601 Zenbakia 2011-11-18 / 2011-11-25
Mendiz inguratutako herria da gurea, eta gainera, itsasoarekin disfrutatzeko abagunean ere ematen digu Euskal Herriak. Surflariak Angeluko hondartzan. Argazkia: © Kepa Etchandy (3digitala)
Kantauri itsasotik kresal usaia iristen da Angelura, eta naturan bikain uztartutako udalerriko bazterrak ezagutu asmoz abiatzen gara Lapurdiko herrira. Biarritz eta Baiona artean kokatuta dago, eta gura izanez gero, bi horietara ere joan gaitezke aurrena. Baina helmuga nagusi izango dugu Angelu, bertako hondartzak, eta baita aintzira, eta basoak ere.
Handia da udalerria, eta nahiz eta urte gutxian asko eraiki den, paraje natural ugarirekin egingo dugu topo. Ezin dugu ahaztu Angeluk bisitari ugari jasotzen dituela urtero, eta ondorioz, bai biztanleengan pentsatuz, baina baita kanpokoentzako gozagarri, denok disfrutatzeko moduan dago antolatuta guztia.
Akaso tokiko txokorik deigarriena kostaldeko pasealekua da, lau kilometro eta erdiko ibilbide eder, eroso eta atsegina eskainiko digu. Amodioaren Ganbera izeneko auzunean utz dezakegu autoa gura izanez gero; dirudienez, izen bitxi hori XVII. mendeko gertaera batetik datorkio, hain zuzen, mareak gora egin eta bikote bat harrapatuta geratu zelako. Eta esan behar da, ibilbide polita dela itsaso albotik egin dezakeguna; hondartzak, dunak, surflariak... Eszena idilikoan, aktore ezberdinak aurkituko ditugu; hori bai, urtaro ezberdinen arabera, tokiko lasaitasun maila ere aldatu egin daitekeela ahaztu gabe. Estilo eklektikoan eraikitako Beatrix Enea.
Halere, Angelun bestelako txoko atsegingarriak ere zain ditugula iritsi zaigu belarrietara, eta haiek begiztatzeko tartetxo bat hartu gura izan dugu. Besteen artean, Izadia Natur Parkearen 14 hektareatatik osteratxo bat ematera animatzea abagune ederra izan daiteke bertako fauna eta flora ezagutzeko; gainera, bisitaldi gidatuak eskaintzen dituzte gura izanez gero. Egia da Angelun ikusteko moduko beste zonalde ugari dituela, eta horien artean bitxi eta polita, Txiberta lakua dugu, izen bereko auzunean.
Baina gure xedea bestelako bisitaldi bat egitea bada, hau da, arkitekturari erreparatzea, baditugu zenbait leku interesgarri: San Leon eliza XVI. mendekoa da, nahiz eta XX. mendean zaharberritu zuten; haize errota zahar baten aztarnak ere badaude udalerrian; edota estilo eklektikoan zein Art Decoan eraikitako etxebizitzak daude, askoren artean Brindos gaztelua edota Aguia Etxea.
Zer ikusi hautatzen duguna aukeratuta, ez da ideia txarra bizikleta gurekin hartzea, eta handik hona pedalei eraginez ingurugiroarekin gozatzea. Horrez gainera surf egiteko ere, jende askok hautatzen du Angelura joatea eskaintzen dituen olatuen fama medio; edota bainatzea erabakiz gero, nudista eta ez nudistentzako tokia ere badugu bertan...
Zergatik ez Angelura gerturatu eta bertatik bertara ezagutu?
‹‹Orain arteko ibilaldiak››