605 Zenbakia 2011-12-16 / 2011-12-23
Bergarako Elikagaien Bankuan boluntario diharduen Luis Mari Belastegiri biltegi hauen funtzionamenduari buruzko elkarrizketa egin diogu. Luis Mari Belastegik boluntario moduan dihardu Bergarako Elikagaien Bankuan.
Elkarteak izenik badauka? Elikagaien Bankua da, ez dauka izen zehatzik.
Nola funtzionatzen du elkarte honek? Mutil batek kamioia hartu, eta beste lagun batekin elkartu ostean, Arrasateko Eroskira joaten dira. 10:00ak aldera joan behar izaten dute, langileak 6:00etan sartzen baitira lanera, eta lau ordu inguruko tarte horretan, apal guztiak txukuntzen dituztelako (iraungitzear dauden produktuak eta abar baztertzen dituzte).
Kamioia kargatu eta biltegira ekartzen dute. Hemen deskargatu, pisatu, produktu guztiak mahai batean jarri eta aukeraketa egiten dugu. Iraungitze data aldetik ondo begiratu beharra daukagu, jogurtak eta honelako gauzak ere batzen ditugulako. Egoera txarrean dauden paketeak konpondu beharra ere izan ohi dugu, eta balio ez duten produktuak, pasatutakoak eta kolpatutakoak, esaterako, zaborrontzi batera botatzen ditugu.
Aukeratu eta gero, nota hartu, elikagaiak beraien lekuetan jarri eta ohar horiek ordenagailuan sartzen ditugu. Oiartzunen dago ordenagailu nagusia eta Bergarak harekin konexioa dauka, datuak bidaltzeaz gain, bertan zer dagoen jakiteko. Guk hemen zerbaiten falta izanez gero, eta bertan balego, eskatzeko bidea izango genuke.
Egindako guztia modu formal batean egiten da. Dena kontabilizatzen da: zer sartzen den, zer irteten den eta zakarrontzira zer botatzen den. Kontrol hori garbi–garbi eraman behar dugu.
Nondik datozkizue elikagaiak? Lehenik eta behin, Elikagaien Bankua zer den argitu beharko nizueke. Elkarte honetan almazen ugari ditugu, eta biltegi hauetan janak batzen dira. Elikagai horiek leku desberdinetatik datozkigu, esate baterako, industrietatik. Hauek programa bat egiten dute eskaera konkretu batekin. Adibidez, 1000kg txokolate eskatuz gero, eta industria batek hori baino gehiago ekoizten badu, egiten duten txokolatetik soberan dutena, aparte uzten dute, eta gero elkarte honi ematen diote. Txokolateaz gain, askotariko produktuak jasotzen ditugu: olioa, ur minerala, haurrentzako janaria, babarrunak, arroza, kakaoa, kafea azukrea, zerealak, gozokiak... Biltzen ditugun produktu horiek guztiak bi motatakoak izan daitezke, galkorrak edo galtzen ez direnak. Hori garrantzitsua da, industriak galtzen ez diren produktuak ematen baitizkigu.
Elikagaiak lortzeko beste sistema bat ere badaukagu. Azken minutua deritzo, eta hau Arrasateko gazte batzuekin egindako proiektu bat da. Beraiek jana nondik hartu pentsatzen ari zirela, ideia hau otu zitzaien: gure inguruan dauden Eroski, Dia, Super Amara, Super BM eta honelako supermerkatu handietatik lortzen ditugu janak. Lehenago esan dudan bezala, beraien produktuekin selekzio bat egiten dute, eta aukeraketa horretan, komeni ez zaizkien produktuak bereizten dituzte. Proiektu hau sortu baino lehen, guztiak zakarretara botatzen ziren, eta orain, berriz, aparteko leku batean uzten dituzte, ondoren guk batu ahal izateko.
Kanpainak ere egiten ditugu, duela gutxi, hemen inguruan antolatu genuen bat. Ni Super Amaran egon nintzen, eta jendeak bere produktuak utz zitzan leku bat hartu genuen, eta bi egunetan, gutxi gorabehera, 1200 kg batu genituen. Kuriosoa da jendea nola animatzen den, beraien erosketak egin ostean, besteentzako zerbait uztera. Honetaz gain, beste elikagai banku batzuetatik ere lortzen ditugu janak. Oiartzunen da Gipuzkoako elkarte honen zentrala, berau da biltegi nagusia, eta Europako erkidegoak bertara elikagai kilo mordoa bidaltzen ditu, galtzen ez diren produktuak, betiere. Kontuan hartu beharra dago, Gipuzkoaz gain, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta beste leku askotan daudela honelako biltegiak, eta noski, beraien artean produktuak banatzen dira. Adibide bezala, hemen azukre asko baldin badaukagu, eta beste nonbaiten gutxiegi, bertara eramango da. Bergarako Elikagaien Bankuan erabiltzen duten orgatila.
Beraz, produktuak industriatik, azken minututik, kanpainetatik eta beste elikagai bankuetatik datoz. Hauetaz gain, beste baliabide batzuk ere baditugu; adibidez, duela gutxi, Eskoriatzako baserri batekoek porruak soberan zituztela eta zer egin ez zekitela deitu ziguten, ea jasotzeko prest egongo ginatekeen galdetuaz. Bertara joan eta porruak bildu genituen. Noizean behin, honelakoak ere gertatzen dira. Hala ere, ez da dirurik ezta edari alkoholikorik biltzen, bakarrik beharrezkoak diren elikagaiak.
Oiartzunek, adibidez, 2009an guztira jasotako 760.245 kg–etatik, 490.000 Europako erkidegotik jaso zituen, 87.000 azken minututik, 25.000 kanpaina bidez eta 36.000 beste elikagai bankuetatik.
Nola sortu da Elikagaien Bankua Bergaran? Hemengo batek, Oiartzungo beste batekin harremana zeukanez, eta Bergara inguruan beharra ikusten zutenez, bertan jartzea erabaki zuten. Gauza da, lehen, Bergaratik Oiartzuneraino bila joan behar izaten zutela, eta noski, normalean, hilean behin edo birritan izaten zen. Beraz, Bergaran bertan elikagaien banku bat jarriz gero, errazagoa izango zela uste zutenez, proiektu honekin hasi ziren. Bergaran bezala, inguruko herriek ere proiektu honi hasiera eman zioten.
Inguru hauetan beharra dagoela uste duzu? Bai, eta asko. Eta orain gehiago, krisia dela eta ez dela.
Ba al daukazue lanerako lokalik? Bai, San Juan auzoan daukagu, 200 m2 inguru dituen biltegi bat lehen enpresa batena zen eta orain guk daukagu han. Apal batzuk jarri dituzte, bulego bat, hozkailu handi bat, eta orain izozkailu bat ipintzeko asmoa dago (Fagorri eskatu diote, oraingoz baiezko moduan erantzun dute, agian, zerbait egongo delakoan daude). Darabilgun produktuen arabera, gailu honen beharra baitago.
Dagoeneko, instalazioa eginda dago. Bertarako, orgatila bat ere badaukagu, hiru pisutako apalak baitauzkagu eta produktuak alde batetik bestera eraman beharra izaten dugu. Goian paleak daude, eta behean, eskuz hartzeko produktuak.
Nolatan hasi zineten lan honetan? Ba, norbaitek deitu, eta, “zer Luis Mari, prest zaude zerbait egiteko?” Beno, jendeari laguntzeko, zergatik ez? Eta guztiok honelaxe, nik gero beste lagun bati, besteak hari.... Hori bai, lan honetan dihardugun gizon–emakumeon ia erdiek beste motatako ekintza batzuetan jardun dugu, beti egon gara nonbaiten sartuta, zerbait egiten...
Zenbat kidek hartzen duzue parte? Batak besteari deitzen hasi ginen, notizia zabaldu beharra zegoela, eta oraingoz 60 bat lagun elkartu gara.
Jende falta dagoela uste duzu? Bai, agian bai, jende gehiago balego, bakoitzarendako lan gutxiago egongo litzateke.
Gure asmoa taldeka lan egitea da. Momentu honetan sei taldetan banatuta gaude eta talde bakoitzak ardura bat dauka. Era honetan, talde bakoitzak astean behin edo birritan egingo du lan, nik, adibidez, 9:00etatik 13:00era egiten dut. Hortaz, zenbat eta jende gehiago, hobeto, talde gehiago egiteko... Jubilatuok ere, gauza bategatik edo beste bategatik, beti ezin izaten dugu. Erantzukizuna hartzea nahi dugu, betiere, geure bizitza pertsonalak lehentasuna duelarik, hau da, lehenengo gure bizitza, eta gero, lana.
Euskal Herrian noiztik dago Elikagaien Bankua? Ez dakit, ba, Oiartzungoak 5–6 bat urte daramatzalakoan nago.
Denbora asko eskaintzen al diozue? Ez, agian, badago ordu gehiago sartzen duen jendea, baina nire konpromisoa astean egun batekoa da, nahiz eta batzuetan zertxobait gehiago egin.
Diru laguntzarik izaten al da? Nondik? Bai, guk ez dugu inolako dirurik jartzen, eta gastu guztiak, hozkailua, konponketak, mantentze lanak, alokairua, komunikabidea, erregaia, elektrizitatea, asegurua... Foru Aldundiak ordaintzen ditu, Zerbitzu profesional independenteak ere bai, adibidez, inguruko herrietako banaketak egiteko, hiru boluntario bakarrik dauzkagunez, zenbait kasutan, lanerako jendea kontratatzen dugu.
Nola egiten duzue banaketa? Banaketarako orduan, elkarteek jo behar dute guregana. Elkarte horiek, erregistratzeko, CIF deritzon baimen bat izan behar dute. Udaletxeak ere jo dezake geuregana, laguntza soziala daukatelako. Elkarte bakoitzak laguntzen duen pertsona kopuruaren arabera egiten ditugu banaketak. Gehienetan, talde berdinak datoz, baina talde berriek ere izena eman dezakete. Guk paper bat ematen diegu, beraiek datuak bertan ipintzeko. Hori bete, eta baldintza minimoak betetzen baditu, baiezkoa eman eta fitxategian gordetzen dugu.
Elkarte bakoitza berari aurrez ezarritako asteko egunean etortzen da biltegira. Guk aurrez paketetan prestatzen ditugu produktuak, baina ez edozein pakete, denetik sartzen diegu. Pakete hauek hartu eta pisatu ondoren, ordenagailuko zerrendatik kentzen dira. Orain, paketeak eramateko prest daude eta gure banaketa lana bertan bukatzen da. Hala ere, noizean behin talde horiek gure produktua jendeari nola eskaintzen dioten begiratu behar izaten dugu. Kontrol moduko bat da. Hori inportantea da, eurek ere ondo funtzionatzen duten jakiteko. Beraiek jendeari banatzeko orduan, jendeak norberaren datuak, NAN zenbakia edo izena eman behar du, ez errepikatzeko. Bestela, errazena hartu eta berriz itzultzea da. Askotan hori gertatzen zen, 11:00etan hartu eta gero 12:00etan berriz. Eta ez, hori banatu egin behar da.
Pentsatu al duzu etorkizunerako proiekturen batean? Ez, etorkizuneko proiektuak zuentzako, gazteentzako, beste proiektu batzuk asmatu beharko dituzue... (barrezka)