605 Zenbakia 2011-12-16 / 2011-12-23
Arratia aldea bisitatu genuen aurreko batetan; kasu hartan baina, Lemoa, Areatza eta Dimatik pasatu ginen; oraingoan Arantzazun hasi eta Igorre aldean amaituko dugu gure proposamena. Arantzazuko udaletxea.
Bizkaiko eskualde honetara gerturatuta, toki lasaietan barneratzen garenaren sentsazioz janzten gara, turismoa egin eta paraje ederrarekin disfrutatzen dugun bitartean. Gaurkoan, euren artean sei kilometro inguruko distantziara dauden bi udalerritara gerturatuko gara, eta Arantzazun emango diogu hasiera txangoari.
Arantzazu herri txikia da; XX. mendera arte bertako herritarren ekonomia nagusia nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen zen batez ere, eta gainera, basoak ikazkintzarako baliatzen zituzten. Halere, garaiak aldatuz joan ziren, abeltzaintzak nabarmen egin zuen behera urteekin; ondorioz, arantzazuarrek beste bide batzuetatik ateratzen dute gaur egun bizimodua.
San Pedro eliza ikustera joan gaitezke bertaratuz gero; estilo neoklasikoa dauka eta 1828. urtean altxatu zuten, nahiz eta badirudien, zenbait daturen arabera, aurretik toki berean XVII. mendeko beste eraikin bat zegoela. Horrez gainera, San Fausto ermita, Udaletxea, Atutxa Etxea, Zelaiko Zubia zein Errotalde errota ikustera gerturatu gaitezke. Helmugara bidean
Igorre zain dugunez bertara ipiniko dugu gure noranzkoa, eta modu horretan eskualdeko bigarren leku txikienetik, herririk handienera lekualdatuko gara. Aspalditik ezagutzen ditu gizakiak ingurune hauek, gertuko hainbat eta hainbat kobatan topatu baitira duela milaka urtetako aztarnak, dela Goi Paleolitikoak zein Neolitikokoak. Igorre. Argazkia: CC BY — Asier Sarasua Garmendia
Azken mendeetan zenbait gertakari jazo dira herriaren historian. Jauntxoen eskuetan geratu ziren denbora luzean elizateko jarduera politikoak; gainera, XVII. mendean ganboatarren bandoan kokatu zen Igorre. Gerra Zibila hastearekin, errepublikarra izan zen udalerria, harik eta 1937ko ekainaren 15ean egoera aldatu egin zen.
Bisitaldiari ekin eta aurrena bertako eraikin erlijiosoak aipatuko ditugu, ez baitira gutxi. Andra Mariren eliza 1208an eraikitako altxorra da; ermitak ere ugari topatuko ditugu, batzuen artean, San Andres (VIII. mendea), San Kristobal (nahiz eta X. mendekoa izan, oso eraberrituta dago), San Migel (XIII) edota San Antolin (XVII).
Ezin aipatu gabe utzi bestelako eraikin zibilak: XVIII. mendeko Vidosola jauregia, XVIII. mendeko hainbat etxebizitza, eta historiaz beteriko baserri ederrak — Ibarrondo (XVI), Basarrate (XVII), Orue (XVI)...
Pintore batek moduan eman ditugu guk ere paraje haietako zertzeladak; zergatik ez zara animatzen koadroaren barruan sartu eta tokiak bertatik bertara bisitatzera?
‹‹Orain arteko ibilaldiak››