600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gurea da munduaren erdia

FERNÁNDEZ, June

Kazetaria, Pikara Magazine aldizkariaren zuzendaria eta Mari Kazetari blogaren egilea



Martxoak 8ko (Emakumeen Nazioarteko Eguna) manifestazioaren bukaeran neska talde xelebre batek rap anarkofeminista moduko bat abestu zuen. Errepikan “gurea da munduaren erdia” oihukatzen zuten. Hain agerikoa den esaldi hori ez da tuntuna, oraindik ere gogoraraztea beharrezkoa dugu.

Bada, gero eta argiago daukat feministok genero berdintasunari lotutako gaiak hasieratik azaldu behar ditugula. Komunikabideetan “genero indarkeria” kontzeptua erabiltzen da, bere esanahia ulertu gabe. Indarkeria sexista estrukturala dela ez da azaltzen, bere iturria emakume eta gizonen artean oraindik ere esparru guztietan dagoen berdintasun ezan bilatu behar dugula. Ordez, “lakra” hitza erabiltzen da, zerutik erori zaigun gaitz bat balitz bezala. Jendeak uste du egun berdintasuna lortuta dagoela, eta indarkeria sexista oraindik konpontzeke dagoen arazo solte bat baino ez dela. Hainbat gizon zorok bere emakumeak jipoitzen edota erailtzen dituzte: hori da kontu guztia. Sexismoa gure baitan oso sakon errotuta dagoela onartzea baino ikuspuntu lasaigarriagoa da hori, duda gabe.

Emakumeak gizateriaren erdia garela askotan ahazten da. Orain dela gutxi zientziaren inguruko kongresu bat egin da Bilbon, Amazings deiturikoa. Hizlari guztien artean emakume bakar bat, eta gainera gizon eta emakumeen arteko desberdintasun biologikoei buruz aritu zena. Virginia Woolf idazleak XX. mendearen hasieran esan zuen estralurtar batek Lurra komunikabideen bidez ezagutuko balu, gure planetan espezie bakarra dagoela pentsatuko zuela: gizonezkoa. Gaur egun egoera ez da asko hobetu: titularren %30ean baino ez gara agertzen emakumeak bataz beste. Froga egin ezazu: egunkari bat hartu eta zenbatu zenbat argazki eta titularretan agertzen den emakumezkoren bat.

Emakumeok esparru publikoetan oraindik ere daukagun presentzia eskasak harritu beharko gintuzke; telebista jarri, Twitterrera konektatu edota edozein kongresutara joan eta paisaia beti ere maskulinoa dela ikusteak. Nahiz eta sare sozialak gizonek bezain beste erabili, blogari ospetsuenetako sailkapenetan ez da emakumerik agertzen. Internetek informazioa demokratizatzen zuela esan ziguten, baina emakumeak esparru horretan ere ikusezinak gara. Gogoratu Euskaltelen iragarki tamalgarria: “Los que viven en internet recomiendan Euskaltel”. Denak mutilak, neska frikirik ez balego bezala.

Genero berdintasunari buruzko jardunaldi askotan gertatu izan da publikoaren gehiengoa femeninoa izatea, baina eztabaida tartea hasterakoan, lehenengo galdera edo hausnarketa gizon batek botatzea. Askok diskurtso dotorea daukate, bai, guztiz feminista. Emakumeekin hori komentatzen dudanean, askok onartzen dute jendaurrean hitz egiterako orduan lotsa eta beldurra sentitzen dutela, ondo hitz egiten ez dutela uste dutela. Antza, feminismoari buruz aritzeko ere gizonek hobeto egiten dutela uste dugu. Gizon askok gure jabekuntza prozesuaren alde egiten dute, baina zaila da emakumeok denbora eta espazioaren erdiaren jabe bihurtzea gizonezkoek etengabe euren erdia baino gehiago betetzen badute.

Gure borrokarekin bat egin nahi badute (eta bat egin beharko lukete, berdintasuna guztion onurarako da eta) diskurtso gutxiago eta hausnarketa isil gehiago egin beharko lukete. Imajina dezatela nola den kaletik bakarrik ibiltzerakoan beldurra sentitzea; lankideen begirada lizunak sentitzea; orgasmo bat inoiz bizi ez izatea (bai, hori oraindik ere gertatzen da); bigarren mailako hiritarrak bezala tratatuak izatea. Eta gero eguneroko bizitzan aldatu dezatela: etxean garbitu, ohean neskalagunaren plazerean erreparatu, asanbladan edo Gabon Gabeko afarian gutxiago hitz egin.

Hala ere, Diana J. Torres Pornoterrorismo liburuaren egileak gure gaitz guztien errua Estatuari edo patriarkatuari leporatzearen jarrera kritikatzen du. “Arazoa uste baino askoz gertuago dagoela ulertu behar dugu. Borrokatzen dugun hori gure barnean, gure gorputzaren baitan, parasito bat bezala, errotuta egon litekeela onartuz gero gauza gehiago lortuko ditugu, edo gutxienez, askatutako lurralde batetik borrokatu ahal izango dugu. Lehenengo pausua, gurea den leku batetan bizitzea da”. Bidegabekeria global anitzak salatu behar ditugu. Gizonei ulertarazi behar diegu euren pribilegioei uko egin behar dietela. Baina Dianarekin bat nator: ez dugu besteen jokabidea gauzak ez aldatzeko aitzakia bezala erabili behar. Gurea da munduaren erdia. Guk geuk, emakumeok, hori benetan sinesten ez badugu, inork ez du sinetsiko.

http://junefernandez.net http://pikaramagazine.com