604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16
Suge lerden eta sendoa da. Buru txiki samarra baina ongi garatutakoa dauka, ezkata leunez eta begi–nini biribilduko begi irtenez horniturikoa. Arrak emeak baino handiagoak dira, neurriz.
Ofidiorik ikusgarriena jotzen da, ageri dituen kolore deigarriengatik. Heldutasuna erdiestean, lau urteko bizia duenean gutxi gorabehera, bi kolore izan ditzake: berde horixka eta beltza. Suge berde horixkek, dagokien izenak ondo adierazten duenez, hondo hori berdexka ageri ohi dute, zirrinta edo marra arre edo beltz berdexkez ilundutakoa; sabelaldea horixka edo berdexka dute, puntutxo ilunez zipriztindurikoa zenbaitetan. Jantzi beltza dutenek, kolore beltz edo belzkara ageri dute gorputzaren goiko aldeetan, eta grisaxka beheko aldeetan. Suge gazteek helduek baino kolore grisaxkagoa dute bizkarraldean, eta hori eta beltz biziz zipriztinduta egon ohi dira.
Gorputzaren erdialdean, bizkar–ezkatez osaturiko hemeretzi ilara ageri dituzte, 180–230 sabel–ezkata inguru, isats–azpiko 87–130 ezkata pare, eta zortzi ezpain–gaineko. Biologia
Negu parteko lozorroa amaitu ostean, apiril aldera, elikatzen hasten da, eta handik hilabetera hasten dira parekatzeen aurretiko errito–borrokak —maiatzaren hasieran edo erdialdea; baina eguraldia aurkako bada, ekainera arte atzera daitezke. Suge arrak bortizki borrokatzen dira orduan; bortizki kolpatzen dira elkar, krudelki kosk egiten diote elkarri, eta isatsa astinduz zigor galantak ematen dizkiete batzuek besteei.
Garaileak garondotik edo lepotik kosk egiten dio emeari, gero isatsarekin kiribildu eta estali egiten du. Hilabete baten buruan, ekainaren erdialdera, arrautzak erruteko toki egoki baten bila hasiko da emea, harkaitz arteko arrakaletan, eta landarediaren ezkutupean geratzen da harrizko murruetan.
Errunaldi bakoitzean 5–15 arrautza inguru izaten dituzte, 20x35–40 mm inguru neurtzen dutenak; arrautza–oskolek marrazki bat dute ezaugarri eta hilabete eta erdi edo hilabete biren buruan zabaltzen dira. Kumeak irailean jaiotzen dira, eta 20–24 cm inguru izaten dituzte luzean. Intsektuez elikatzen dira: batik bat matxinsalto handiez, saurioen arrautzez eta sugandila txikiez. Elikadura
Ehiztari nekaezina da eta ikusmenari esker hautematen ditu bere harrapakinak. Ehizaki handiak hertsaduraz akabatzen ditu —itotzeraino estutuz— eta gero oso–osorik irensten ditu.
Jatun ikaragarria da eta ondokoak ditu elikagai: ugaztun txikiak —saguak, satitsuak— txoritxoak eta txorikumeak —zuhaitz artean dabilelarik harrapatzen baititu—, muskerrak eta sugandilak, ziraunak eta beste hainbat suge kalte bako, beraren espeziekoak barne. Noizbehinka, halere, aspis sugegorriak eta igelak ere harrapatzen ditu. Habitata
Interes bereziko espezietzat jotzen du Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoak. Habitat ugariko ofidioa da, toki lehorretan eta landaredi joria ageri dutenetan bizi da batik bat, esaterako: mendi–mazela eguzkitsu eta arrokatsuetan, zuhaixkez jositako esparruetan, basoen mugaldeetan, eta baita otalur hezeetan ere. Habitat horietan, lurzoruan geratu ohi da, edota zuhaitz gainetako adar artera igotzen da eguzki berotan egotera. Aise igotzen da zuhaitzetara, eta haietantxe eman dezake egun osoa; suge oso zuhaiztarra da, beraz.
Eskuarki ura saihesteko joera du, baina arriskuren baten mehatxupean sentituz gero, azkar askorik murgil egiten du uretara edo zeharkatzen du edozein ur korronte. Hedapena
Suge berde horia Euskadin bizi direnetarik urrienetakoa da. Gipuzkoako ipar–ekialdean baino ez da ageri, eta Leitza aldeko baso hosto erorkorretan. Eguneko sugea da, zalua eta lasterra, Europa erdialdean duena jatorria. Arriskua
Gure basoetako suge berde horiak 90–115 cm bitartean neur ditzake luzeran, isatsa barne; batzuetan, ordea, metro eta erdi edo metro bi ere izan ditzake. Suge ipurtarina eta oldarkorra da oso. Edozein areriok enbarazu egiten diolarik, gizakia tarteko, berehala aurpegi ematen dio eta bortizki kosk egiten. Bere koskada mingarria bada ere, ez da arriskutsua inolaz ere.