604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ispiluz bestaldeko ezezaguna

GALDOS, Aintzane



Begiratu zenuen ispilura, eta ez zenuen ezagutu bertan agertzen zen irudia. Urteak zeneramatzan zinena aldatu nahian, eta oharkabean ailegatu zen egun hori. Argazkia: CC BY — Edwart Visser

Pertsona arrotzak zuzen–zuzen begiratzen zizun begietara, ezuste eta beldur begirada nabaritu zenion. Ezin zinela zu izan pentsatzen zenuen, halere, barrenean jakin bazenekien zeure isla zela kristalaz bestaldekoa.

Kafkaren kontakizunean bezalaxe, metamorfosia jasan zenuen; “gaitzerdi, ez naiz zomorro bilakatu,” pentsatu zenuen. Eta hasi zinen ezezaguna esploratzen; eskuarekin aurpegia ikertzen hasi zinen, poliki: begiak hondoratu xamar, ezpain finak, begi inguruko ximurrak, ile beltza desagertuta...

Ez zen esperotako aldaketa; baina aurreneko inpresioa pasata, zure izate berria onartzen hasi zinen, ezinbestean. Baina nolabaiteko beldurra ere sumatu zenuen, izan ere, zure bizitzako bidaia–lagunaren erreakzioa nolakoa izango zen jakin ezinik zengoen. Atea ireki eta gelan sartu zinenean, han zegoen bera, ohean etzanda. “Normala, gaueko ordu txiki hauetan!”

Isil–isilik, bere alboan eserita, loak hartu zintuen, ametsetara zuzenean bidaiatuz. Eta berriz izan zinen haur, berriz jolasten zenuen amaren etxepean, lagunekin. Zoriontsu zinen, bizitza guztia aurretik zeneukala sinetsita, beldurrik sentitzen ez zuen gaztea.

Biharamunean, zugan ohikoa zen bezala, iratzargailuak jo aurretik jaiki zinen, komunera joan, aurpegia garbitu eta begiratu zenuen ispilua... “Nor da aurrean dudan hori? Nor da agure hori?” Eskuek dar–dar egin zizuten.

Minuturo, bizitzak noranzkoa aldatzen du, eta gaixotasun madarikatua diagnostikatu zizutenetik ez da erraza nondik nora eramango gaituen jakitea. Baina lasai laztana, zure alboan izango bainauzu gau eta egun, zurekin abentura berriak konpartitzen.