600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18
Julio Araluze bekaren bidez eginiko Eta gazteok zer? hausnarketaren emaitzak jendarteratu berri duzuela entzun dugu.
Bai. GITE–IPES elkarteak ematen duen laguntza da, zeinarekin Euskal Herriarentzat interes berezia duten gai historiko eta sozialak lantzen diren. Guk duela urtebete eskatu genuen laguntza, eman ziguten eta haren bidez burutu dugu ikerketa.
Euskal Herrian zentratu dugun lana da Eta gazteok zer? Euskal Herriko gazteon aldaketa eta joera sozio–politikoak. Sei pertsonen artean burutu dugu, Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko lagun bana eta Ipar Euskal Herriko beste bat. Hain zuzen ere, gazteei buruzko ikerketak helduek eginak zirela ikusten genuen, eta ulertzen genuen garaia zela euskal gazteok gazte bezala gertatzen zaigunari buruz ikertu eta hausnartzeko. Hori izan da motibaziorik handiena eta urtebete baino zertxobait gehiago eraman digu amaitzea.
Gainera, egileak gazte mugimenduan sartuta gauden gazteak gara, eta gazteen politikak egiteko formulak pilo bat interesatzen zitzaizkigun eta hortik abiatu gara. Soziologoak gaude, pedagogia eta filosofia ikasi duten lagunak... Esperientzia ezberdinak eduki ditugu orain artea eta horrek berezitasuna eman dio ikerketari, gaia lantzeko unean perspektiba anitzak eduki baititugu.
Esan duzun bezala, dagoneko aurkeztu dugu jendaurrean emaitza. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin ditugu aurkezpenak eta Lapurdin ere, Baionan egon ginen, Leioako kanpusean... Eta gazteok zer? ikerlanaren aurkezpena.
Euskal Herriko lurralde guztiak aintzat hartu dituzue, beraz.
Hala da. Ulertzen genuen Euskal Herria bere osotasunean hartu behar genuela ikerketan, baina gainera, bere baitan dauden egoera desberdinak aztertu behar zirela. Hain zuzen, lurralde osoan zer nolako gazteria dagoen eta zer nolako politika egiten duten ezagutzea garrantzitsua izan da.
Egun gazteriak politika egiteko orduan dituen praktikak eta nolako diskurtsoak erabiltzen dituen ikertzea izan dira gure ardatzak. Gaineratu nahiko nuke, ikerketaren emaitzari erreparatuz, ez dugula egin lurraldekako inolako banaketarik, Euskal Herria bat bezala hartu baitugu; hori bai, tokian tokiko azterketa egin da, herri ezberdinetako gazteekin bildu gara eta hogeita bost bat neska–mutilekin elkarrizketa sakonak egin ditugu.
Eta nolako gazteak topatu dituzue ikerketan zehar?
Esan dezakegu politika egiteko formulak asko aldatu direla azken urteotan. Baina bestaldetik ikusi dugu oraindik ere badagoela Euskal Herrian asko mugitzen den eta aktibismo eta politika egiten diharduen gazteria bat. Oso esparru ezberdinetan politikarako grina eta diskurtso anitzak aurkitu ditugu.
Azken urteotako politika egiteko moduekin alderatuta, egun dauden erak oso desberdinak direla argi geratu zaigu. Diskurtsoak aldatu dira, praktikak aldatu dira, baina horren guztiaren gainetik, politika egiteko gogoa geratzen da.
Lehen sarri militantziagatik egiten zen politika eta garaiak aldatu direla ere argia dago...
Iruditzen zaigu egun politika egiteko ulerkera ?dena da politika? dela, eta ondorioz, gazte orok politika bere praktiketan, hau da, bere egunerokotasunean egiten duela. Ikusi dugu halaber, eta oso ondo aztertu dugu, politika era tradizional batetan egiteko kezka galdu dela, bozka edo manifestazio bidez egiten dena, hain zuzen. Aldiz, sistemarekiko kritikotasuna ez da galdu.
Eta halere, gazteei askotan egozten zaie arduragabe izatea.
Bai, baina adibide moduan Maiatzak 15 (15M) mugimendua daukagu, eta argi ikusten dugu horren atzean grina dagoela eta baita bizi dugun egoera eta sistemarekiko desadostasun bat ere. Beraz, esango genuke ez dela jendeak paso egiten duela, baizik eta ez dakitela nola kanalizatu sentimendu hori.
Euskal Herrian oso aktiboa izan da gazte mugimendua hamarkadetan zehar, indartsua, ehunka eragiletan antolatzen zen eta beti egon da lan egiteko gogoa, eta hori mantentzen da; ezen, ororen gainetik antolatzen eta lan egiten duten gazteak badaude oraindik ere. Halere, 15M gisako mugimenduetan ikusten da, antolatuta egon ez den jendeak mugitzeko gaitasuna daukala.
Gazteek oihu egiten dute, baina norbaitek entzuten al ditu euren ahotsak?
Gizartea helduek gidatzen dute, eta gazteria izkina batetan dagoela eta kasu larregi ere ez zaiola egiten iruditzen zaigu. Aldiz, mugitzeko eta trena aurrera eramateko lan egiten duen sektore moduan ulertzen dugu guk behintzat gazteria.
Lehen aipatu duzu politikagintza bide tradizionaletan konfiantza galtzen joan direla gazteak. Hauteskundeak gainean ditugula eta, nola uste duzu erantzungo dutela gazteek?
Politika egiteko modu tradizional horretan beherakada eman dela argi ikusi dugu, bai. Baina aldiz, eguneroko praktiken bidez egiten dute egungo gazte askok euren aldarria. Adibidez, jarrera jakin batzuk hartuz.
Hauteskundeen harira, egia da geroz eta gutxiago sinesten dela hauteskundeetan, eta konfiantza hori askoz txikiagoa da alderdi politiko tradizionalei erreparatzen baldin badiegu. Baina gazteriak gauzak aldatu nahi ditu, eta horretarako bere tokia bilatu behar du eta bere formulak erabili behar ditu. Gazteriak ez du galdu sistemarekiko kritikotasuna.
Orduan, zeintzuk dira bideak?
Egunerokotasuneko borrokak. Agian ez dute sinetsiko lau urtetik behin alderdi bati botoa emateko sistema horretan, baina jarrera anti–konsumista batekin esaterako, egungo sistemari aurre egiten diotela sinesten dute; edota beganismoaren alde egonaz — hau da, animaliak errespetatzean oinarritutako bizimodua—, edota alderdi politikoak kontuan hartu gabe egiten diren praktiken beste makina bat adibiderekin.
Burututako azterketan badago deigarria suertatu zaizuen zerbait?
Ondorio ugari atera ditugu, eta horiek hausnarketarako gako gisa markatu ditugu. Esate baterako, aipatu dugun moduan politika egiteko erak aldatu dira, baina aldi berean garrantzitsua da ikustea balore pertsonaletan eman den eraldaketa. Izan ere, ohartu gara balore pertsonalak talde baloreen gainetik ipintzen direla geroz eta gehiagotan; baina bestalde, norbanakoaren baloreek taldekoarekin bat egitean, izugarrizko indarra sortzen dela ikusi dugu.
Bestalde, eta benetan interesgarria iruditu zaigu, beti lotu izan dela politika egitea militantzia zurrun bat eramatearekin, ludikotasun gutxirekin eta abar. Orain aldiz, bi gauzak uztartzen direla atzeman dugu, hau da, ongi pasatzea eta aldi berean politika egitea bateragarriak direla.
Gaztetxeak ditugu gazte mugimenduen adibide garbia eta Kukutza aipatu gurako nuke, urteetan kultura arloan lan handia egin izanak gazteengan bakarrik ez, belaunaldi ezberdinetan arrastoa utzi baitu.
Kukutza moduko adibideek gazteria antolatzeko oso gai dela erakusten dute, eta bestalde, ikusi dugu sistemak beldur diola gaitasun horri; bestela ulertezina da horrenbeste bizitza zeukan gaztetxe bat modu horretan eraistea. Gaztetxeak oraindik gazteak biltzeko eta lan egiteko esparru oso emankorrak izaten jarraitzen dute.
Sistemak gazte mugimenduetan daudenak kolpatzen ditu, boterea beldur delako gazte horiek izan dezaketen eragin eta indarraz. Horrela, gizartea aldatzeko lanean dabiltzanak jipoitzen dituztela ikusten dugu behin eta berriz, eta gainera, ondoren erabiltzen duten diskurtsoan esaten dute gazteak ez direla mugitzen, paso egiten dutela guztiaz... Kontraesanezko mezuak igortzen dituzte.
Hausnarketa honekin zuen harri koxkorra ekarri nahi izan duzue beraz, gazteen gaineko ikerketei.
Gaur egun euskal gazteria nola dagoen erakusten duen argazki bat ateratzea izan da gure xedea. Orain gazteriak hausnartu dezala nahi dugu, bai guk ateratako ondorioen gainean eta baita euren inguruan ikusten dituzten gakoen gainean.
Gogoetarako ordua iritsi dela iruditzen baitzaigu, eta garaia da gazteria indartsu eta aktibo bat aurkitzeko zer nolako formulak behar ditugun ikustea. Gazteria etorkizuna izango da, baina orainaldia ere badela ulertzen dugu, eta gaurko egunean borrokatzen dugu. Orain baita alternatiba eraikitzeko unea. Oier Azkarraga Grajales (Zuia, 1990) Oier Azkarraga Grajalesek Soziologia ikasten dihardu Bilboko Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondo ezagutzen du gazte mugimendua eta beste bost lagunekin batera Eta gazteok zer? hausnarketan parte hartu du. Gazteei buruz gazteek eginiko ikerketak, hausnarketara bultzatzeko xedea dauka.