559 Zenbakia 2010-12-17 / 2010-12-24

Artisautza

César Alcoz. Forjaketa artistikoa eta berriztapena: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Prozesua

Gehienetan, burdina gozoa erabiltzen du, F-112 edo F-116 izenekoa, eta, batzuetan, eraitsitako eraikin zaharretako burdina. Bigarrenari dagokionez, Lizarra aldeko lagunek ematen diote horrelako materiala erosteko aukeren berri, baina normalean burdinaren kalitatea txarragoa izaten da, eta gehiago kostatzen zaio lantzea.

Behin elementua diseinatutakoan, lehengaia prestatzeari ekiten dio, xafla, haga, hagatxoak edo dena delakoa zatituz.

Errementariaren funtsezko lehen zeregina lehengaia, burdin metal gogorra, elementu moldagarri bihurtzea izaten da. Horretarako, burdina goritu edo berotu egin behar izaten da, biguntzeko, sutegiaz eta egur-ikatzaz baliatuta. Césarrek propano gasa erabiltzen du, azkarragoa eta garbiagoa iruditzen zaiolako eta metalaren tenperatura hobeto kontrolatzen duelako.

Errementariak koloreari erreparatzen dio metala noiz bigundu den jakiteko, eta, prest dagoenean, moldatzen hasten da, gabiarekin edo ingudearekin. Beharrezkoa bada, pieza berriz berotzen du.

Hurrengo urratsa objektuaren piezak edo atalak itsastea izaten da, galdaketa, soldadura, torloju edo errematxe bidez, beharraren arabera.

Pieza bukatu ondoren, argizari-geruza eransten zaio, itxura distiratsu erakargarria izan dezan. Kanpoaldeko piezei berniz iragazgaitza ere ematen zaie, ez ugertzeko. Beharrezkoa ez bada, ez zaio gustatzen burdina pintatzea eta berezko kolorea ezkutatzea.

Tailerrean lanabes guztiak ditu: zinta-zerra, metalezko trontzatzeko makina, mahai gaineko zulagailua, esmerilagailu elektrikoa, soldagailua, propano gasezko sutegia, ingudeak, erauzgailuak, gabi pneumatiko txiki bat, konprimagailua, polipastoa, etab. Horiez guztiez gain, mailuak, kurrikak, taielak, puntzoiak eta beharrezko gainerako erremintak ditu.

Césarren zehaztasunak atentzioa ematen dit. Tailerra oso argitsua, garbia eta txukuna da, eta lanabes bakoitza bere tokian dago. Ezaugarri duen perfekzio-nahia lanean eta tailerrean ere islatzen du.