598 Zenbakia 2011-10-28 / 2011-11-04

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Itziar Igal. (Nafarroako Unescoko teknikaria): Gazte asko dago langabezian eta momentu egokia da kanpora joateko

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Iruñeraino gerturatu gara oraingoan, Gaztelu plazaraino. Bertan dago Nafarroako Unesco Enearen bulegoa eta hantxe topatu dugu Itziar, erakundearen proiektuak garatzen dituen teknikaria. Euren egitekoari buruzko interesa daukagunez gero, bere ahotik ezagutu dugu erakundearen jarduna, gazteentzako dituzten eskaintzak...

Ziur gure irakurleek Unesco ezagutzen dutela, baina Nafarroan ere aurkitzen dugula akaso ez dute jakingo...

Hala da, bai. Iruñean gaude kokatuta eta Unescoren gizarte–sarearen parte garela esan behar dugu; sare hau mundu guztian zehar dago sakabanatuta eta Nafarroaren kasuan, 2000. urtean sortu zen. Itziarrek kudeatzen ditu Nafarroako Unescoko proiektuak. Argazkia: Ainara Arregi Unescoren gizarte–sarea hiru ildotan dago banatuta: Unesco zentro eta klubak —gu honen barruan egongo ginateke; Unesco Katedrak, unibertsitatetan aurkitzen direnak; eta azkenik Eskola Elkartuak daude, hau da, zenbait ikastetxetan lehen eta bigarren mailako hezkuntzaren barruan sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten dira.

Berriki Unescoren gizarte–sarearen barruan beste lan–lerro bat sortu da, hain justu Liburutegi Elkartuena.

Suposatzen dut beraz, ildo horiek jorratzen dituzuela zuek ere, ezta?

Noski, gure xede nagusia Unescok zehaztutako lan–lerroak garatzea baita.

Esate baterako, aipatutako Eskola Elkartuak alorrean 2004. urtean hasi ginen lanean, urte batean ikastetxeak gehitzen zaizkigu, beste batzuk joaten dira gehiago ezin dutelako eskaini... Bestalde, 2008an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Unesco katedra sortu zen —egun independenteki funtzionatzen duela aipatu behar da. Horrez gainera, ondare immaterialaren arloa ere lantzen dugu, Nafarroako ohituren, errituen eta bestelakoen berri emanez.

Eta oker ez banago proiektuen bidezko lana burutzen duzue.

Bai eta esparru ezberdinak lantzen ditugu gainera. Hezkuntza arloan, adierazitako katedra sortzeaz gainera, egun puntualki kolaboratzen dugu haiekin, hitzaldiak emanez edota konferentziatan esku–hartuz,adibidez.

Bestalde, Eskola Elkartuko partaideekin sentsibilizazioa lantzen dugu, normalean irakasleek urtean zehar guk emandako unitate didaktiko batzuk lantzen dituzte klasean —esaterako, urte batetan Giza Eskubideak gaia jorratzen da, hurrengoan Bidezko Merkataritza...— eta ikasturte amaieran, ikasleek egoera onean dagoen eskola–materiala biltzen dute eta Perura, Kongora eta Saharara bidaltzen da. Eskola materiala jaso ondoren, herrialde ezberdinetara igortzen dute. Argazkia: © Nafarroako Unesco.

Nazioarteko lankidetza arloan ere proiektu ezberdinak sustatzen ditugu. Hala, 2004an Lanbide Heziketa zentro batekin hasi ginen Perun, eta Trujilloko gazteei heziketa bitartez pobreziatik irteten laguntzeko asmoz jantzigintza, pelukeria eta kosmetika, soldadura eta zurgintza eta informatika ikastaroak eskaintzen genizkien. Erantzun bikaina eduki zuenez, 2008az geroztik bertako Hezkuntza eta Lanbide departamenduaren eskuetan dago ekimena eta ez dute gure esku–hartzerik behar.

Eta azken finean horixe bilatzen dugu nazioarteko lankidetzaren bidez; hau da, nolabait makinaria martxan ipini eta denbora batera euren gain hartzea proiektua, ez dezatela iparraldeko herrialdeen beharra eduki.

Edo bestela esanda, jateko arraina eman barik, arrantzatzen irakastea.

Hori da! Normalean gainera, horrelako proiektuek bost urte inguruko iraupena edukitzen dute, eta denbora hori pasata, independente izaera hartzen du egitasmoak.

Esaterako, Trujilloko arrakastaren ondoren, Limako beste zonalde batetan, Viña Maria del Triunfo auzune marjinalean, karakteristika berdinak zituen tailerrak eskaintzen hasi ginen, eta oraindik horrekin gabiltza ez baitira bost urte igaro.

Beste adibide bat, 2010ean Piuran (Peru) emakumeei zuzenduta martxan ipinitako ikastaroak ditugu; eta gainera, bertan, josten dituzten arropak salgai ipintzen dituzte bazar batetan, nolabaiteko autogestioa bilatuz. Nazioarteko kooperazioaren barruan, lanbide heziketa eskaintzen dute. Argazkia: © Nafarroako Unesco.

Bestalde, ingurugiroa ere lantzen duzue ikastetxetan.

Eskola Elkartuetan jorratzen dugun gaia da hau eta bertan bi proiektu eramaten dira aurrera, hain zuzen, Youth for Change eta Ikastetxe Jasangarria deiturikoak. Hauekin, irakasle eta ikasleria energia aurreztearekin birziklapenarekin, eta oro har, garapen iraunkorraren inguruko kontzeptuekin trebatzea bilatzen dugu.

Gazteei zuzendutako astekaria garenez gero, zer eskaintzen diozue sektore horri?

Akaso esango nuke eskaintzarik deigarriena Colegio Navarra Fundazioarekin batera daukaguna dela. Hain zuzen ere, gazteek atzerriko hizkuntzak ikasteko zerbitzu bat dago, eta besteen artean praktikak egin ditzakete enpresaren batetan, edota au–pair moduan joan daitezke... Baina beti ere hizkuntza bat ikastera bideratuta: ingelesa, txinera, frantsesa...

Orain gainera krisia dela eta, gazte asko dago langabezian eta momentu egokia da kanpora joateko; guk igarri dugu behintzat jende gehiagok eman duela izena. Horrez aparte, hemen lanean nagoenetik urtetik urtera zifrek gora egin dutela ikusi dut.

Aurten, 60 pertsona daude kanpoan. Gehienak diru–laguntza bidezko ikastaroak ari dira jasotzen eta gutxieneko egonaldia hiru hilabetetakoa da. au–pair moduan joaten diren asko ditugu baita ere, hau da, familia batetan haurrak zaintzen dituztenak...

Han egonda, bakoitzak bere bidea jarraitzen du, hau da, esaterako, diru–laguntza bidezko ikastaroetan dabiltzanak goizean klasera joan ohi dira eta arratsaldean euren kabuz moldatzen dira, lan bat bilatuz, esaterako. Baina au–pair gisara joaten direnek eskolak har ditzakete, eta beraz, denbora gutxiago igarotzen dute umeak zaintzen; baina badira ikastaroetara ez joatea erabakitzen dutenak ere, familiarekin denbora gehiago igaroz, eta euren denbora librean nahi dutena egiten dute. Argazkia: Ainara Arregi

Eta atzerrira joateko zein profil eduki behar dute interesatuek?

Egia esan berdin da ikaslea, langabea edo langilea izan. Hamasei urte eduki behar dituzu gutxienez, eta ez dago adin mugarik. Gainera, ez da beharrezkoa nafarra izatea, Europako Erkidegokoa izatearekin aski da, izan ere, Europar Batasunetik jasotako diru–laguntzen bidez eramaten baitira aurrera.

Eskaera gehien duen helmugarik badago?

Gertutasunagatik eta arrazoi ekonomikoak medio —hegaldi merkeagoak, adibidez—, jende askok hautatzen du Irlandara edota Ingalaterrara joatea. Baina bestaldetik, bitxia den arren, ugaritu egin dira Australiara joateko eskaerak.

Krisia aipatu duzu lehen; zuen proiektuak diru–laguntza bidez garatzen dituzuenez gero, eraginik nabaritu al duzue?

Ezbairik gabe! Guk bi gauzak nabaritu ditugu krisiaren eraginez; hau da, alde batetik atzerrira lanera edo ikastera joateko eskaerak ugaritu dira, baina bestaldetik, nazioarteko kooperazio arlorako diru–laguntzak murriztu dizkigute.

Nafarroan zuzenean garapen arloko proiektuetarako laguntzak kendu dituzte; adibidez, eskola–materiala bildu eta atzerrira bidaltzeko proiektua bertan behera geratu da... Etorkizun beltza ikusten diot arlo horri, malabarismoak egin beharko ditugu, eta txarrena, luzaz iraungo duen egoera dela aurreikusten dugula da. Denborak esango du.

‹‹Nafarroako Unesco Enearen webgunea››

‹‹Colegio Navarra Fundazioaren webgunea›› Itziar Igal (Iruñea, 1986) Gizarte Laguntzaile diplomatura, eta Gizarte Laneko graduondokoa egin zituen Itziar Igal Monentek eta gaur egun Nazioarteko Kooperazio eta Garapen masterra burutzen ari da. Lan arloari dagokionez, kale hezitzaile moduan aritu izan da eta 2009tik gaur arte, Nafarroako Unesco Enean dihardu lanean kooperazio proiektutako teknikari moduan eta administrazio lanak ere egiten ditu.