596 Zenbakia 2011-10-14 / 2011-10-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Drogak, gazteak eta arriskuak

NAFARROAKO ASKAGINTZA



Gazteak eta arriskua, arriskua eta gazteak, askotan elkarrekin joan diren terminoak ditugu. Jendarte talde honetan droga aldagaia sartzen badugu, argi ikus dezakegu emaitza: gazteak ondo pasatzean eta gozatzean bakarrik pentsatzen duten drogazaleak dira. Kolektibo bat hartzen dugun bakoitzean hauen ezaugarriak orokortzen baditugu, halabeharrez arazoak aurkituko ditugu. Baina, orokortasun hauek, egiazkoak al dira? Pertsona guztiak noizbait izan dira gazte, eta gaztetan, drogekin, era batean edo bestean erlaziorik ez edukitzea zaila izaten da.

Argi daukagun gauzatariko bat, gaztearen nortasunaren eraikuntzan, aisiak daukan pisua da. Aisia norberak bere buruari lehentasuna ematen dion denbora baita. Bakoitza gustuko dituen jardueretan aritzen da denbora horretan. Gero, denbora hori murriztuz doa bizitzaren joan–etorrien ondorioz eta bukaeran, zahartasunarekin batera, berriro bueltatu egiten da.

Gaur egungo gazteak beste garai batzuetakoekin konparatzeak (lotsagabeagoak/atseginagoak...) ez dauka inolako zentzurik, gure gizartean azken urteotan gertatutako funtsezko aldaketengatik; hauek, gure errealitatea eraldatu dute, hona hemen adibide batzuk: gazteon erosketa ahalmena handitu egin da, inoiz baino sustantzia aniztasun gehiago dago, informazio iturri asko daude sustantzia berriak lortzeko edo bakoitzak berea fabrikatzeko.

Gazteak, drogen debekuaren kontraesanaz konturatuta, adituen esanak txorakeri bezala hartzen dituzte. Gainera, gain informazio hauek, modu nahasi batez agertzen dira askotan, hezigarritasun balioa galduz. Eta familia gehienetan, gurasoekin drogei buruz hitz egiterakoan “ez zaitez drogatu” edo “kontuz drogekin” esaldiak erabili ohi dituzte. Beste aldetik, instituzioen mezu debekatzaileak entzuten dira behin eta berriz. Jasotzen duten informazio gehiena lagun artetik edo komunikabideetatik dator, mezuetan kontradikzio inportanteak emanez eta gaiari aurre egiteko zailtasunak areagotuz.

Beste batzuen artean, hauek dira gai hau era koordinatuan eta osasuntsuan lantzea zailtzen dituzten faktoreak. Arriskua beti hor egon behar den faktorea da, beraz gure helburua, arrisku hauek murrizteko moduak aurkitzea izan behar du. Baina era berean, pertsonek bere gorputzean esperimentatzeko duten askatasuna zalantzan jarri gabe. Konplexua izan arren, bi aldeen arteko oreka bilatu behar da emaitzan. Efektu onuragarriak aprobetxatzeko beharrezkoak diren sustantzia–pertsona erlazioak indartu behar ditugu suerta daitezkeen eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztuz. Drogak ez dira desagertuko, horregatik hauekin harreman osasuntsuagoak edukitzeko beharrezkoak diren baldintzak aurkitzen ahalegindu behar gara. Medikamentuekin egiten hasi ginen (bide luzea falta den arren), orain aisialdirako edo dibertimenduzko sustantzietarantz bideratzeko ordua heldu da.

Droga ilegalen efektu kaltegarriak murrizteko ezinbestekoa da jarraibide batzuk zehaztea. Droga “gogorren” eta “bigunen” arteko desberdintasunekin bukatzea, onura baino kalte gehiago egiten baitute.

Historian zehar betidanik gustatu zaigu kanpoko errudunak bilatzea norberarengan eraginak ekidin eta errua guregandik aldentzeko. Erredukzionismoa ez–seguruen eta kakatien gordelekua da. Bizi dugun errealitatea konplexua denez, ez dezagun partea osotasun bezala hartu. Gazteok ez gara “Callejeros” edo “La familia Brady” moduko saioek erakusten dutena. Guztia ez da zuria edo beltza, gris koloreko kategoria ugari daude, eta sailkatzeko zailak dira. Gizakia eraiki dugun arrazoizko buruhauste honetan jartzeko zaila den pieza bat da. Gazteak beti izan dira eta izango gara murrizketa hauek baino gehiago.