602 Zenbakia 2011-11-25 / 2011-12-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mehatxatutako fauna: Arrano beltza

EUSKAL HERRIKO NATURA



Zaila da arrano beltza gainerako arrano espezieren batekin nahastea, oso handia izateaz gainera (emeak arrak baino handiagoak) gorputzeko lumak hain dira ezberdinak heldu eta gazteen artean ezen behinola bi espezie ezberdin zirela pentsatu baitzen.

Helduen lumajea da, marroi argia, zenbait zuriunerekin hegalen azpian, arraun–lumen oinarrian zehazki. Garondoa eta hegalen aurrealdeko ertza urre kolorekoak dira, eta horregatik herrialde batzuetan urre–arranoa esaten diote. Mokoa beltza da eta atzapar zorrotzak sei zentimetro luze izan daitezke. Tartsoak, gorrixkak, lumaz guztiz jantzita ageri dira atzetaraino. Argazkia: CC BY — Adriana Cabrera Luque

Indibiduo gazteak, aldiz, ilunagoak dira, zuriune handiak dituzte hegalpeetan eta isatsa zuria da, muturrean zerrenda beltz zabala duela. Hegan egiten hasi berri diren arrano beltzen lumen kolorea aldatzen egoten da urteko mudan zehar, apiriletik azaroa bitartean, alegia.

Bizitzako bigarren urtean gazteen lumak argitu egiten dira tartsoetan eta isatseko zerrenda beltza ez da izaten heldutan edukiko dutena bezain zabala. Hurrengo urtean, hegalen aurrealdeko ertzak eta garondoa urre koloreko jartzen hasten dira eta isatseko zuriari zerrenda urdinak gehitzen zaizkio. Laugarren urterako ia–ia helduak bezalakoak dira, oraindik ere hegalpeko lumak zertxobait zuriagoak badira ere. Azkenik, bosgarren urterako helduen lumaje bera izaten dute. Biologia

Arrano beltza sedentarioa eta monogamoa da; ez du inoiz uzten ez bere lurraldea ez bere lagunak; bikoteak bizi osorako eratzen dira eta urte osoan zehar ehizatzen du. Bikote–laguna hiltzen zaionean soilik parekatzen da berriro, eta orduan ere lehengo fideltasunarekin eusten dio loturari.

Arrano beltzen zeloa neguan hasten da. Urtarril bukaerarako bikoteak eztei–hegaldietan izaten dira jada, airean planeatzen eta habia–eremuan barna batetik bestera ibiltzen, emeak arrautzak zein habiatan errungo dituen erabakitzeko. Izan ere, bikotea eratzen den urtean bi edo hiru habia egiten dituzte ?batzuetan baita gehiago ere?, eta urte bakoitzean batean ezartzen dira, txiten hazkuntzak uzten dituen hondakin ugariak ezaba daitezen. Behin habia hautatuz gero, otsail inguruan, gaitu eta atondu egiten dute zenbait astetan, eta martxo hasieran kopulatzen hasten dira. Aldez aurretik, arrak erakutsia dio emeari bere ahala amiltze–hegaldi arriskutsu, zigi–zaga ikusgarri eta noranahiko jauzien bitartez.

Emeak bi arrautza eliptiko erruten ditu martxo amaiera eta apiril hasiera bitartean, kolore zuri–kremakoak, irregularki pikarta marroiekin, 77 x 59 mm ingurukoak; arrautza batetik bestera lauzpabost egun igarotzen dira. Hala ere, gurasoek biak txitatzen dituzte errun eta berehala.

Umealdiak kale egiten badu, bikoteak habia uzten du eta urte horretan ez dio berriz ere ugalketari ekiten. Bi gurasoek txandaka txitatzen dituzte arrautzak 43 edo 44 egunez, baina emeak igarotzen du denborarik gehiena zeregin horretan. Hala, bata arrautzak berotzen ari den bitartean bestea janaritan aritzen da, zeren, gainerako eguneko harrapariek ez bezala, arrak ez baitio jaten ematen emeari habian arrautzak txitatzen dagoenean.

Lehenengo txitak arrautzaren oskola hausten duenean, ezer baino lehen janari eske hasten da, ahoa ahalik gehiena zabaltzen duela. Bigarren txita lauzpabost egun gero jaiotzen da, eta ordurako zaharrena nahikoa zaildurik, sendoturik eta gose egoten da jada senide gaztea habiatik botatzeko edo mokokadaka hiltzeko, edo behintzat ezer jaten ez uzteko.

Bigarren txiten herenak baizik ez du gainditzen jaio berritako zorigaiztoko etapa. Normalean kume bakarrak irauten du bizirik, eta gurasoek arreta handiarekin zaintzen eta elikatzen dute; harrapakinen bat ekartzen diotenean, haragi zati txiki–txikiak erauzi eta moko barruan sartzen dizkiote emetasunarekin. Hazi ahala, txita harrapakinak bere kabuz xehatzeko gauza da, eta ondorioz gurasoen joan–etorriak geroago eta bakanagoak dira. Orduan txitak denbora gehiago izaten du beste gauza batzuetan aritzeko, batez ere hegatzeko entseguak egiten eta gorputza hegan egiteko gogortzen eta trebatzen, hegalei eraginez eta jauzi handiak emanez, ordurako igartzen hasita egoten baita gurasoen habiako bizitza alai eta gozoa amaitu hurren dagoela.

Batzuetan, jauzi eta jauzi ibiltzean kementsuegi aritzen da eta habiaz kanpo amaitzen du; lehenengo hegaldia ustekabean hasteko modua izaten da. Bestela, aipatua bezalako ezusterik gertatu ezean, kumeak 80 egun dituela egiten gu lehenbizikoz hegan. Dena den, hegaldiaren abiatzea ez da inoiz ere borondatezkoa izaten; aitzitik, arrano gazteak ez du izaten beste aukerarik, gurasoek ez baitiote jaten ematen, berak etsipen–garrasiak behin eta berriz egin arren.

Lehenengo hegaldian gurasoak lagun izaten ditu kumeak. Haiek habiaren lurraldea erakusten diote eta ehizari buruzko lehenengo irakaspenak ematen dizkiote. Hegaldi horren ondoren, arrano–kumeak ezin egon izaten du luzaroan habian bizitzaren jokorako trebatzen. Izan ere, gurasoek eztei–jokoetan hasten dira berriro eta lurraldetik egozten dute. Ordutik aurrera hortik hona ibiliko da. Heldu arte, gurasoen habiara itzultzen da noizean behin. Helduaroan, jaio den lurraldetik hurbil kokatzen da; izan ere, arrano beltza bizitza osorako dago atxikita bere sorterriari, bikotea osatutakoan lagunari atxikita egoten den bezala. Elikadura

Arrano beltzaren janaria bizi den habitataren araberakoa da. Hots, Mediterraneo aldean narrastiak dira beraren dietaren osagai nagusiak, untxiz eta erbiz osaturik. Eskozian, aldiz, gallinazeoak ditu ohiko harrapakin, eta Alpeetan marmotak harrapatu ohi ditu zenbait hiletan. Beraz, esan daiteke hegaztiak, ugaztunak eta narrastiak jan ohi dituela batik bat, denetarik.

Inoiz animalia handiagoak ere ehizatzen ditu, esaterako ardi, basahuntz eta sarrio gazteak. Batzuek uste dute animalia helduak ere hiltzen dituztela, halakoez elikatzen ikusi izan baitira, baina oker daude, ez baitira izaten beraiek hilak. Saiak bezala inoiz haratustelez ere elikatzen dira; nolanahiko animalia hilak jaten dituzte, oso ustelik egon arren. Ehiza–jardunaldia egunsentiarekin batera hasten da; arranoa airean gora abiatzen da zirkuluka, bere lurraldea oso goitik behatu ahal izateko.Harrapakinen bat ikusiz gero, lehenbizi lurrera gerturatzen da ezustean harrapatzeko, eta gero altuera txikian jazartzen zaio, lurraren gorabeherei atxikiz. Habitata

Habia egiteko harkaitza malkarrak (gutxitan egiten gu habia zuhaitzetan) eta ehiza–eremu zabala (100 kilometro karra turik gorakoa) eta larre eta sastraka ugarikoa behar ditu eta.

Nafarroan badaude bikote batzuk habia zuhaitz zaharretan egiten dutenak, baina Euskal Herriko bikote guztiek hautatzen dituzte haitz labarrak. Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen katalogoan espezie gisa ageri da.