605 Zenbakia 2011-12-16 / 2011-12-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Elikagaien biltegien nondik norakoak

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko lantaldea

Jone Agirrezabal, Julen Markez, Maddi Mujika, Alazne Murgizu, Igor Olañeta, Jon Zabala



Elikagaien Biltegia jende behartsuari bizitzeko beharrezkoak dituzten elikagaiak lortzeko aukera emateko sortu da.

Komertzio handiek saldu ezin dituzten produktuak bota ordez, elikagai biltegiak biltzen ditu, ondoren banatzeko. Gure gizarteak urte asko daramatza teknika honetaz baliatzen Amerikatako emakume bat irtenbide honetaz ohartu zenetik; bere bederatzi haurrak elikatzeko irtenbide bat topatu nahian, biltegi handiek botatako elikagaiak etxera eraman zituen. Gehienetan, produktu hauek jangarriak izaten dira, eta hauek aprobetxatzeko era bat besterik ez da “elikagai biltegi” izena eman zitzaion proiektuari. Denbora pasa ahala, ekintza hau zabaldu egin da inguru guztietan.

Esperientzia orain dela 40 urte heldu zen Europara. FEBA (Federación Europea De Bancos de Alimentos) izenez ezagutzen da 1986ko irailean sortutako elkartea; 224 biltegik osatzen dute, Europako 18 herrialdetan banaturik daude, eta 6.406 boluntariok eramaten dute aurrera. Biltegiek 25.000 benefizentziazko elkarteri banatzen diete elikagaiak, hauek 4.300.000 pertsonei bana diezazkieten. Guztira, urtean gutxi gorabehera 274.000 tona elikagai eskaintzen dira, 521 milioi euroko balioa dutenak.

Pobreziaren arrazoiak asko dira. Elikagai Biltegiek pobreziak gehien astinduriko taldeak laguntzen dituzte, ondoko grafikoan ikusten den bezala:

Ekintza Europara ekarri zenean, oso azkar garatu zen. Gaur egun, Frantzian, esaterako, 72 biltegi daude, leku desberdinetan banaturik.

Europako biltegien jardunbidea, biltegi bakoitzeko boluntario guztien artean presidente bat hautatzea da, biltegiaren kontrola eraman dezan, eta presidente guztien artetik, presidente nazional bat, “Federacion de Bancos de Alimentos de la Unión Europea”–ko organizazioaren ordezkari izango dena. Elikagaien biltegi bat.

Europan, 76 milioi pertsona pobrezian bizi dira, eta horietako 30 milioi behar bezalako elikadurarik gabe. FEBAko 224 elikagai biltegien helburua Europako pertsona hauei dieta duin bat eskaintzea da. 2009an, FEBAk 328.720 tona elikagai pilatu zituen (720 milioi euro). Hau 25.900 elkarteen artean banatu zen, 4.7 milioi pertsona elikagaiz hornituz.

Europako Elikagaien Biltegien Federazioa, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Danimarkan, Estonian, Frantzian, Alemanian, Grezian, Hungarian, Irlandan, Italian, Lituanian, Luxenburgon, Montenegron, Holandan, Polonian, Portugalen, Serbian, Eslovakian, Espainian, Suitzan eta Erresuma Batuan dago, eta Bulgarian, Kroazian, Mazedonian, Errumanian, Eslovenian, Suedian eta Ukrainian proiektu hau garatzea proposatu da.

Espainian ere badaude hauetako biltegi batzuk. Madrilen, hain zuzen, 41 daude eta jende asko mugitzen da proiektua aurrera eramateko, ez bakarrik pertsonak, baita industria eta beste biltegi edo komertzioak ere. Bertako funtzionatzeko modua Europakoaren eta Ipar Amerikakoaren oso antzekoa da, hau da, boluntarioak prest agertzen dira laguntzeko, eta modu honetan, gosea desagertzen laguntzeko. Nahiz eta honelako biltegi mordoxka bat egon, probintzia bakoitzeko biltegi zentralak finkatzen dira, horrela, probintziako beste biltegien lana murriztuz.

Gipuzkoan ere proiektu hau martxan da 1997ko azaroaren 3tik. Duela 5–6 urte Oiartzunen sortu zen biltegi bat, eta Gipuzkoako biltegi zentrala izendatu zuten. Elikagaiak biltzeaz gain, trukeak ere egiten ditu Euskadiko Elikagaien Bankuen Federazioarekin, Espainiakoarekin eta Europakoarekin. Gipuzkoako bankuek, 2010ean, 166 erakunderen bitartez, 956.387 kilo elikagai banatu zituzten 16.000 pertsonen artean.

2011ko apirilean Bergaran zabaldu zen biltegi berri bat. Biltegi baten premia ikusten zen, eta Oiartzunekoarekin kontaktuan jarriaz, Bergaran eraikitzea erabaki zen. San Juan auzoko pabiloi batean kokaturik dago eta 200 m2–ko azalera hartzen du. Inguruko herrietan 2500 biztanle elikatzen ditu jadanik.

Banku hauek, boluntarioen laguntzaz, jendea gosetik ateratzen ari dira esfortzu minimo bat eginez. Denok lagun dezakegu horrelako biltegi batean.