605 Zenbakia 2011-12-16 / 2011-12-23
Zer ari da egiten zure moduko arrasatear bat Palestina aldean?
Ikasketak amaitu eta kanpora joatea erabaki nuen. Ekialde Hurbilak eta berriemaile lanak beti interesatu naute, beraz, Palestinako erakunde batekin harremanetan jarri eta bertara etortzea erabaki nuen, kazetari bezala lan egitera eta arabiera ikastera. Azkarra izan zen guztia.
Historia ikasten ari nintzela, Islamean eta deskolonizazio prozesuetan oinarrituriko irakasgai bat aukeratu nuen eta guztiz txundituta geratu nintzen. Ordura arte nahiko ezezaguna zen gaia, eta izugarrizko kuriositatea piztu zitzaidan hemengo kultura, erlijio aniztasuna eta politika hurbiletik ezagutzeko. Negev desertuko beduinoekin. Argazkia:Idoia Orbea.
Ikasitakoa eta zuzenean ikusitakoa ez da berdina izango. Nolako inpresioa eduki zenuen iristerakoan?
Iazko urrian iritsi nintzen lehen aldiz Belenera, Palestinako berri agentzia batentzat lan egitera. Jerusalemera iritsi bezain pronto, arriskutsua zelakoan bertara ez hurbiltzeko esan zidan Israelgo taxi gidari batek.
Horrelako lurralde txikian bata bestearengandik guztiz isolatuta bizi diren Palestinako eta Israelgo gizartea parez–pare ikustea izan zen gehien harritu ninduena. Bestetik, gogorra izan zen palestinarrek egunero pairatu behar duten okupazioaren indarkeria ikustea.
Herrialde ezberdin batetara iritsita, eta kulturalki ere bestelakoak izanda, bitxia suertatu zaizun zerbait egongo zen, ezta?
Bai. Kultura nahiko desberdinak dira, beraz, beraien ohituretara ohitzea izan da bitxiena. Erlijioak ezinbesteko rola jokatzen du, bai Palestinako baita Israelgo gizartean ere, eta pertsona asko, eredu erlijiosoaren arabera bizi dira. Oso bitxia da oso erlijiosoak direnek nola jokatzen duten ikustea.
Bestetik, lagunarteko harremanak ezartzeko moduek asko harritu naute. Palestinako lagunek esaten didate euskaldunak pixka bat zakarrak garela, ez dugulako “mesedez” eta “eskerrik asko” hitzak asko erabiltzen, eta batzuetan zuzenegiak garelako. Beraz, nire moduak pixka bat lixatzen ikasi dut.
Hedabideek albiste txarrak emateko joera dute, eta Palestina ingurutik ere horixe iristen zaigu normalean?
Palestina, okupazio militarraren pean dagoen herria da, eta beraz, gogorra da egoera.
Baina egia da hedabideek, oro har, palestinarren inguruko “perfil” desitxuratua eraiki dutela, terrorismoari eta indarkeriari estuki loturik dagoena. Hori biziki nabaritzen da jendearen erreakzioetan, gehienek uste baitute tokia arriskutsua dela. Egunerokotasunean, berriz, lasai–lasai bizi gara.
Duintasuna eta askatasuna aldarrikatuz bizitzan aurrera egiten saiatzen ari den herri batekin egin dut topo. Banaketa harresia, Belenen. Argazkia: Idoia Orbea.
Freelance moduan lan egiten diharduzu, zer esan nahi du horrek?
Finean, langile autonomo bat naiz, eta nire artikuluak, erreportajeak edo kronikak eskaintzen dizkiot erosi nahi dituen hedabideari. Beraz, egiten dudan pieza bakoitzeko kobratzen dut, eta ez nago inoren kontratupean. Palestinan, halere, Berriarekin eta Euskadi Irratiarekin dihardut, batik bat.
Batzuetan ekintza dezente dago eta asko egiten dut lan. Epe lasaiagoetan, berriz, zailagoa da saltzea, eta maiz, itzultzaile bezala egiten dut lan. Ez da profesio erraza, eta krisi ekonomikoak oraindik eta gehiago okertu du egoera.
Freelance izatearen alderik positiboena da zu zarela zure buruaren arduraduna eta auto–ikaskuntza landu behar duzula. Baina horrek ere badu bere alde negatiboa. Zure kontu aritzean, zure buruari eskatu behar dizkiozu kontuak, eta askotan zaila da, galduta eta bakarrik ere senti zaitezkeelako. Halere, niri biziki aberasgarria iruditzen zait. Belengo Aida iheslarien guneko harresiaren zatian eginiko murala. Argazkia: Idoia Orbea.
Eta nolakoa da zure egun bat Palestina aldean?
Normalean, goizean goizetik tarte bat hartzen dut egunkari digitalei errepaso bat emateko, eta albisteen arabera, proposamenak bidaltzen ditut. Ondoren, aurretik elkarrizketaren bat edo loturik badut, bertara hurbiltzen naiz. Eta ekimen, elkarteratze edo prentsaurreko baten berri izanez gero, hara joaten naiz. Kuxkuxera gisa aritzen naiz askotan.
Arabierako klaseak ere jasotzen ditut, beraz, geratu gabe joaten da eguna. Halere, ia asteroko joera dira ustekabeak, inoiz ez baitakizu zer gerta daitekeen. Eta sumatuz gero ere, zaila da noiz geratuko den iragartzea. Beraz, batzuetan oso zaila da astea antolatzea.
Oro har, esango nuke Palestinan epe motzeko planik ez egiten ikasi dudala, eta egunerokotasunean bizitzen saiatzen naiz.
Trabarik eduki duzu handik hona lanean aritzeko?
Freelance lana ez da bat ere erosoa, beraz, zenbait eragozpen izatera ohitu behar dugu, batez ere, burokratikoak. Ekialde Hurbilean lan egitean, mugimendu askatasuna da trabarik handiena, mugen, check–pointen eta bisatuen funtzionamendua dela eta. Askotan, herrialde bateko zigilua izanez gero, ezinezkoa da beste batean sartzea, eta beraz, burua astindu eta alternatiba bila aritu behar dugu gehienetan. Juduak Aieneen Harresian errezatzen, sabbaten. Jerusalem. Argazkia: Idoia Orbea.
Bizitza ordenatu bat eramatea eta erregulartasun bat izatea gustatzen zaizkionari ez nioke lan hau gomendatuko. Trabak eta tentsioa ondo kudeatzen dakizkienarentzat, berriz, primerakoa da!
Beraz, esango zenuke bokazioa beharrezkoa dela modu horretan aritzeko?
Ilusioa, behintzat, beharrezkoa da. Bokazioa izan daiteke lagungarria, neurri batean, baina ez du ezinbesteko ezaugarria izan behar. Nik, desilusio dezente izan ditut gure profesioarekin, baina lehenago edo beranduago berriz ere beregana erakartzen nau. Istorioak bilatu eta kontatzeko grina izan behar da, eta hemen makina bat topa daitezke.
Freelance moduan zabiltzanean, inpartzialtasun puntu bat eduki behar da? Nola lortu hori?
Kanpoan lanean ari garen freelancek edo berriemaileek saiatu behar dugu leku horretako begirada bat eskaintzen. Baina begirada hori propioa da, bakoitzak berea du. Bestetik, uste dut objektibotasuna auto–zentsuraz jantzi dela azkenaldian. Oreka beharrezkoa da, baina kontuz objektibotasuna aldarrikatzen denean. Nik, ikusten eta entzuten dudanarekin zintzo jokatzea dut helburu.
Zerbaitetan aldatu al zaitu bizipen honek?
Oro har, esango nuke heldutasun profesional eta pertsonal gehiago eskuratuko dudala. Asko ikasten ari naiz profesioaz, master bat bezalakoa izaten ari delako. Poliki–poliki bagabiltza, batzuetan asmatzen eta beste batzuetan, berriz, akatsak egiten.
Ikuspuntu pertsonalari dagokionez, bizitza osoan nirekin eramango dudan esperientzia bat izaten ari da. Ezagutzen ditudan pertsonek eta bizi ditudan pasarteek izugarri betetzen naute. Toki honek daukan energia sekulakoa da! Deskribatzeko oso zaila da bizipena, baina zalantza barik, orain arte izan dudan aberasgarriena da.
Epe motzera zertan ikusten duzu zure burua?
Egiten ari naizena egiten jarraitzea da epe motzera neure buruari ezarri diodan xedea, eta horretan dihardut. Ez dut besterik eskatzen! Ane Irazabal (Arrasate, 1984) Ane Irazabal Elkorobarrutia arrasatearra da. Aurrena, Historia ikasi zuen EHUn, eta ondoren, Ikus–Entzunezko Komunikazioa Mondragon Unibertsitatean. Tartean, urtebetez izan zen Italian, Erasmus bekarekin eta beste urtebetez Ingalaterran, karrera amaierako proiektua burutzen. Orain eta 2010etik Palestina aldean dabil freelance bezala bertatik freelance berriemaile moduan.