597 Zenbakia 2011-10-21 / 2011-10-28
Entzun dudanez, unibertsitate garaitik lantzen dituzu enpresari eta antzezpen munduak.
Hala da. Izan ere, Bordelera joan nintzen ikastera, komertzioa aurrena eta antzerkia ondoren; orotara, bost urte igaro nituen ikasten. Unibertsitatean lagunekin muntatu nuen nire antzerki taldea, Dario Fo jokatzen genuen, Frantzia osoan; gure kamioia hartzen genuen eta gure obra aurkezten genuen. Esperientzia polita izan zen.
Berantago Lady MY ezagutu nuen, hasi ginen muntatzen gure lehen ikusgarriak MY JOK izenarekin. Bideo nahasten genuen, eta performancea, 10 ginen taldean.
Gauza ugaritan murgildu zarenez, nola definitu beharko zintuzkegu?
Egia da, pixka bat denetarik egin izan dudala eta horrela jarraitzen dut. Gustatzen zait nire proiektuak antolatzea, pentsatzea, eta gainera, asko idazten dut. Enpresaria naiz, bainan hori da gehiago aterabide bat. Uste dut artista naizela azken finean.... Jokin, Japonen. Argazkia: © Ritxi Marina (Jokin Etcheverriak utzia)
Telebistari esker etxe askotan sartu zinenetik urtetxo batzuk pasatu dira; baina guk Jokin nor zen jakin orduko, zeuk MY JOK enpresarekin bidea egiten hasi zinen jada.
Hori da. MY JOK izan da gure marka, gure firma. Gauza asko egin ditugu, happeningak, ekintzak kultur mailan, bideoak... Asko ikasi dut MY JOKekin, eta MY JOKi esker sartu naiz telebistan.
Hastapenean bideo bat egin genuen Euskal Kultur Erakunderako, Bask Underground RePort izenarekin. Iparraldean grabatu genituen ekintzak, eta Xalak parte hartu zuen, esate baterako. Hegoaldean jende guttik ezagutzen du bideoa, behar bada ateratuko da heldu den urtean...
Gero hasi nintzen Chiloérekin, eta momentu berdinean erabaki genuen beste BURP bat egitea; kalean jendeak esaten zuen falta zirela saio bereziak eta batez ere euskaraz. Momentu hartan, ETB3 proiektua asmatzen ari ziren ETBko bulegoetan, orduan hasi gara lanean. Asko barre egin dut bideoa erakutsi nuenean ETBn, eroa zen bainan bazuen bere gauza, gogoa ematen zuen gehiago ikusteko.... Eta hori gertatu da!
Zuzenean hasi ginen grabatzen eta emititzen; konfiantza bazen, eta plano bat egin genuen denok elkarrekin. Ez genuen platorik, ez argirik, skate moduan grabatua zen. Kristoren giroa bazen ETB3n, ilusio asko, motibazioa eta asmoa gauzak desberdinak egiteko.
Gainera, denetariko erreakzioak sortu zituen; batzuek izugarri maitatu zuten bitartean, beste batzuei ez zitzaien batere gustatu...
Bai eta hori normala da horrelako saioekin, bainan gure fanatikoak ukan ditugu eta oraindik baditugu, pentsa, aupa BURP! esaten didate kalean! Uste dut Burp oihu bat zela, konformismoaren aurka, bigarren graduan hartu behar zen: eroa izan, pentsatu eta gozatu! Nahiko punkia zen, eta erreakzioak sortu ditugu. Hori zen helburua, polemikoa izaitea... arriskuak gure gain hartuz. Mediatikoa izaitea ere hori da batzuetan. Jokin, Japonen. Argazkia: © Ritxi Marina (Jokin Etcheverriak utzia)
Kritika guzti horietarako prest egon beharko da horrelako saio batekin, ezta?
Bai, telebistan lan egiten duzunean, ateratzen zirenean zerbait hartzeko jendea etortzen da zuri hitz egitera. Esateko, zorionak edo ez zait batere gustatzen. Inor ez da prest kritikarako, bainan kritikak formatzen du, eta horrela ikasten da.
Segidan ailegatu zen Chiloé bidaia saioa. Lan egiteko bidaiatu behar izateak benetan uzten al du herrialde horiek ezagutzeko aukera?
Bai noski! Asko ikusten duzu, eta gero testuak idazten dituzu, eta orduan ikasten duzu baita ere.
Halere, horrelako esperientziak aberatsak dira, bainan erran behar dut zaila dela bizi “normal” bat izaitea. Ez zait sobera gustatzen “bizi normala” esaitea, esplikatu behar naiz; adibidez, bikote bat ukaiteko neri kostatu zait asko... Zaila da izaitea han eta hemen, azken urtean ia lortu nuen egonkortasun sentimental bat, bainan hastapenean, bakarrik pentsatzen nuen, abentura bizitzea zaila dela zuretzat eta baita besteentzat zoritxarrez...
Diozun bezala, han eta hemen ikusi zaitugu; bisitatutako toki horietatik arrasto berezirik utzi al dizu lekuren batek?
Ezin dut erantzun zein toki gustatu zaidan gehien edo gutxien. Neretzat bidaiak dira topaketak, eta jende asko ezagutu dut, eta benetan zaila da, denek baitute zerbait eskaintzeko. Baina bat esatearren, asko gustatu zait, adibidez, nere abentura Laponian...
Euskarari heldu diezaiogun, edo hobeto esanda, dituen doinu anitzei. Azken aldian, zorionez, telebista eta irratietan gure hizkuntzaren aberastasun hori nabari dugu; zu zaitugu adibide!
Bai, bai. Bainan nere azentua aldatu nuen apur bat, pentsa, Iparraldean esaten didate telebistan hitz egiten dudala hegoaldeko tipo batek bezala...! (barre)
Tamalez baina, batzuen belarriak oraindik ez daude oso ohituta...
Ah! hori ez da nere problema... Etor zaitezte gehiago Iparraldera eta ohitura hartuko duzue...(barre) Jokin, Japonen. Argazkia: © Ritxi Marina (Jokin Etcheverriak utzia)
Euskara ardatz hartuta, burutu duzu azken lanetariko bat: Nire argazkia
Nire argazkia, hizkuntzari eta memoriari buruzko proiektua da. Horretarako, hainbat jende elkarrizketatua izango da eta beren argazki batekin lotutako oroitzapenak aurkezteko eskatuko zaie. Hizkuntzak eta irudimenak ematen dituzten gaitasunen bidez eraikitzen dira oroitzapenak.
Nire argazkia proiektuak oroitzapen eraikuntza–prozesua berpiztea du xede, memoria, hizkuntza eta irudien arteko elkarrekintzak azpimarratuz. Ikerkuntza, euskalkiak, memoria eta poesia.... Proposamen desberdin bat da neretzat, ez du eta ezer ikustekorik orain arteko lanekin.
Zein beste proiektu duzu eskuartean?
Dokumentalaz aparte, bideo animazio bat egiten ari naiz Iagoba(rt) ekin, eta beste gauza batzuk, bainan momentukotz ezin ditut sobera aipatu...
JOK films enpresa muntatu dut, eta proiektuak lokalak izanen dira Nire Argazkia bezala, baina baita ere internazionalak —heldu den urtean ikusiko dituzue! Eta profesionalak animatuak baldin badira haien proiektuak kanpoan irekitzera, gonbidatzen ditut nerekin hitz egiteko, lan hori ere egiten ari naiz JOK filmsekin. Hortarakotz, orain asko mugitzen ari naiz esparru horretan; eta ori da gure aterabidea ikusiz hemen nahiko zaila dela ekoizpen etxeentzako. Jokin Etcheverria (Donibane Lohizune, 1979) Komertzioa ikasi zuen Bordelen Jokin Etcheverriak eta jarraian antzezpen munduan ere barneratu zen. Unibertsitate garaian, lagun batzuekin antzerki talde bat sortu zuen eta Frantzia osotik ibili zen antzezten. Bestalde, Lady MY ezagutu eta MY JOK sortu zuen Lady eta ordutik makina bat proiektu sortu ditu, arropa diseinatu du, BURP! telebista programa; Chilo? bidaia saioa...