597 Zenbakia 2011-10-21 / 2011-10-28
Bizkairaino gerturatuko gara, oraingo honetan gainera, mendira joateko beharrezkoa hartzera gonbidatzen zaitugu, ezen Oiz mendian emango baitiogu hasiera gure txangoari. Durangaldeko bista, Oiz menditik. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)
Bizkaiko begiratokia moduan ezagutua, Oiz mendiaren magalean dagoen Mallabiko Osma auzora joanda hasiko gara tontorrera igotzen. Aipagarria da garai batean, mendi puntatik bertatik egiten ziren Gernikako Batzarretara joateko deialdiak. Bidean eolikoak ikusiko ditugu, eta baita tontorrean bertan dagoen komunikazio dorrea ere; eta nahiz eta horien presentzia nabaritu, zonaldearen izugarriko bista eskaintzen zaigu Oiezek dituen 1026 metroak igoz gero. Mallabia
Beherako noranzkoa hartuta, Mallabian geratuko gara eta bertatik bertara ezagutuz jarraituko dugu gaurko proposamena. Udalerri ederra da, paraje lasai batean kokatuta, zentzumenendako gozagarria.
Bizkaiko udalerria zain daukagu eta ohi dugun legez, sarrera gisa historiako zenbait pasarte ezagutuko ditugu. Ez dago Mallabiko elizatearen sorrera data zehatzik, baina badirudi XI. mendean dagoeneko existitzen zela egitura administratibo horretan. Denboran aurrera egin eta XVI. mendean geratuko gara, orduan, lurraldeko beste udalerriekin batera, eztabaidak eduki baitzituen Mallabiak ere Bizkaiko Jaurerriaz. Izan ere, ordura arte gerra kasuetan tokiko kapitainak alkateak izango zirela zeukaten hitzartuta udalerriek, eta horren kontra, garai hartan Holandako itsasontzien eraso alarmak piztu zirenean, beste pertsona batzuk izendatu zituen Jaurerriak. Mallabia. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)
Poliki–poliki joan zen handitzen Mallabia eta gaur egun, auzo ugariz dago osatuta dugu: Goitana, Gerea, Osma, Berano, Zengotita, Mallealdea eta Areitio. Haietan, sakabanatuta dauden eraikin erlijioso eta zibilek —baserriak batez ere— osotzen dute tokiko altxor arkitektonikoa. Hala, ugari dira denboraren joan–etorriei aurre eginaz gaur arte iraun duten eraikuntzak, noski, beharrezko zaharberritzeak eginda.
Mallabia landa–gunean egonda, ez da baserririk falta, eta jauregiren bat edo beste ere begiztatuko dugu gure egonaldian. Askoren artean aipagarriak dira, esaterako, Arandoño Larrina eta Andiño Goiti baserriak —ondasun higiezin moduan daude kontsideratuta; Ametzaga jauregi ederra, edota Atxituko garbilekua.
Halere, eraikin erlijiosoei buruz ere hitz egin behar da Mallabiari buruz berba egiterakoan. Izan ere, eliza eta ermiten artean 17ko multzoa osotzen baitute. Hala, herri–guneko XVI. mendeko Andra Mariaren Zeruratzea eliza bisita dezakegu, edo Gerea auzoko San Adrian eliza —XVI. mendeko ataria kontserbatzen du—, baita 1848ko San Pedro de Bidarte ermita neoklasikoa...
Bizkaiko bazter honetara gerturatzera animatuz gero, goian aipatutako zertzeladak baliagarri izango zaizkizula espero dugu. Animatu Mallabiaren edertasunaz kutsatzera!
‹‹Orain arteko ibilaldiak››