602 Zenbakia 2011-11-25 / 2011-12-02
Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrirako eguna da. Mundu mailako ospakizuna, herrialde ezberdinetan sakabanatuta, euskal sentimendua barnean daramaten emakume eta gizonek gure hizkuntzaganako daukagun maitasuna hor zehar hedatzekoa.
Abenduaren 3a ospakizun, aldarrikapen eta era berean, salaketarako eguna ere bada. Normalizazioaren bidean lanean dihardutenek, eta oro har, euskaraz bizi nahi baina ezin dutenek aurkitzen dituzten trabak jendarteratu eta egoera aldatzeko exijitzeko eguna.
Atzera begiratuta, eta XX. mendeko erdialdean geratuz, Eusko Ikaskuntzako orduko kideek jakin bazekiten gure hizkuntzari bultzada berezia eman behar zitzaiola, eta modu horretan egin zuten premia horren adierazpena 1948an, eta urtebetera berriz, Euskararen Nazioarteko Eguna munduko bazter ezberdinetan ospatu zen aurrenekoz.
Frankismo garaiak gogor astindu zuen gizartea orokorrean, eta euskaldunak ere ez ziren libratu; ideiak eta kultura zapaltzen saiatu ziren, eta hainbat tokitan lortu arren, gogor eutsi zioten askok euren bizimoduari, ezkutuan izan arren. Diktadura amaituta, ordura arte klandestinitatean eginiko lana beste eremu publikoago batetara eraman zuten orduko euskaltzaleek; eta teorian legezkotasunetik at egoteari utzita, gogor ekiteko ordua iritsi zitzaien.
Euri asko egin du ordutik, eta duela 36 urtetako egoerarekin alderatuta, inork gutxik esan dezake gauzak hobetu ez direnik. Halere, garai hartan egun pertsona askori falta zaien zerbait zegoen, militantzia. Lasaitasun egoera batetan sartuta dirudi jendarteko sektore batek, eta euskararen erabilerari garrantzia handirik eman gabe, ez dute ahotan hartzen herri honen aberastasunetariko bat den hizkuntza.
Eta okerrena, hitz egin nahi dutenei ateak ixten zaizkiela, eta ondorioz, elebidun izateak sarriegitan euskal hiztunek galdu beharra adierazten du. Horregatik, abenduaren 3ari oraindik ere, esanahi berezia eman behar zaio, jendeak ikus dezan hizkuntza bat badela, bere egoerak kezkatzen gaituela, eta oro har, gure etorkizuna kolokan ipintzen dela euskara baztertzen dugun bakoitzean.
Euskara sustatzeko ekimenak hamaika dira. Gutxi batzuk aipatzearren, teknologia berrietan sare sozialak euskaratzeko ahalegina egin da; aisialdia euskaraz bizitzeko udalerri ezberdinetan lan egiten dute euskara eta gazte elkarteek; erosketak egiterako orduan, dendariari aurreneko hitza gure hizkuntzan egitera animatu dugu jendartea; medikuntza euskalduntzeko kanpaina abian da...
Eta guzti horretaz gainera, abenduaren 3a egunero izan behar lukeenaren kontzientzia hartu beharko genuke, egunero goraipatu, erabili eta maitatu behar baitugu gurea dena. Egunero baita Euskararen Eguna.