600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18
Jarraian, ‘Eta gazteok zer? Euskal Herriko gazteon aldaketa eta joera sozio–politikoak’ izeneko ikerketaren egileek lanaren nondik norakoak laburbildu dituzte Euskonews Gaztea astekarirako.
Segidan, ondorio nagusi batzuk zein gure ustez eztabaida sor dezaketen galdera batzuk zerrendatuko ditugu. Modu honetan aipaturikoaz errazago oroitzea eta helburutzat dugun eztabaidari bultzada bat ematea lortzea espero dugu. Modu berean, proiektu hau aurrera eramatean kontuan hartu nahi izan ditugun zenbait gauza ere gogorarazi nahi ditugu:
• Ez da lan teorikoa, ez dugu kontzeptuen hausnarketan erori nahi. • Ez dugu moralitatetik hitz egiten, ez dugu iragana mitifikatu nahi. • Ez da iraganarekiko konparaketa bat: praktika politiko zahar eta berrien artekoa. • Ez ditugu ikertutako praktika hauek hobetsi edo bultzatu nahi, gure ustez zabaltzen doazen zenbait tendentziaren “argazkia” atera nahi izan dugu. • Errealitatearen irakurketa hau mugatua da: urte betez eginiko lan bat, talde eta baliabide zehatz batzuekin lorturiko emaitza partzialak dira honakoak. • Honen helburua eztabaida sortzea da; honen inguruko gogoeta bat bultzatzea. • Ondorioekin hasi aurretik kontzeptu batzuk argituko ditugu gaizki ulertuak saihesteko asmoarekin. Kontzeptuak
• Praktika politiko berria: Praktika politiko berriaz mintzo garelarik, berria adjektiboarekin ez dugu baloratzen ibili nahi historikoko aipatzen gabiltzan praktikak berriak direnik ala ez. Soilik, gure parte hartze politikoa eredu tradizionalago batean oinarritzen denez, gure esperientzia kontuan izanik berri bezala bizi ditugula. Horrela bada, praktika politiko tradizionalagoetatik urrundu eta gure ustez bestelako moldeei erantzuten dieten praktikez ari gara, historikoki berriak izan ez arren, indar handia hartzen ari direnak eta modu argi batean agertzen doazenak.
• Lehen eta orain: “Lehen” aipatzean, orokorrean, praktika politiko tradizionalei egiten diegu erreferentzia. Era berean, denbora ongi definitua egon ez arren, “orain”, modu argi batean aurkitzen ditugun praktika politikoak eta “lehen” aurkitzen ez zirenen arteko momentuak bereizten ditugu.
• Aisia: Aisia hitza lana eta ikasketetatik aparte dagoen denbora espazio bezala definitu dugu. (ez du zertan espazio ludiko bat izan beharrik) Ondorioa nagusiak
Espazioak eta denborak: Kasu hauetan, orokorrean, politika egiteko modua ez da jada espazio eta momentu zehatz batetara mugatzen baizik eta egunerokotasuneko praktiketara zabaltzen da perspektiba lausoago batetik.
Espazio pribatuan, praktika berriak burutzeko guneak garatzen dira (teknologia berriak) eta espazio publikoan, publikotasunaren aldarripean praktika berriak garatzen dira (graffiti, skate talde antolatuak...). Izan ere, instituzioek espazio publikoa zena pribatu bilakatu nahi izana salatzen da zenbait praktika politikoen bidez.
Diskurtso eta Praktikak: Diskurtso asko ere praktika badirela eta alderantziz, praktika asko diskurtso ere izan daitezkeela onartu arren, “diskurtso–praktika” banaketa aztertutako praktika politikoak dimentsio ezberdinetan aztertu ahal izateko egin dugu. Horrela, praktika eta diskurtsoen arteko harremanean konbinazio ezberdinak ageri dira (tipo idealak): diskurtso handia praktikarik gabe, praktika diskurtsorik gabe eta bien arteko oreka duena.
Orokorrean ekintza puntualetan ematen den parte–hartzea handitu egiten dela uste dugu. Diskurtsoari dagokionez motibazio aldaketa bat ikusi dugu, asetze pertsonalak garrantzia hartuko duelarik
Kolektibotasuna:Hiru elementu nagusi aurkitu ditugu kolektibotasuna aztertzean. Batetik, talde “tradizionala” deitu izan duguna aurkitu dugu non taldeak berak izango du garrantzia, hau da nukleo nagusia. Parte hartzea modu zurrunago batean ulertzen dute kideek, talde mota finkoagoa izango delarik.
Bestetik, talde eginkizunetan eta hauen kudeaketan partaide bakoitzak izan ditzakeen behar eta nahiak kontuan hartuko dituen “talde humanoa” (Medeak–eko kidearen hitzetan) topatu dugu. Talde mota hau malguagotzat jotzen dute partaideek.
Azkenik, zenbait taldetan, taldekide kopuru txiki batez osatzen den eta nukleo dinamizatzailea den “talde motorea” ikusi dugu.
‹‹Oier Azkarraga ikerketako egileetako batekin, elkarrizketa››