Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Mikel Soto. (Txalapartako editorea): Editoreok badakigu zerk funtzionatzen duen eta hortik ateratzea kostatzen zaigu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argazkiak: Mikel Sotok utziak
Txalapartaren sorrerara bidaiatuta, argitaletxea hutsuneren bat betetzeko jaio zela suposa genezake, ezta?
Diozun bezala, hutsune bat ikusten zutelako jaio zen Txalaparta. Nahiko modu bitxian izan zen gainera, fundiziotik zetozen bi langileren eskutik eman baitzen; hain zuzen, Joxe Mari Esparza eta Juanjo Marcok Pasaiako Luzuriagan egiten zuten lan eta aukera eduki zuten kaleratu eta kalte–ordain moduko bat jasotzeko. Ordurako, esperientzia zeukaten Altaffaylla Kultur Taldearen bidez eginiko Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua egin baitzuten —eta nahiz eta Txalapartarena ez izan oso garrantzitsua da argitaletxearen ibilbidean. Mikelen aurretik editore (eta maisu) izan zen Eider Rodriguezekin. Argazkia: Mikel Sotok utzia.
Liburuan Nafarroako fusilatuen zerrendak ematen ziren, eta bi lagunak buru–belarri aritu ziren egiteko horretan. Orduan, hutsune bat ikusi zuten saiakera eta memoriaren esparruko lanei zegokienez, eta abagunea zeukatenez argitaletxe bat sortzeko, asmo horri heldu zioten. Ondorioz, hasierako inpultsoa memoria, historia eta politikari oso lotuta egon zen.
Beste edozein proiektuk moduan, hasieran lan lerro eta helburu batzuk finkatuko zituzten.
Helburuak ibilian zehaztuz joan zirela esango nuke, eta sekula ez zuten imajinatuko gaur egun dugun argitaletxea izatera hel zitekeela, bai kalitate aldetik eta bai eskaintza aldetik ere. Beti kontatzen dute Orreaga saila bakarrik existitzen zenean eta euskal saiakera sortzean, pixka bat bazen ere, politikarekin lotura zuten literatura lanak kaleratzeko asmoa adierazi zuteneko pasarte bat. Hain zuzen, erredakzio kontseiluan Gioconda Belliren La mujer habitada liburua argitaratu edo ez bozketa bidez erabaki zuten, eta batzuk kontra eta besteak alde agertu ziren; eta pentsa, liburu hori Txalapartaren historian gehien saldu den liburua dugu, 50.000 kopiatik gora! Noski, oso garrantzitsua izan da bai prestigio aldetik, baina baita ateratako diruari esker, beste proiektu asko eta asko ateratzea ahalbidetu duelako.
Bestalde, edizio munduan sartu ahala iruditzen zait aukera ezberdinak ikusiko zituztela, baina baita behar batzuk ere. Niri ere gertatzen zait orain, hau da, ingurura begiratu, zer egiten den ikusi eta iruditzen bazait nik bete dezakedan hutsune bat dagoela, bide berri bati ekiten diot. Uste dut haiei ere berdina gertatzen zitzaiela.
Argitaletxeak filosofia propio bat daukala esango zenuke?
Askea eta independentea da Txalaparta, eta politikoki oso markatuta egon arren, gauza batzuetan ez litzaiguke horren markaturik ikusi beharko. Beti diogu argitaletxearen ildo editoriala bere idazleek zehazten dutela.
Besteen artean, Unamuno, Joseba Sarrionandia, Pio Baroja, Iñaki de Juana Chaos, Nelson Mandela, Iñaki Anasagasti edota Aguirre Lehendakaria aurkitzen ditugu, eta horiek guztiak Txalapartaren ildoaren baitan ikusten ditugu; ez akaso obra osoa, baina bai lan puntualak. Unamuno izan daiteke adibiderik garbiena; euskalduntasunarekin harreman gatazkatsua izan zuen, baina Paz en la Guerra nobela oso ona da, eta garaiko euskal gizartearen erretratu oso ona egiten du.
Beraz, esango nuke nahiko esparru zabala hartzen saiatzen garela, nahiz eta gero, pertsona batzuek identifikatzen gaituzten ideologia batekin. Mikel, Jose Mari Espaza, Txalapartako zuzendariarekin. Argazkia: Mikel Sotok utzia.
Beste ezaugarri bat, harpidetza bidez lan egiten duzuela da.
Bai, eta gainera, ia–ia hasieran hartu zuten horrela lan egiteko erabakia. Adierazi dugun moduan, hutsune bat zegoelako sortu zuten argitaletxea, eta liburuek funtzionatzen zutela ikusi zuten. Orduan, ziurrenik beste garai batekoa zen filosofiari heldu zioten; hau da, euskal irakurleen parte handi batek liburu jakin batzuk eskuratu nahi baditu, ordain ditzala. Eta horretarako irakurleekin harreman bat edukitzera animatu ziren, eta gainera, zer nolako liburuak nahiko lituzketen interpretatzea ere bilatzen zuten. Eta konfiantza hori eskuratuta, harpidedunei gustuko liburuak eskaintzen hasi ziren eta bide horretatik oso ongi joan zaigu.
Gainera, hasiera–hasieratik dauden harpidedun batzuek fideltasunez jarraitzen dute gaur egun ere Txalapartako parte izaten. Eta ez pentsa, bitxikeriak ere topatzen ditugu; besteen artean, Espainian baditugu euskarazko liburuei harpidetutako pertsonak, nahiz eta gure hizkuntza ulertu ez. Orduan, zergatik harpidetu? Ba diotenez, aukera dutelako eta euskara jakin ez arren, guk horrelako liburuak argitaratzeko aukera izan dezagun nahi dutelako.
Eta azken finean hori da filosofia, ongi dago horrelako liburuak argitaratzea, beraz, goazen guztion artean mantentzera.
Halere, suposatzen dut kate–erreakzioa modukoa izango dela, hau da, harpidedunek krisia garaian poltsikoa estutu behar badute, zuek nabaritzea ondorioak...
Bai, harakinak edo ile–apaintzaileak nabaritzen duen bezala, guk ere igarri dugu. Eta gainera, gertatu zaigu urte asko gurekin daramatenek baja eman behar izatea, eta batzuk gainera, azalpenak emanez etortzen zaizkigu; normalean, denbora batez eteten dute harpidetza, bueltatzeko esperantzarekin.
Guk beti diogu, Txalaparta ez litzatekeela gaur egun dena bere harpidedunengatik ez balitz. Dena zor diegu haiei, eta jendeak daukan hurbiltasun eta fideltasun maila ikaragarria da. Kanpora azokatara goazenean hau kontatzerakoan, beste editoreek esaten digute ez dakigula zer daukagun eskuartean.
Lan ona egiten duzuen seinale!
Bai, zentzu horretan ez dago zalantzarik horrela dela, eta oso polita da.
Irakurri dudanez, urtean 30–40 liburu artean argitaratu izan dituzu, baita krisi garaietan ere?
Pentsatu genuen krisi garaian titulu gutxiago argitaratzea, baina liburuak heldu eta onak direnean, oso zaila da atzera botatzea. Beraz, izenburu kopurua gutxi jaitsi dugun arren, tiradak txikixeagoak dira, eta horretan findu dugu. Lehen agian ez ginen ausartzen mila tirada baino gutxiagoko eskaria egiten, eta orain zifrak murriztu ditugu pixka bat.
Bestalde, azal gogorrean —batez ere, euskaraz— eta bigunean argitaratzen ditugu liburuak eta aldaketa bat eman da lan egiteko moduan. Lehen — kalitatea ez zitzaigulako gustatzen— ezinezkoa ikusten genuen azal bigunean edizio digitala edo eskari bidezko inprimatzea delakoaren aritzea. Orain aldiz, bide hori baliatzen dugu eta horri esker ale bakarra, hamar edo hogeita hamar ere eskatu daitezke. Eta oso garrantzitsua da, alde batetik katalogoa bizirik mantentzeko balio duelako eta bestetik, liburu batek funtzionatuko duen ala ez jakin gabe, tirada neurtuz ziurtasunez jokatzeko aukera ematen digulako. Eta tamaina txiki eta ertaineko argitaletxeoi produkzioa mantentzen laguntzen digu horrela jokatzeak. Durangoko Azokan, Porrotxekin. Argazkia: Mikel Sotok utzia.
Bestalde, Euskal Herrian bai, baina nazioartean ere ba omen zabiltzate elkarlanean Editoriales Independientes izenarekin...
Urte asko daramatzagu nazioarteko azoketara joaten, eta horrelakoetan, beti jende berdinarekin elkartzen gara, eta konturatu ginen kezka berdinak genituela, eta katalogoak konparatzeari ekin, gauza interesgarriak elkartrukatzen hasi eta azkenean batera zerbait egitera animatu ginen.
Gainera, Txalaparta finean, sindikalgintzan mugitzen zen jendearen ekimenez sortu zen eta esentzia hori mantentzen dugu, eta ahaztu gabe, batasunak beti indarra egiten duela. Modu horretan sortu zen Editoriales Independientes. Lau argitaletxe gara: Mexikoko Era, Uruguaiko Trilce, Chileko Lom eta gu geu. Nabarmentzekoa da Txalaparta guztien artean herrialdearekiko proportzioan txikiena da. Haiek handiak dira eta oso garrantzitsuak, eta guk asko ikasi dugu beraiei esker.
Esaterako, katalogo batetik zein bestetik gauzak hartu ahal izatea erraztu digu; edo idazle handi batek liburu bat argitaratu behar duela jakin eta banan–banan joanda akaso ez digu kasurik egingo, baina guztioi interesatuz gero, lurralde ezberdinetan argitaratuko dela ere ziurtatzen diogu eta baiezkoa lortzeko aukera gehiago izan dezakegu; edo liburu digitalen gainean bakoitzak egiten duen lana ezagutu eta ikasteko aukera eduki dugu...
Aipatu duzunez: liburu digitalak eta Txalaparta. Nolako erlazioa aurkitzen dugu bien artean?
Frogatxoak egiten dihardugu, nahiz eta ez dugun ezer merkatura atera momentuz. Ez dugu aparteko presarik. Ongi dago egitea, baina epe motzean ez du ekonomikoki bestelako ezer ekarriko; eta gainera, zalantza piloa dauzkagu batez ere bi konturi dagokienez: salneurria eta DRM delakoarekin argitaratzea —hau da, eskuratzen duzun liburuaren kopia gailu ezberdinetan erabiltzeko ahalmena.
Eta bi gai horiek nola dauden ikusten aritu gara, eta ia–ia erabakiak hartuak ditugu, eta agian datorren urterako liburu kopuru majo batekin agertzeko aukera edukiko dugu.
Txalapartak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen du eta zure arloa denez gero, nola ikusten duzu euskarazko liburuen panorama?
Gauza batzuetan, geldi. Arriskatzeko oso gogo gutxi dago, dela gai edo formatuari dagokienez, eta editoreok badakigu zerk funtzionatzen duen eta hortik ateratzea kostatzen zaigula esango nuke. Egile batek nobela entregatu, argitaratu eta bilduma batetan sartu eta horrek balio duela badakit, baina zerbait berritzaileak dirua eskatzen du eta ez dakigu zer nolako emaitza ekarriko duen. Apustua egiteko beldurra daukagu orokorrean. Argazkia: Mikel Sotok utzia.
Adibidez, orain Telezailak izeneko liburua argitaratu berri dugu, euskaraz orain arte egin ez den zerbait, eta gazteleraz edo ingelesez erostera behartuta zeuden interesatuak. Ez dakit 5000 irakurle izango dituen, baina 800 badaude horrelako produktuak eskaintzen hasi behar gara, bestela normala da irakurleak erdaratara jotzea.
Uste dut argitaletxeetan autokritika espiritua eta esperimentatzeko gogoa eduki beharko genukeela. Euskal Herrian hamarkada bakoitzean argitaletxe berri bat sortu izan da, eta horrek beti ematen dio bizitasun maila bat euskal literaturari. Azken aldian produktu falta igarri dut, eta ea astindu gogor bat ematen digun norbait datorren eta mugitzen garen! Oso garrantzitsua da, eta editore gaztea izateak akaso ezinegon hori sortzen dit; eta gustatuko litzaidake berritasun horiek iristea, benetan.
Animatu orduan!
Bai, bai, eta egia esan, nahiko pribilegiatua sentitzen naiz aspektu horretan, gauzak egin ahal izan ditudalako. Baina azken finean enpresa baten jarduteak horretarako babesa eman arren, ezin dugu ahaztu jende gehiagorekin ari garela lanean eta nolabaiteko errespetua ere ematen duela hanka sartzeak.
Halere, esan behar dut daukadan esperientziagatik ikusi dudala, euskal irakurleari zerbait berria ematen diozun bakoitzean funtzionatu egiten duela. Adibide moduan, Paul Austerren Kristalezko hiria nobela grafikoa argitaratu nuenean beldurra neukan komikiek ez dutelako erantzun oso ona izaten, baina bikain funtzionatu zuen; berdin Irati Jimenezen Atsekabe zaitut liburua ilustratu nahi izan genuenean; edo gai aldetik berezia den Telezailak liburuak harrera oso ona eduki du...
Beraz, animatu egin behar gara, produktuak ez dira defizitarioak eta irakurleak eskertu egiten ditu berritasunak.
Argitaletxeentzako azokak ere garrantzitsuak dira, eta derrigorrez, Durango aipatu behar dugu.
Nobedade piloa eramango dugu aurten ere. Azken finean lehen esan bezala, izenburu ugari kaleratzen jarraitzen dugu aurten ere, eta egileek ere Durangon egon nahi dute bere liburuarekin... beraz guk ere berritasunak edukiko ditugu!
Gainera, guretzako oso garrantzitsua da Durangoko Azoka. Mundu mailan azoka askotan egon gara, eta benetan diot ez dagoela Durangokoa bezalakorik, ez tamaina ez eta salmentei dagokienez. Bestalde, asko hobetu dute antolatzaileek urteekin. Askok esaten dute salmentetara mugatzen dela, baina nik bestelako oroitzapena daukat, musika oso presente dago kafe antzokia dagoenetik, adibidez. Ahotsenea sortu zutenetik ere, liburu eta diskorik garrantzitsuenak aurkezten dituzte bertan eta publikoa bertaratzen da, euren idazle edo artista kuttunak ikus–entzutera...
Eta nik baikortasunez begiratzen diot azokari. Bestalde, orain daukan tamaina oso polita iruditzen zait editore eta bisitariarentzako.
Editore zaren aldetik, gomendio bat eskatuko dizut amaitzeko. Norbaitek liburu bat bere kaxa idatziko balu, eta nora jo ez badaki, zer egin beharko luke?
Zerbait idatzi baldin baduzu, utzi pixka bat deskantsatzen eta hile batzuetara berrartu testua, berriz irakurri eta zuzendu; eta horren harira, egin ahalik eta zuzenketa gehien eta ondoren lagunei banatu irakur dezaten eta euren iritzia zein den ezagutuko duzu modu horretan. Nik beti diot, azken finean editorea irakurle nahiko kabroia dela, eta irakurle batek pentsa dezake pasarte bat ez zaiola gustatzen baina editoreak idazleari esan egiten dio.
Bestalde, garrantzitsua da pentsatzea liburuak non izan dezakeen tokia; adibidez Txalapartara olerki liburu batekin etorri zitzaigun behin pertsona bat, eta argitaletxeak ez du horrelakorik argitaratzen, eta noski, ezezkoa izan zen erantzuna! Beraz, aurretik katalogoa begiratu eta non egon nahi duzun ikusi.
Oro har, idatzitakoa asko landu eta ez entregatu erdipurdi dagoen proiekturik; ahalik eta amaituen eraman eta nahiz eta gero ere lan egin beharko den, errazagoa izango da bidea. Mikel Soto (Iruñea, 1978) Nafarra da Mikel Soto, iruindarra. Historian lizentziatu zen. Bere anaia Iñakirekin batera Unamunoren biografia idatzi eta argitaratu zuen; horrez gainera hainbat antologia egin ditu editore gisa. Izan ere, azken sei urteak egiteko horretan dihardu Txalaparta argitaletxean eta euskarazko liburuen ardura du bere gain.