600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XC): Gernika

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskaldun askorentzako leku berezia da Gernika, esanahi askoko udalerria, eta oraingo honetan bisitatzeko toki aproposa dela iritzita, bertara joango gara. Tello kondearen monumentua. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)

Duela milaka urtetatik hautatu dute gizon emakumeek beren bizitokia Gernika inguru horietan paratzea; erakusgarri ederra dugu gure historiako harribitxia den Santimami?eko koba, Kortezubin. Goi Paleolitoko arrastoak topatu zituzten bertako paretetan 1916an, hain justu margo batzuk, eta hauek orduko bizimoduaren berri eskaini diete ikerlariei.

Gernika, herri bezala 1366an sortu zen Tello kondeak emandako hiri–gutunaren bidez. Ordutik, gorabeherak bizi izan ditu edozein herrik lez. Historian zehar, nekazaritzara dedikatu izan dira biztanleak, bai eta artisautzara ere ?zapatariak, errementariak, jostuna...; garai modernoagoetara jauzi egin eta XX. mendean industrializazioaren eraginez, lanbidez aldatu zuten herritar askok.

Ibilbide luzeko herri bizkaitar honek, tamalez ez ditu gordetzen antzinako arrasto ugari. Denok ezagutzen dugu arrazoia; Kondor legioak 1937ko apirilaren 26an Hitlerren aginduz eta Franco laguntzeko xedez, udalerriari airez egin zion eraso. Ordu gutxitan Gernika suntsiturik geratu zen; batzuek ihes egin ahal izan zuten mendietara, esaterako; beste askok baina, horrelako zorterik ez zuten pairatu eta gutxi gorabehera, 250 eta 300 hildako artean egon zirela diote adituek. Orduko propaganda faxistak errudunak errepublikarrak izan zirela zabaldu zuen hor zehar, eta haiek eman zioten su Gernikari, euren esanetan. Halere, asko izan ziren gezurra sinetsi ez zutenak, horien artean, Pablo Picasso artista, eta albistea ezagututa, esanahi berezia hartu zuen margoa sortu zuen: Gernika. Pasarte hartaz gehiago ezagutzeko, Bakearen Museora eta Gernika Gogoratuz elkartera jo dezakegu. Zin egiteko tenplua. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)

Gertaera latz horren ondoren, herria berreraikitzen joan ziren, poliki–poliki, eta egun topatzen dugun herri egitura eta arkitektura berria da batez ere, salbuespenen batekin, noski. Hala, gure bisitaldirako zenbait aukera proposatu gura ditugu jarraian. Andra Mari Eliza XV. mendekoa da, eta barroko eta pizkunde estiloak atzeman daitezke; Lumo inguruan, XVI. mendeko San Pedro eliza aurkituko dugu. Eraikuntza zibiletara salto eginez, XVIII. mendeko Alegria jauregia, edota XIX. mendeko Udetxea jauregia aipatu ?Urdaibaiko Patronatuaren egoitza jasotzen du bere baitan; eta beste makina bat eraikin.

Aipatu beharrekoa da, Gernikara gerturatzen diren bisitari askok ez dutela galtzen XIX. mendeko Batzarretxea eta bertan dagoen Gernikako Arbola famatua bisitatzeko aukera. Beste aukera bat, 1991an inauguratutako Europako Herrien Parkea deiturikotik buelta bat ematea interesgarria izan liteke; Txillida artistaren Gure aitaren etxea eskultura edota Henry Moorren Figura handia aterpean izenekoak begiztatuko ditugu, esaterako.

Historiaz zipriztintzeko aukera bikaina eskaintzen digu Bizkaiko txoko honek; bertaratu, ezagutzeak merezi baitu.

‹‹Orain arteko ibilaldiak››