Euskonews Gaztea
Gaiak: Basoak eta gizakia. Gizakiaren ekintza baso naturalean (II/II)
2011 Basoen Nazioarteko Urtea denez gero, Euskonews Gaztean Euskal Herriko Natura aldizkaritik jasotako artikulu honen bigarren atala ekarri dugu.(Lehenengo atala, hemen) Artikuluaren pasarte garrantzitsuenak dira. Osorik irakurtzeko, sakatu hemen Mendiaren ustiapen tradizionalaren amaiera
Basoa tratatzeko sistema horiek guztiak krisian sartu ziren XX. mendean; izan ere, apurka–apurka halako ustiapen motak baztertzen joan ziren, harik eta guztiz desagertu arte. Baso naturalen ustiapen modu tradizionalen amaiera baino lehen, aldaketa sozialen eta ekonomikoen aldi luzea egon zen, eta aldaketa horiek eragin sakona izan zuten Euskal Herriko landa inguruan. Argazkia: CC BY — fraufrida
(...) XIX. mendean estatuak elizaren ondasunak konfiskatu eta maiorazkoak nahiz jaurerri–jurisdikzioak ezabatu zituen; horrela lorturiko lurrak norbanakoei adjudikatu zitzaizkien, enkante publikoan, eta azkenean esku pribatuetan amaitu zuten, pertsona gutxiren eskuetan; horiek, diru nahikoa edukitzeaz gain, aurre egin zioten Eliza Katolikoak propietate sakratuak erosten zituztenei ezarritako eskumiku zigorrari.
Horren ondorioz, 50 bat urteren buruan, ordura arte herriarena edo Elizarena izandako lurraren zati handi bat, modu estentsiboan ustiatzen zena basoei buruz azaldu ditugunen moduko sistema tradizionalen bidez, pribatizatu egin zen eta ustiapen intentsiboen menpe gelditu, batez ere, luberritzeen menpe. Horrek aldaketa sakonak eragin zituen nekazaritza gizartean, lurrik gabeko nekazariak, herri lurrak ustiatzetik bizi zirenak, sistematik kanpo gelditu baitziren; horiek hirietara eta herri handietara joan ziren, eta lehenengo industrializazioan sortzen hasi zen proletarioen klasearen barruan sartuta gelditu ziren. Basoentzat prozesu hori oso kaltegarria izan zen: eremu askotan luberriak edo zuhaitz mozketak egin ziren, lurrak landu ahal izateko eta zuhaitzekin bateragarria ez zen abeltzaintza intentsiboagoa ahalbidetzeko.
Hurrengo aldiaren barruan nekazaritzako gizartea industria gizarte bihurtu zen (...) burdinaren eskulangintza–produkzioa baztertzea eragin zuen, eta horrela, hamarkada gutxitan burdinolak itxi egin ziren, siderurgia berriak ikatz minerala erabiltzen baitzuen erregaitzat. Aldi berean, hazkunde demografiko handia egon zen eta horrek janari eskariaren etengabeko gorakada eragin zuen, hazkunde begetatibo eta immigrazioaren eraginezko hazkunde gero eta handiagoa zeukan hiriko biztanleria industriala elikatu behar zelako.
(...) Ziklo hori XX. mendeko lehenengo hamarkadetan amaitu zen; garai horretan, janarien inportazioa gero eta errazagoa zen eta landa inguruaren gaineko presioa moteldu egin zen. Hala eta guztiz ere, une horretan deforestazioaren gorengo une historikoa gertatu zen, garai horretako agiri eta testigantza grafiko askok agerian jartzen dutenez.
Une horretako aldaketa garrantzitsu bat, izan ere, basoen gaineko eskumenak zituzten foru administrazioen pentsamoldearen aldaketa izan zen. Ordura arte, basogintzan espezie autoktonoak landatzen ziren eta inguruetan bildutako materiala erabiltzen zen landaketetan, praktika horrek ingurunearekiko egokitzapena ziurtatzen baitzuen. Basoko espezieak bakoitza bere estazioan eta material genetiko autoktonoarekin landatzeko ahaleginak egiten ziren.
(...) Gainera, XX. mendean, batez ere mende horren bigarren erdian, baserriak bertan behera uzteak lagundu egin dio gure mendiak baso–berritzeko edo zuhaiztiak hedatzeko prozesuari; are gehiago, esan daiteke bultzagarria ere izan dela. Baserriak jende barik gelditu dira eta bertako biztanleek hirietara ale egin dute. Lurrean produktibitate txikiagoko ustiapena egiten da, zuhaitzen ustiapena; izan ere, ez du zainketa handirik eskatzen eta bateragarria da industrian edo zerbitzuetan lan egitearekin. Irtenbide hori modu estentsiboan aplikatu da eta, horren eraginez, lurraldeak neurri historikoak dituen baso–berritzea izan du. Ikazkintza
Burdinoletarako egur–ikatzaren eskari handiaren garaian, XVI. mendetik XIX. mende hasierara bitartean, Euskal Herriko baserritarren ohiko jardueretariko bat egur–ikatza egitea izan zen. Ikazkinek batez ere neguan jarduten zuten, baserriko gainerako lanek horrenbesteko premiarik ez zutenean eta astia uzten zutenean; herri basoetan jarduten zuten, gehienetan pagadietan, baina baita artadietan edo hariztietan.
(...) Gizartean izandako garrantzia apur bat mito bihurtu da, Gabonetako Olentzeroren tradizioaren eraginez (Gabon Egunean umeei opariak ekartzen dizkien ikazkin sabelandi eta tripontzia).
Ikaztobiak edo egur–ikatza egiteko txondorrak basoan bertan egiten ziren, eta horien aztarnak, oso ugariak, gaur egunera arte iritsi dira.
(...) Ikazkintza oso garrantzitsua izan zen garai horretan; mineralaren erauzketarekin batera, baserri inguruko biztanleen errenten osagarri garrantzitsua izan zen. XIX. mendean gainbehera handian hasi zen, siderurgia modernoa garatu zenean. (...) Ikazkintzak beherakada itzela izan zuen eta hondar–jarduera bilakatu zen, harik eta gaur egun ia guztiz desagertu arte. 1936–39ko Gerra Zibilaren ostean egur–ikatzaren fabrikazioak gorakada handia izan zuen, gerra ostean erregai gisa erabili zelako gasogenodun autoetan.