599 Zenbakia 2011-11-04 / 2011-11-11
Donostiatik 10 kilometro eskasetara geratuko gara oraingo honetan, Usurbilen iragana eta oraina ezagutuz eta egun pasa interesgarri bati bide emanez. San Salvador eliza. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)
Ohi dugun lez, historiaren pasarte batzuk ezagutuz ekingo dugu gaurko proposamena, eta horretarako, Andatza mendira joango gara aurrena, bertan historiaurreko zenbait zantzurekin egingo baitugu topo. Urdaiaga auzoko San Esteban ermitara joan eta handik irten gara; Puele Berri ipintzen duen bidetik hasiko dugu gure txangoa, zementuzko bide batetik —ordu erdi ingurura aldiz, lurrezkoa bilakatuko dela ikusiko dugu. Aurrera abiatu eta bidea bitan banatzen denean, guk eskuinekotik jarraituko dugu eta gidatuko gaituzten zeinu bi ikusiko ditugu, marra zuri–gorriak hain zuzen. Hauei jarraituz iritsiko gara Andatza I dolmenera; gure arbasoek paraje eder eta lasaia ezagutzen zutenaren erakusgarria. Jauregiak, baserriak, sagardoa...
Buelta eman eta XIV. mendean hiribildu titulua eskuratu zuen herrira itzuliko gara; halere, herri izatera igaro aurretik, Nafarroako Antso Jakitunaren aginduz Donostiaren menpeko parrokia izan zen XII. mendetik aurrera. Baina esan bezala, bi mende beranduago izaera independentea lortu zuen Belmonte de Usurbil izenarekin. Ondorioz, pribilegio ugari eskuratu zituzten herritarrek, besteen artean, urtero alkatea, epaimahaia eta eskribaua hautatzeko eskubidea eman zieten, izan ere, eskumen zibil eta kriminala euren gain geratu baitzen. Saroe Jauregia. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)
Udalerriak, pasarte gazi–gozoak bizi izan ditu historian. Pare bat aipatzearren, 1486an sute batek ia herri osoa kiskali zuen; edota ganboatar eta oinaztarren arteko borroka odoltsua bizi izan zen Usurbilgo lurretan...
Baina has gaitezen arkitekturari erreparatzen. Gure bisitaldian zenbait eraikin dotore ikusteko parada edukiko dugu; horietariko batzuk gainera, monumentu historiko izendatuta daudela aipatu. Guztiek eramango gaituzte garai ezberdinetara, batzuk duela zenbait mendetako bizimodua imajinatzera gonbidatuko gaituzte, eta industrializazioa hasi zenetik gaur arteko eraldaketa ere nabarituko dugu beste batzuekin.
Hainbaten artean, Erdi Aroko jatorria duen baina XVI. mendean berreraiki zuten San Salvador Parrokia Eliza aurkituko dugu erdialdean; zonalde berean XVII.ean eraikitako Saroe, edota XVIII. mendeko Atxega jauregiak ere ikus ditzakegu, azken hau estilo barrokoan altxatua. Plazan, Paris deituriko baserria topatuko dugu, bitxikeria moduan. Udalerriko auzoetan sakabanaturik ditugu bestelako altxorrak; esate baterako, XVII. mendeko Asiseko San Frantziskoren Eliza Aginagan, Urdaiaga baserria San Esteban auzoan, edota XVI. mendeko Goikoetxea Zubietan...
Han eta hemen ikusteko txoko gehiago ere eskaintzen dizkigu Usurbilek. Guk baina, indarberritzeko asmoz, udalerrian aurkituko ditugun sagardotegi ezberdinetatik bat hautatzera gonbidatzen zaitugu. Jateko gogoanabaritzen badugu, mokadu bat emanez eman diezaiokegu amaiera gure bisitaldiari; ez da modu txarra ezta? On egin!
‹‹Orain arteko ibilaldiak››