599 Zenbakia 2011-11-04 / 2011-11-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zurra errekortadorearekin hizketan

DIAZ, Iosu ELORZA, Maite GALLASTEGI, Malen LARRAÑAGA, Ane LARRAÑAGA, Jon Ander SAHUILLO, Leire

Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleak



Unai Arana, Zurra ezizenez ezaguna, 1981ean jaiotako bergararra dugu, txikitatik zezenekiko mirespena eta balentria azaldu duen eta jaiez jai zein txapelketaz txapelketa zezenaren aurrean ibili den gizon ausarta. Aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizugu gurekin elkartu eta galdera sorta hau erantzuteagatik. Zurra, Bergarako zezen plazan. Argazkia: Unai Aranak utzia

Adina: 30 urte Herria: Bergara Ikasketak: Proiektu Mekanikoen Garapena Lanbidea: instalatzailea Pelikula bat: El sexto sentido Kolore bat: gorria Bidaiatzeko toki bat: Mexiko Amets bat: aberastea lanik egin gabe Zenbaki bat: 7 Bizitzaren leloa: txapela buruan eta ibili munduan Musika talde bat: Imuntzo eta Beloki Futbol talde bat: Bartzelona Mendia edo itsasoa: Mendia

Noiz piztu zitzaizun zezen munduarekiko duzun zaletasun eta grina hori? Zaletasuna gaztetatik piztu zitzaidan; umea nintzenetik.

Zenbat urterekin debutatu zenuen zezen plazan? Behi edo zezen baten aurrean izan zen? Hamazazpi edo 18 urterekin izan zen (ez nago oso seguru), eta behi baten aurrean izan zen. Uztai–txapelketak egiten genituen, eta behiari adarrean uztaia sartzea zen kontua.

Talde batean hasi zinen edo zure kontura? Hasiera batean, bakarrik, baina gero talde bat sortu genuen, gaur egun ere oraindik taldea mantentzen dugu, eta ikuskizun desberdinak egiten ditugu elkarrekin.

Non eta noiz izan zen zure lehen txapelketa? Bergaran... Bergaran izango zen, baina ez nago oso ziur.

Zenbat urte daramatzazu mundu honetan? Ba, horixe, 17 urterekin hasi nintzenetik, atera kontuak... (barre eginez). Nire kideak uzten didaten bitartean jarraituko dut, erretiratzea nahi naute, baina zaila izango da!

Zein da gehien atsegin duzun plaza lehiatzeko orduan? Hemen, Euskal Herrian, Tolosan izango litzateke, plaza finkoa duelako, eta bestela, plaza ipintzen dugunean, Bergara. Nor bere herrian gusturago eta lasaiago aritzen da, ezagunen artean.

Zezen plazara salto egitean, oraindik antzeman dezakezu lehenengo egunetan izan ohi den urduritasuna? Beno, egoeraren arabera! Txapelketa baldin bada, akaso bai, baina ikuskizunetan eta, jadanik ez.

Zezenari zer eduki behar zaio, beldurra ala errespetua? Beldurra ez da existitzen, ez du ezertarako balio. Baina bai errespetua, eta beti presente eduki behar da.

Jasan duzu noizbait zure errekortadore ibilbidean zehar ezbeharrik? Bai, bai! Adarkadarik ez, baina ezbeharrak eta kolpeak, sarri ( barre algaraka, ezbeharren bat gogoratuko balu bezala).

Merezi du zure bizitza arriskuan jartzea? Bai, bai! Sentimendu bat da ezin daitekeena hitzez adierazi, bizi beharra dago ulertzeko.

Zein da gehien miresten duzun errekortadorea? (Asperen luze baten ondoren) Hemen, gure taldekideen artean, Mikel Agirre Txili, eta hemendik kanpo, Valentzia eta Castellon aldeko asko daude.

Entrenamendu bereziren bat egin beharra dago errekortadore izatera iristeko? Berezia ez, herriz herri behien aurrean aritu, aritu eta aritu

Zein aholku emango zenioke zezen mundura murgildu nahi duen gazte bati? Ba, poliki–poliki joateko, eta pazientziarekin gauzak lortzen direla.

Zer esango zenieke afizio hau kritikatzen duten pertsonei? Kritikatzeko trankil, afizio asko dago, eta gainera, gero eta gehiago; ondorioz, kritika dezatela nahi duten guztia.

Zu zeu errekortadore izanda, zer iruditzen zaizu zezenketei buruzko gaur egungo polemika? Zezenketen alde ala kontra zaude? Alde. Alde batetik, alde nago, polemika beti baita ona. Baina gauza asko hobetzeko beharra ere badago kirol honetan, adibidez, zezenak akabatzeko modua. Modu duinagoan hiltzeko eskubidea dute. Baina, nire iritziz, zezenak beste animalia batzuekin alderatuz, ez dute ia sufritzen, zezenek euren bizitzako azkeneko 15 minutuetan bakarrik sufritzen baitute. Txakurrek, katuek eta beste hainbat animaliak beraien bizi guztia igarotzen dute sufritzen. Esaterako, oilo bat jaiotzen denetik, kaiola batean sartu eta bertan uzten da mugitzeko tokirik gabe, bere eginkizun bakarra lo, jan eta arrautzak jartzea da. Zezena, berriz, erregeen antzera bizi da belardi zabal batean, nahi duena egiteko eskubidea du, nahiz eta bere bizitzako azkeneko minutuetan modu gordinean hiltzen duten. Baina, zer duzu nahiago, bizitzako bost urte errege baten antzera bizi eta gero heriotza gordina izan, edo jaiotzez kaiola batean preso egotea? Baina egia da, beste alde batetik, zaila dela justifikatzea espektakulu moduan egiten den hilketa hori.

Eskerrik asko, Unai, galdera hauek erantzun izanagatik. Zorte ona opa dizugu etorkizunari begira eta jarrai dezazula zaletasun ikusgarri hau burutzen.