
Artisautza
César Alcoz. Forjaketa artistikoa eta berriztapena: Produktuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Césarren eskuek ezin konta ahala elementu sortzen dituzten arren, erakusketa ikusiz gero, denak lan orijinalak direla egiaztatuko dugu, ia ezinezkoa baita bi pieza berdin aurkitzea.
Honako lan hauek egiten ditu, besteak beste: apaingarriak, aldabak, pareta-argiak, atrilak, balkoiak, aulkiak, bisagrak, botilategiak, ohe-buruak, mahaierdikoak, iltzeak, eguzki-loreak, lanparak (era eta tamaina guztietakoak), apalak, ispilu-markoak, mahaiak, suburdinak, kako-altzariak, txaletetarako ateak, leihoetarako burdin hesiak, liburu-euskarriak, kandela-oinarriak, eserlekuak eta haize-orratzak.
Beste alderdi bat ere jorratzen du: berriztapen-lanak, are garrantzitsuagoak, nire ustez. Askotan, burdin hesiak, balkoiak edo antzeko osagaiak eramaten dizkiote, berrizta ditzan. Batzuetan, piezak garbitu eta muntatu egin behar izaten ditu; beste batzuetan, garbitu eta osatu. Zenbaitetan, atalen bat berregitea egokitzen zaio, jatorrizko itxura emateko. Horretarako, antzinako materialak eta forjaketa-teknikak zehatz-mehatz ezagutu behar dira, eta, noski, funtsezkoa da gustu ona eta gauzak moldez egiteko gaitasuna izatea.
Hona hemen gure gaurko artisauak egindako berriztapen-lan batzuk:
- Lekeition, Sosoaga jauregiko balkoiak.
- Orozkon, Bengoa jauregiko burdin hesiak eta balkoiak.
- Era guztietako burdinazko piezak (bisagrak, iltzeak, morroiloak, aldabak...) berriztatu, berreskuratu eta berregin ditu eliza ugaritako ateetarako.
Produktuak tailerrera joaten dien partikularrei saltzen dizkie nagusiki, eta artisautza tradizionalaren edo burdinaren inguruko zenbait azoka berezitara ere joaten da. Artisautza-azoka orokorrak ez ditu gogoko, “edozer saltzen delako”.
Oro har, artisautza-azoketan pieza txikiak saltzen ditu: liburu-euskarriak, apaingarriak, etab. Altzari handiagoak nahi dituzten bezeroak tailerrera joaten dira, eta, Césarrekin batera, kasuan kasuko enkargua aztertzen dute. Bezeroari tailerreko zerbait gustatzen bazaio, artisauak piezari moldaketa-lanak egiten dizkio, bezeroak nahi dituen ezaugarriak edo tamaina emateko. Bestela, diseinatu, aurrekontua finkatu eta sortu egiten du.