proiektu bat aurkezten duzu, zein asmo daukazun azalduz; etorkizuneko lan horren lagin bat eskatzen dizute eta aukeratzen duten proiektuari urtebeteko epea ematen diote lana burutzeko. Beraz bai, orain buru–belarri heldu beharko diot lanari!

Halere, ez naiz zerotik hasiko. Izan ere, aurkeztu nuen proiektua ipuin bilduma bat egiteko zen, eta aipatu dudan moduan, baldintzetako bat lagin bat aurkeztea zenez, liburua osatuko duten ipuinetatik hiru eraman nituen idatzita; bestalde, idazten jarraitu eta beste bi kontakizun ere amaitu ditut dagoeneko... Beraz, zertxobait aurreratuta daramat egitekoa!

Entzun dudanez, ildo amankomun bat daukate istorio guztiek, nahiz eta beraien artean zerikusirik ez eduki...

Halaxe da. Hamaika kontakizun jasoko dira liburuan eta hamar hiri agertuko dira. Oinarrian Interrail bidai bat dago.

Istorioak toki ezberdinetan egongo dira kokatuta, protagonistak ere ez dira berdinak izango eta gaiek ere ez dute loturarik edukiko; baina esan duzun bezala, badute amankomunean gauza bat, hain zuzen ere, hiri bakoitzak tren geltoki bat daukala eta estazio bakoitzak toki esanguratsua edukiko duela kontakizunean.

Zuk zeuk ezagutzen dituzu hiri horiek, ez da ala?

Duela hiru urte oporrak prestatzen hasi eta lagun batekin Interraila egin nuen, eta aitzakia horixe erabilita antolatu dut liburu hau. Baina gaineratuko nuke ez dela inondik inora autobiografikoa izango, nahiz eta bai islatu nahi dudan hiri bakoitzak niri sortutako sentsazioa, eta beraz, nik hiria interpretatu nuen modua jasoko dut liburuan.

Adibidez, bidaia hartatik Esloveniako Ljubljana izan zen gutxien gustatu zitzaidana, baina ez hiria bera itsusia iruditu zitzaidalako, helduera nahiko aldrebesa izan genuelako baizik: euria ari zuen, ez genuen lotarako tokirik aurkitzen, galduta egon ginen... Ondorioz, nahiko modu negatiboan gogoratzen dut hango egonaldia, eta sentsazio hori islatu nahiko nuke kontakizunean. Bestalde, oroitzapen ederra daukat Kroaziako Pula hiriaz, testuinguruak berak laguntzen baitzuen; hondartza bazterrean, eguraldi bikainarekin... Goiatz Igartza Saria eskuetan duela. Argazkia: Usoa Arbelaitz

Nori zuzendutako liburua izango da?

Aitortzen dut orain arte idatzitako ipuinak ez ditudala publiko jakin batengan pentsatuz sortu. Ez, ipuinak idatzi ditut gustuko ditudalako, eta bertan errealitateko istorioak jasoko dira, ez dira fikziozkoak izango. Argi daukadana da, ez direla haurrentzako kontakizunak; gazteago edo helduagoentzako diren, aurrera egin ahala jakingo dugu.

Zenbait idazlek aitortzen dute ordutegi jakin bat jarraitzen dutela lanerako, diziplina moduan. Zure kasua al da?

Gogoa eta beharren arabera idazten dut, egia esan. Azken finean, ez badut motibaziorik sentitzen, ordenagailu aurrean denbora alferrik galtzen ari naizen sentsazioa sortzen zait.

Ez naiz batere konstantea eta badakit, liburua idazteko eman didaten urtebeteko epe horretan ere, denetariko egunak edukiko ditudala; hau da, momentu batzuetan ez dut zer idatzirik edukiko, eta bestetan aldiz, barnea guztiz hustu arte ez naiz aulkitik altxatuko.

Igartza Saria irabazi ez bazenu, proiektuarekin aurrera egingo al zenuke?

Uste dut ezetz, jakin baitakit ez nintzatekeela nire kabuz joango argitaletxez argitaletxe nire proiektua aurkeztuz. Hala, nire moduko jendearentzako aukera bikainak dira Igartza gisako lehiaketak. Gehiago balira, jende gehiagok edukiko luke abagunea kaxan gordetako ideia horiek argitaratzeko, ziur!

Irakurzaletasun handia duzula aitortu duzunez gero, nola ikusten duzu euskal literaturgintza?

Euskarazko literaturgintzan, irakurle kopurua bestelako hizkuntzetan daudenekin alderatuta txikia denez, egia da produkzioa neurri berean apalagoa dela. Baina uste dut pixkanaka lantzen ari dela, eta liburu oso txukunak daudela kalean.

Nire buruari arau bat ipini nion aspaldi, hain zuzen ere, erdaraz irakurtzen badut liburu bat, hurrengoa euskarazkoa izatea; badakit eta bestela gehiago irakurriko nukeela gaztelaniaz, tituluen aukera zabalagoa delako.

Patxi Zubizarreta ordiziarraren Joan liburua irakurri dut berriki, eta bide batez Euskonews Gazteako irakurleei gomendatzen diet, asko gustatu baitzait. Goiatz Labandibar (Oiartzun, 1985) Goiatz Labandibar Arbelaitzek Euskal Herriko Unibertsitatean burutu zituen Goi Mailako ikasketak, hain zuzen ere, Kazetaritzan lizentziatu zen. Ondoren, Oarsoaldeko Hitzan aritu zen lanean, Oiartzungo kronikak egiten. Halere, 2009tik herriko udaletxean dihardu komunikazio arduradun moduan. Urruzono eta Tene Mujika moduko literatur lehiaketak irabazi ditu, eta 2011n Igartza Saria eraman du etxera.